Yuri Agirre: "'Kontu Lepo' gazteen arteko komunikazioa lantzeko tresna da"

Uztarria.eus 2010ko ots. 2a, 13:02

'Kontu Lepo' fanzinearen lehenengo zenbakiaren azala.

Urtean, 'Kontu Lepo'-ren hamar zenbaki ateratzeko asmoa dute

Egileen helburua ahalik eta jende gehienak irakurtzea da

Azpeitiko Gaztetxeak azken bi hilabeteetan Kontu Lepo izeneko fanzinea kaleratu du. Zortzi lagunen artean egiten duten aldizkariaren hirugarren zenbakia otsailaren erdirako izango da herriko tabernetan salgai. Yuri Agirre aldizkaria egiten duten taldeko kidea da.

Duela urte batzuk ere egin zen antzerako proiektu bat.

Bai. Fanzine bat sortu zuten. Kontu Lepo izena zuen hark ere, baina ez zuen indarrik hartu. Bi zenbaki besterik ez ziren kaleratu. Atzerapenak izaten zituen eta talde eragileen artean banatzen zen lana. Oraingo fanzineari ere Kontu Lepo izena jarri diogu.

Orain kaleratzen duzuen fanzinea zenbat lagunen artean egiten duzue?

Zazpi hasi ginen eta orain zortzi gara. Asteazkenero biltzen gara, eta gaiak erabaki ondoren lana banatzen dugu. Azken egunetan lan gehiago izaten dugu hala ere.

Noizko hirugarren zenbakia?

Hirugarren zenbakia bidean da. Otsailaren erdi alderako herriko tabernetan izango da salgai.

Zein helbururekin hasi zenuten proiektu berri hau?

Guk gazte komunikabide bat sortu nahi genuen, gazteen komunikazioa landu ahal izateko. Gazteen ikuspuntutik, gazteen beharrak asetzea baita gure helburu nagusia. Jendeak irakurtzea da garrantzitsuena. Ahalik eta zabalkunde handiena ematea fanzineari.

Batere saltzen al da?

Uste baino gehiago egia esan, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan batez ere. Prezioa sinbolikoa da, gastua handiagoa da berez, baina debalde diren gauzak ez dira asko baloratzen. Orain paperezko formatuaz gain, PDF formatua jartzeko asmoa dugu. Horrela, internetetik jaisteko aukera izango du jendeak.

Orain artean lortutakoarekin gustura al zaudete?

Bai, gustura gaude egiten dugunarekin. Proiektua ilusioarekin hartu dugu eta jarraipena ematea zaila den arren, martxa hartua dugu dagoeneko.

Aurrera begira zein erronka dituzue?

Erronka nagusia lanari jarraipena ematea da. Hamar bat zenbaki atera nahi ditugu urtean. Horretaz gain, aurrera begira, kontzertuak antolatzeko asmoa dugu dirua lortzeko asmoz, PDF formatua martxan jartzea ere asmoen barruan dago. Horrelaxe segitzea espero dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide