Ritxi Lizartza filologo donostiarrak hika egiten ikasteko eskuliburua argitaratu dik/n, Mara Mara taldearen eskutik: Hitanoa. Mintza hadi, lagun!. Lanean zaildutako mutila duk/n Ritxi, Goenkale-n darabilten euskara egoki eta biziaren ildoa markatu dutenetariko bat, besteak beste. Poz eman zidak/n liburuak, erabat beharrezko zelakoan nagok/n. Hikako hizketa nabarmen moteldu eta trakestu duk/n azken urteotan. Nokako trataera, emakumeekin erabili beharrekoa, galtzear dela esango nikek/n. Hizkuntza baten bilakaeran 40 urte ezer asko ez bada ere, gure haurtzarotik izan den gainbehera benetan duk/n kezkagarria. Hitanoa bizi-bizirik zego(n)an orduan gure bailaran, Izarraitz magal horretan. Orain ere hala dagoela esango didak/n agian. Ez nagok/n ados. Orduan adina erabiltzen di(n)agu oraindik, gehiago menturaz. Egokitasunean ez sinesteko moduko atzerakada egin di(n)agu, ordea. Emaztekiei gizonei bezala hitz egiten zie(n)agu: "Aitziber, hik zenbat urte dauzkek?". Egokitasun maila gorenetik hurbilen dagokeen tokian ere Errezilen oso ohikoak dituk/n halako aldrebeskeriak, baita gure adintsukoen artean ere. Gipuzkoako Goierrin, aldiz, aipatu berri dudanaz gain, hiper-hitanoa ditek/n gaitz nagusi: "Nekatuta zeokela esan zidak. Noiz etorri behar ote dik? Bai ederki neokela!".
Baduk/n kezkatzen nauen beste kontu bat ere: hikako hizkera begirunerik ezarekin lotzeko joera. Joanes Leizarraga apaiz beskoiztarrak toka hitz egin zio(n)an zeruetako aitari: 'Gure aita, zeruetan haizena, etor bedi hire erreinua '. Begirunerik ez ote zion hil arte zerbitzatu zuen Jainkoari? Nik neuk, izugarri maite eta errespetatzen ditudan zenbait pertsonari hika egiten zie(n)at, ni baino aise zaharragoak izanik ere. Eta baditi(n)at inguruan erabateko begirunea erakutsi arren hika aritzen zaizkidan ume mukizuak. Gaur, gaiagatik eta jolasguragatik, hika hurbildu natzaik/n hiri ere, irakurle. Baheki zer nolako begiramendua di(n)adan!
Ritxi; lan bikaina egin duk. Bejondeiala!