Autokros lehia aurretik, festa

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 2a, 10:02

Igor Agirrebeña eta Joseba Azpiazu auto gidariak autokroseko Nitokar EVO II autoarekin. (Nerea Uranga)

Igor Agirrebeñak eta Joseba Azpiazuk Euskal Herriko eta Espainiako autokros txapelketetan hartuko dute parte, Kartkros mailan

Martxoan lehiatzen hasiko dira, eta larunbatean doako festa eskainiko dute herrian

Igor Agirrebeñak (Azpeitia, 1978) eta Joseba Azpiazuk (Ezkio-Itsaso, 1973) Euskal Herriko Autokros Txapelketan eta Espainiakoan hartuko dute parte. Datorren hilean hasiko dituzte lasterketak. Biek, Urbasa Eskuderia taldearekin kartkros mailan korrituko dute. Baina, auto lasterketari ekin aurretik, euren asmoen berri eman eta lehiarako autoak aurkezteko festa antolatu dute Azpeitian. Jaia, Inox-en egingo dute larunbatean, 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doan da, eta hainbat produktu zozkatuko dute. Musika jartzen, berriz, Joseina Etxeberria disko-jartzaileak jardungo du.

Autokrosean ibiltzea diru asko kostatzen dela-eta, aurten babesleak lortzeko lanean jardun dute. "Antolatu dugun festa, alde batetik gure egitekoa aurkeztu eta ezagutzera emateko da eta, bestetik, babesleei esker ona adierazteko", dio Agirrebeñak.

Biei ala biei aspalditik datorkie motorrerako zaletasuna. Agirrebeñak kontatzen duenez, "18 urterekin egin nuen lehen auto lasterketa, Oñatin. Gero, Errezilen, Zizurkilen eta Mendiolan (Gas- teizen) ere korritu dut. Betidanik autoarekin asfaltatu gabeko lurrean lehiatzea asko gustatu izan zait. Umetan aitarekin askotan joaten nintzen Azkoitian jokatzen ziren autokros lasterketak ikustera".

Baina, autokrosean ez ezik, asfalto gaineko auto lasterketetan ere ibilitakoa da Agirrebeña. "34 bat lasterketa egin nituen asfaltoan, baina gero bigarren eskuko kartkros bat erosi nuen, eta duela urte eta erdi, berriz, Nitokar EVO II berri bat erosi nuen. Orain horrekin lehiatzen dut". Azpiazuk ere auto berdina du. Auto hauek 600 zentimetro kubikoko Suzuki motorra eta 130 zaldi inguru dute.

Azpiazu orain dela hamabi urte hasi zen auto lasterketetan Jon Aranbarri Madarixa-rekin, haren kopiloto lanetan. "Auto lasterketaren batean parte hartzeko gogoa nuen eta jakin nuen Madarixa kopiloto bila zebilela. Neu Azkoitira haren tabernara presentatu eta harekin kopiloto irteteko prest nengoela esan nion. Hala, Azpeitiko Rallyan kopiloto irten nuen", dio.

Lasterketa "ikusgarriak"

Azken urteetan Euskal Herriko autokros txapelketarik ez da jokatu, baina aurten antolatu egingo dute, eta gustura dira. Afizioa bai, baina lan asko egin beharra ere eskatzen du autokrosak: "Autoa hobetzen joaten gara beti: pieza bat probatu, gero bestea... mekanika lanak batik bat guk geuk egiten ditugu". Hori lasterketa aurretik ez ezik, azken mementoan ere egiten duten lana da.

Martxoan hasiko dira lasterketekin eta, orduan, aste osoan euren lanean aritu eta asteburuetan lasterketetara joango dira. "Lasterketak larunbatetan eta igandetan izaten dira. Larunbatean entrenamendua eta sailkapeneko lehen lasterketa korritu ohi dugu. Gero, igandean, bigarren lasterketa eta finalerako sailkatzekoa eta ondoren finala izaten ditugu". Lasterketetan hamabosnaka lehiatzen dute gidariek gutxi gorabehera: "Hori ederra da, denok elkarren ondoan jardutea, nork pasatuko... Benetan lasterketa ikusgarriak izaten dira".

Baina, Espainiako Txapelketako lasterketetara joateko errepidez kilometroak eta kilometroak egin behar izaten dituzte. "Espainiako lasterketakoak Teruelen, Galizian, Lleidan eta Miranda de Ebron korrituko ditugu", diote. Euskal Herriko lehian batik bat Gasteizko Mendiolako zirkuituan dituzte lasterketak: "Lasterketa asteburuan bada, ahal dela goizeko erreleboan jarduten dugu lanean, gero furgoneta hartu, atzean atoi edo erremolkea dugula, eta martxa egiten dugu. Batzuetan larri ibiltzen gara, baina...".

Behin kaskoa jantzitakoan...

Asteburua lasterketa duten tokian pasatzen dute, baina giro ederrean. "Hamar bat euskaldun ibiltzen gara gure mailan; gipuzkoarrak eta nafarrak. Denok elkarren ilaran jartzen ditugu furgonetak, eta geure artean antolatzen gara gosariak eta bazkariak prestatzeko. Gure artean giro oso ona dago, baina behin kaskoa janzten dugunean, ez diogu elkarri ezer barkatzen", dio Agirrebeñak.

Lana ematen duen afizioa izan arren, gustuko lekuan aldaparik ez dago: "Lana da. Lan asko ematen duen afizioa da, baina benetan sentitu egin behar da, gustukoa izatea bakarrik ez da nahikoa", dio Agirrebeñak.

Dani Sordo lehiakide

Iaz ere Espainiako txapelketan hartu zuten parte. "Abuztuan, Galizian Arteixoko lasterketan izan ginen. Gurekin batera Dani Sordok hartu zuen parte, eta harekin batera korritzea izugarria da. Munduko txapelketan dabilen batekin lehian jarduteak ilusioa egiten du", diote. Galizian autokrosak afizio handia du. "Hango lasterketak ikustera jende pila joaten da, eta baita parte hartzera ere. Arteixoko lasterketan parte-hartzaile kopuru aldetik muga jarrita dute, 60 autok har dezakete parte. Iaz hainbat gidarik ezin izan zuten irten, eta han 1Formulako lasterketa batean baino ikusle kopuru gehiago bildu zen".

Txapelketa horretan lortutako emaitzei dagokienez, Agirrebeñak iaz Alcañizko (Teruel, Espainia) autokrosean egindakoa du gogoan. "Lehenengo lasterketan hirugarren denbora onena egin nuen; lehenengo mangan aurrena; bigarrengoan bigarren; eta, finalean, bigarren gelditu nintzen", dio.

Aurkaririk gogorrena Jordi Puigvert katalana dutela diote biek. Autokroseko zirkuiturik ederrena, berriz, Arteixokoa (Galizia) dela dio Azpiazuk. Agirrebeñak, Alcañizkoa du gogokoen. Aurtengo Espainiako Autokros Txapelketako lehen lasterketa Alcañizen dute, martxoaren bukaeran.

Larunbat arratsaldean festa

Lehian hasi aurretik dena prestatzen ari dira. Autozaleentzako hitzordua larunbat arratsaldean jarri dute Inoxen: "Han, lasterketako autoak ikusgai jarriko ditugu eta disko-jartzaile bat ere ariko da. Gainera, hainbat zozketa egingo dugu: Lagunak Auto Eskolan autoko karneta ateratzeko ikastaroa; Ukabi Informatikak emandako ordenagailu eramangarri bat; R pneumatikoak-en eskutik bi gurpil; eta, saririk gabe gelditzen direnek, txartelarekin %20ko deskontua egiteko aukera izango dute Aizpuru Autoak-en". Autokrosaren bueltan antolatu duten festarako sarrera doan da, eta iraultze-simulagailu bat ere jarriko dute, probatu nahi dutenen aukeran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide