Inazio Regil: "Festa da pertsonentzako terapiarik onena"

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 5a, 11:02

Inazio Regil bihar omenduko du Udalak. (Nerea Uranga)

Kaldereroetan haurren taldea zuzendu du azken urteetan 'Matxote'-k

Biharko kaldereroen kalejiran Azpeitiko Udalak omenaldia egingo dio

Azpeitiko Udalak Inazio Regil Matxote (Azpeitia, 1945) omenduko du bihar kaldereroenkalejiran. Urteak dira Azpeititik joan zela: "Badira 30 urte dira Donostian bizi naizela", dio. Hala ere, Azpeitira sarri etortzen da, "lanagatik-eta". Biharko kaldereroen kalejirak 19:30ean irtengo du, Arana kaletik. Regilek gustura hartu du Udalak egingo dion aitormena, eta kaldereroen festa mantentzearen alde egiten du sutsu. Matxotek kaldereroetako haurren taldea zuzentzen du Azpeitian.

Noiz hasi zinen Azpeitiko kaldereroetan kalejiran irteten?

Ez da urte asko, ez. Bost edo sei urte izango dira Azpeitian kaldereroak zuzentzen hasi nintzela. Herrian urteetan ibilitakoa naiz, beste hainbat kontutan, baina kaldereroetan ez daramatzat urte asko. Azpeitikoa bakarrik ez, Donostiako Amarako taldea ere neuk zuzentzen dut, eta aurten hamar urte beteko ditu hark. Horretaz gainera, Donostian eta Azpeitian egun eta ordu berean egokitu da kaldereroen festa. Beraz, oraindik ez dut lortu bi lekutan ordu berean egotea, baina lortuko dut! Orain urte batzuk Azpeitian iluntzean egiten zuten kaldereroen jaia, eta orduan Donostian bukatu, autoa hartu eta Azpeitiko kaldereroetara etortzen nintzen.

Arratsaldez egiten denetik, ordea, jende gehiagok hartzen du parte kaldereroetan.

Bai, bai, hala da. Kaldereroen kalejira arratsaldean egitea ondo iruditzen zait, umeentzat hobea da ordutegi hori. Kalejira arratsaldera aldatzea ona izan da. Baina, Donostiakoa eta Azpeitikoa batera egokitzen badira, bat edo bestea uztea erabaki beharko dut. Hori, ordea, datorren urtean ikusiko dugu.

Bihar, kalejira hasi aurretik, Udalak omendu egingo zaitu. Gustura al zaude?

Bai, noski. Udaletxetik deitu zidaten proposamena eginez, eta onartu egin dut. Nik garbi esango dut, umiltasuna alde batera utzita: Udalak erabaki badu niri omenaldia egitea, ziur nago merezitako omenaldia dela. Noski, nik neuk esatea harrokeria dela pentsatu dezake norbaitek, baina egindako lana aitortzea, hori eskertzekoa da, nahiz eta lana hobeto edo okerrago egin. Zergatik ez ni omendu? "Matxotek ere mereziko dik", esaten diot neure buruari.

Zer du kaldereroen festak?

Azken batean, kaldereroak inauterien iragarpena dira. Saninazioetan bezpera ospatzen da, suziria bota eta festari hasiera ematen zaio. Kaldereroena horrelako zerbait da: inauterien etorrera iragartzen dute; inauterien hasiera da. Bere zentzua badute, gainera. Ez da herriko festa, ez dugu esango festa euskalduna denik, baina danborrada ere ez dugu esango euskaldun peto-petoa denik. Horregatik, Azpeitiko Udalak eta herritarrek mantendu egin beharko luketen festa bat da kaldereroena. Festari heltzea garrantzitsua da.Udalari eta herritarrei kaldereroen festari eusteko eskatuko nieke.

Bestalde, kaldereroak oso dinamikoak dira. Ez da danborrada bezala. Danborrada serioagoa, militarragoa, martzialagoa da. Kaldereroen kalejira, berriz, dinamikoagoa eta biziagoa da; eta niretzat bere zentzua badu. Orain entseguak Musika Eskolan eta ludoteketan egiten dira eta oso lan polita egiten ari dira. Hori hala, berriro diot: festa honi heldu egin beharko litzaioke.

Bestela inauteriak gustuko al dituzu?

Azken urteetan eta ez zait otu mozorrotzea. Baina niri edozein unetan ideia bat etortzen bazait burura egin egiten dut; erabaki azkarrekoa izan naiz. Inauteriak politak dira.Azpeitian, akaso, ekimen pixka bat gehiago beharko litzateke, jendeak taldeetan eta banaka irteteteko. Inauteriak ederrak dira, eta Azpeitian zezenarekin-eta badauka zera bat.

Zuri sokamuturra gustatzen al zaizu?

Bai, neu ere zalea izandakoa naiz. Baina erakustaldi gutxi egin dut nik zezenarekin, soka noraino iristen zen han egoten nintzen. Baina gustukoa bai, sokamuturra gustukoa dut. Behin baino gehiagotan egin dugu: lehendabizi sokamuturrean ibili eta gero handik lanera. Baina giro hori bizitakoa naiz.

Festazalea zara orduan.

Nire helburua beti festa izan da. Nire ekimen handienak beti festa ingurukoak izan dira. Zenbait ekitalditan parte hartu dudanean beti festaren bueltakoak izan dira, eta beti haurrekin eta helduekin aritu naiz. Festa berez alaitasuna da, eta festa pertsonarentzako izan daitekeen terapiarik onena da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide