Emakumeak elkarteetara!

Haizea Eiguren (Azpeitiko Bilgune Feministaren izenean) 2010ko urt. 18a, 12:01

Azpeitiko emakumeok, gure gogo eta gorputzak kantinera eta abanderaden postuetan soilik kokatzeari utzi eta espazio guztietara hel gaitezkeela erakutsi dugu urteetako borrokaren ondorioz. Horregatik, egun emakumeok herriko danbor talde guztietan irteteko eskubidea lortu dugu, nahiz eta oraindik emakumeon parte-hartzea gizonezkoena baino askoz baxuagoa izan.

Danborra jotzen irteteko aukera dugun arren, ordea, zoritxarrez 2010.urtean ere parte-hartze eskubidearen alde jarraitu beharra dugu. Izan ere, danborraren atzean elkarteak daude, eta elkarteen atzean, oraindik gehiengo handi batean gizonezkoa dago boterean. Nola ulertu behar dugu bestela herriko hainbat elkartetan gertatzen dena: elkartean emakumeak parte hartu edo ez erabakitzeko elkarteko kideek (gizonezkoek) bozkatzea?... Bozka, emakumeok parte hartu edo ez erabakitzeko? Nola ulertzen da hori? Eta oraindik larriagoa dena, emaitza entzutean: "Emakumeek ezin duzue parte hartu elkartean! Ezezko borobilak irten du bozkan!". Lotsagarria, lotsagarria eta lotsagarria.

Berdintasunean bizi garela sinestarazi nahi diguten arren, adibide honek garbi erakusten digu, gizona dagoen botere espazio batzuetan emakumeak ez duela aukera berdintasunik, eta aukera izan edo ez bozka bidez erabakitzen dela. "Tradizioz horrela egin da", entzunda ixilaraziko gaituztelakoan?...

Eta instituzioak? Zer asmo dute instituzioek honen inguruan? Non gelditzen da horrenbeste aldiz azpimarratzen duzuen berdintasun legea?Alferrik ditugu gauzatzen ez diren horrenbeste lege.

Emakumeok betebehar bat dugu hemen. Bakoitzak bere elkartean borrokatu behar dugu. Tradizioari aire berri bat emango diogu, eta gure oinarrizko eskubideen alde borrokatuko dugu, guztion artean danborra jotzeko eskubidea lortu genuen bezala, elkarteko kide izatea ere lortuko dugulako. Eta, horrela, pixkanaka-pixkanaka arlo desberdin guztietan gurea dena lortu arte.

Bukatzeko, dei egin nahi diegu herriko emakumeei danborradan irtetera. Jaiak gureak ere badirelako, kalea gurea ere badelako eta, batez ere, emakumeok jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko modu bat gehiago delako! Emakumeok danborradara! Emakumeok elkarteetara!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide