18 bertsolarik hartuko dute parte Erniarraitzen V. Sariketan

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 4a, 12:02

Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bertso eskola.

Bertso Astea eta Erniarraitz V. Sariketa egingo dituzte otsailean eta martxoan elkartearen 10. urteurrena ospatzeko

Elegante Egunean bertso sortak kantatuko dituzte kalez kale

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak 10 urte bete ditu, eta urtero antolatzen dituen ekimenei ukitu berezia emanez ospatuko du urtemuga. Bertso Astea eta Bertso Sariketa antolatu dituzte datozen bi hilabeteetarako.

"Elkartea indartsu dago 10 urte ondoren, motorrak hor segitzen du baina gazte jendea erreleboa hartzen ari da", adierazi du elkarteko kide Ixabel Jauregik.

Bertso Astearekin abiatuko dira ospakizunak. Azpeitiko inauterietako Elegante Egunean hasiko da ekimena, aspaldiko ohitura bati eutsiz: bertso sortak kantatuko dituzte, kalez kale, eta paperean jasotako bertsoak saltzen joango dira eguerdi partean. Mahainguruarekin eta elkarteko kideen bertso afariarekin burutuko dute 2010eko Bertso Astea.

Gazteen bertso txapelketa

Bi urtetik behin jokatzen da Erniarraitz Sariketa, eta aurtengoa antolatzen duten bosgarren aldia izango da. Datorren otsailaren 19an hasiko da, Azpeitian jokatuko duten lehen kanporaketarekin. Beste bi kanporaketa jokatuko dituzte Azkoitian eta Errezilen, eta finala martxoaren 12an izango da, Azpeitiko Gaztetxean. Guztira, 18 bertsolari ariko dira lehian, kanporaketa bakoitzean sei. Kanporaketetako irabazleek eta puntu gehien lortzen duten beste hirurek jokatuko dute final handia.

Eskualdeko hainbat bertsolarik parte hartuko du lehian: Maddi Gallastegi eta Maialen Valverde zumaiarrek, Eneritz Arzallus eta Nekane Zinkunegi errezildarrek, Hodei Iruretagoiena zarauztarrak, Eneritz Artetxe eta Silvia Etxaniz azkoitiarrek, eta Josu Oiarzabal azpeitiarrak.

Sariketarik ez den urtean Bertso Paper Lehiaketa izaten da.

Erniarraitzen 10. urtemuga

Bertso Astea 2010

  • Otsailak 14, igandea. Bertso Eleganteak. Azpeitiko Txikiteo Elegante Egunean, 12:30etik 14:00etara. Kantariak: Beñati Lizaso eta Leire Ostolaza. Soinu-jotzaileak: Izer eta Alabier.
  • Martxoak 17, asteazkena. 19:30ean, Azpeitiko Enparan dorretxean, mahai ingurua. Gaia: Bertsolaritza Urola bailaran, historian zehar; Erniarraitzen X. urteurreneko bideoa ikusteko aukera izango da. Hizlariak: Jokin Iturriotz (Urola bailarako bertsolaritzaren aztertzailea), Imanol Lazkano eta Jokin Uranga (bertsolariak).
  • Martxoak 20, larunbata. 20:30ean, Azpeitiko Ziripot elkartean, bertso afaria.

V. Erniarraitz Sariketa

  • Otsailak 19, ostirala. 22:00etan, Azpeitiko Betharramistetan, I. Kanporaketa. Bertsolariak: Alaia Martin, Maddi Gallastegi, Arnaitz Lasarte, Beñat Iguaran, Eneritz Arzallus eta Endika Igarzabal. Aurkezlea: Beñat Lizaso.
  • Otsailak 26, ostirala. 22:00etan, Azkoitiko Kultur Etxean, II. Kanporaketa. Bertsolariak: Hodei Iruretagoiena, Mikel Olaizola, Mikel Artola, Maialen Valverde, Eneritz Artetxe eta Josu Oiarzabal. Aurkezlea: Leire Ostolaza.
  • Martxoak 5, ostirala. 22:00etan, Errezilgo Borondegin, III. Kanporaketa. Bertsolariak: Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Aritz Garin, Silvia Etxaniz, Nekane Zinkunegi eta Julen Agirre.
  • Martxoak 12, ostirala. 22:00etan, Azpeitiko Gaztetxean, Finala: Aurreko hiru kanporaketetako irabazleak eta punturik gehien duten beste hiru bertsolariak ariko dira lehian. Aurkezlea: Jokin Uranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide