Azpeitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrena dela-eta, hitzaldia eskainiko du Alvaro Arrizabalagak

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 1a, 09:02

Alvaro Arrizabalaga aztarnategi batean.

"Bailarak denbora sekuentzia ondo osatua du, kronologia bakoitzeko aztarnategiak baitaude"

"Urola bailara, proportzioan txikia izanik ere, aberastasun arkeologiko handiko tokia" dela uste du Arrizabalagak

Alvaro Arrizabalaga (OƱati, 1965) hamalau urterekin hasi zen aztarnekin lanean eta gaur arte ez da gelditu. Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta, 1995ean tesia egin zuenetik, historiaurreko irakaslea da EHU. Eusko Ikaskuntzako Historiaurrea-Arkeologia Saileko lehendakaria izan zen eta Aranzadirekin ere lan egiten du. Azpeitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrena dela-eta, hitzaldi interesgarria eskainiko du gaur Azpeitiko eta Urola bailarako historiaurrea herritarrei azaltzeko.

Zein puntu nagusi jorratuko dituzu bihar arratsaldean eskainiko duzun hitzaldian?

Geologiatik hasita, lehenengo populazioen antolaketa geologiak eta ingurugiroak nola baldintzatu izan duen ikusiko dugu; gero historiaurrean zehar izandako biziguneak eta gutxi gorabehera erromatarrak iritsi arte bailara nola antolatu den ikusiko dugu. Saiatuko naiz hitzaldian gehienbat irudiak ipintzen eta kaleko hizkuntzan hitz egiten, hitz eta datu teknikoetan asko sakondu gabe. Jendea lasai etor dadila alde horretatik.

Bailaran historiaurreko aztarna ugari dago, ezta?

Bai, proportzioan bailara nahiko txikia izan arren, sekuentzia osoa ondo osatuta dauka, kronologia bakoitzeko aztarnategiak baitaude, batzuek oso garrantzitsuak gainera, Iriakaitz, Ekain, Munoaundi, Amalda eta beste hainbat.

Azpeitian bertan, ba al dago historiaurreko gizakiaren aztarnarik?

Bai, nahikoa gauza bitxiak eta zaharrak daude Loiola azpian dauden terrazetan, Erlo mendian ere badago herrixka bat... Proportzioan, Azpeitia agian ez da aberastasun handia duen lekua, baina badaude gauzak.

Datei begiratuta, noizko aztarnei buruz ari gara?

Bailarako aztarnategirik zaharrena Iriakaitzekoa izango litzateke, duela 250.000 urte ingurukoa. Eta, hortik aurrera dauden aztarna guztiak jarraian doaz gaur egunera arte, ez dago hutsunerik kronologia horretan. Behe Paleolitoko eta Erdi Paleolitoko toki bana ezagutzen dugu; Goi Paleolitoko fase guztietako aztarnak daude, Epipaleolitoko, Neolitoko, Kalkolitoko, Brontze Aroko eta Burdin Aroko aztarnak daude bailaran. Azpeitian, Loiolako terrazetako aztarnak Behe Paleolitokoak izango dira ziurrenik, gutxienez duela 100.000 edo 150.000 urtetik gorakoak dira. Erloko aztarnak duela 10.000 urtetakoak dira. Erlon dauden baita ere Kalkolitoko eta Brontze Aroko datazioak, K.a. 2.500 eta K.a. 800 urte bitartekoak.

Nolako aztarnak dira Erlokoak?

Herrixka bat egongo zen ziurrenik, aire zabaleko kanpamendu bat azken ehiztari ibiltarientzako. Baina, argi dago zenbait une desberdinetan taldeek etxabereak dituztela eta ardiak goruntz eramango dituztela. Eta, badirudi, etxolak edo herrixkak dituztela.

700. urteurreneko hitzaldiak

Otsailak 1, gaur

Urola bailararen historiaurrea. Alvaro Arrizabalaga eta Maria Jose Iriarte doktoreek eskainiko dute, 19:30etik aurrera Sindikatu Zaharrean. Hitzaldia euskaraz izango da.

Otsailak 3, asteazkena

19:30etik aurrera Sindikatu Zaharrean, hiru hitzaldi izango dira gazteleraz.

Herrien sorrera. Hizlaria: Jose Javier Lopez Anton (Historian doktorea).

Gipuzkoa Erdi Aroan. Hizlaria: Jose Luis Orella (Historian katedraduna).

Erdi Aroko lurralde eta foru antolaketaren eragina gaur egungo Gipuzkoan. Hizlaria: Luis Maria Martinez Garate.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide