Pozoidun mezuei buruz...

Josu Labaka (Azpeitiko ezker abertzaleko kidea) 2010ko ots. 8a, 11:02

Azken asteetan Azpeitiko EAJk bi iritzi artikulu zabaldu ditu ezker abertzalearen aurkako jarrera tinkoa azalduz. Herritarrak nahasteko helburu argia dute, eta ez bada horrela burua nahastuta dutenaren seinale. 2009ko urtarrilaren 17an zentsura mozioa aurkeztu zenetik orain arteko balantze politikoa burutu ondoren, ezker abertzaleak otsailaren 13rako manifestazioa deitu du. EAJren eredu politikoa salatu eta Azpeiti berri baten aldeko indarrak batzeko. Dirudienez horrek urduri jarri ditu Batzokiko pentsalariak.

Julian Eizmendik, "herritar guztien eskubide guztiak defendatuko dituen alkatea izango naiz" esanez hartu zuen alkatetza. Hitz politak haizeak eraman ditu, eta EAJren demokrazia ulertzeko era agerian geratu da. Lehen indarra bada ere, EAJk ez du jakin gehiengoa osatzen bere proiektuak garatzeko, eta gobernutik oposizioa egiten ari da.

Hau ez da Albania, ezta Frankoren diktadura garaia ere: ezker abertzaleak Udal Gobernuaren hainbat inposaketa salatu duenean (plenoetan gehiengoaren erabakiak ez errespetatzea...), EAJ kritika politiko horiek kaletik ezabatzen hasi da, udal langileei pankarta, kartel... kentzeko aginduz. Hori bai, iritzi artikuluetan "energumeno" deitzen diote salaketa horiek egiten dituenari, maila demokratikoa agerian utziz.

Hau ez da Albania, ezta Marbella ere: Udal Gobernuak herriaren alde egiten duen lana ezker abertzalea oztopatzen ari dela salatu dute batzokiko pentsalariek, Etxebeltz-Izarrako gatazka aipatuz. Nola da posible, EAJk sortutako arazo urbanistikoa ezker abertzaleari leporatzea?

Ezker abertzaleak arazoa konpontzeko bidean jarri du, oposizio eraikitzailea garatuz. Azpeitia Lantzen ezker abertzalearen "kortijoa" dela diote; urteetan EAJren esku egon eta promotoreen mesedetan erabilitako bitartekoa izan denean. Etxebizitza politika herritarren mesedetan egon beharrean enpresa pribatuen mesedetan egon da urteetan (ez ahaztu zenbat urte pasatu diren BOErik gabe, alokairu politikarik gabe...) eta hori EAJk sortu eta guztiok sufritzen dugun arazoa da.

EAJko pentsalariek hobe dute ispilu aurrean jarri, autokritika egin eta kritika politikoak kiroltasunez onartzea. Pozoidun mezuak zabaltzen dihardute herriko arazo potoloen aurrean duten noraeza ezkutatzeko. Herriko giro politikoa berotzeari uzteko eskatzen diegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide