Begoña Atxega: "Euskal Inauterien jaia prestatzea lana da, baina merezi du"

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 12a, 12:02

Begoña Atxega Azpeitiko Ikasberri Ikastolako musika irakaslea. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Ikasberri Ikastolako Euskal Inauterietako kalejira hamabosgarren urtez egingo dute gaur

Gurasoak, ikasleak eta irakasleok oso batuta gauden ekitaldia da gaur arratsaldekoa

Begoña Atxega (Usurbil, 1963) Azpeitiko Ikasberri Ikastolako musikako irakaslea da. Azken hilabetean Ikastolako hainbat talderekin gaur egitekoa duten kalejira prestatzen aritu da. Olazko Andre Mariaren plazatik hasiko dute kalejira 18:30ea; "ateri badago, bestela Izarraitz pilotalekuan egingo dugu", dio Atxegak.

Noiz hasi zineten Euskal Inauterietako jaialdiarekin?

1995-1996ko ikasturtean egin genuen aurreneko aldiz, beraz, aurten hamabosgarren urtez egingo dugu. Azpeitiko Ikasberri Ikastola sortu zuten ikasturtean hasi ginen Euskal Inauterietako jaialdiarekin. Orduan eraikinik ez geneukan eta hainbat lokaletan banatuta geunden; gogoan dut batean eta bestean entseatzen ibili ginela.

Zer berezitasun dauka Inauterietako kalejira edo jaialdi honek?

Hasi ginen garai hartan nolabait kalera irteteko beharra geneukan; kaleratu eta jendeak ikusteko egiten genituen gauzak, nahiz eta egoera zelebre samarra zen. Euskal Herriko pertsonaiak lantzeko jaialdia aproposa zela ikusi genuen. Dantza eta koreografia batzuk prestatu eta gurasoek ere lan handia egin zuten arropak-eta prestatu eta inguratzen. Kalera atera eta Ikastolak ere herrian parte hartzeko hasi ginen, neurri batean. Lehenengo urtean Frontoi Txikian egin genuen, eta guretzako oso berezia izan zen.

Lehen urte hartatik aldaketarik izan al du jaialdiak?

Urte hauetan guztietan osatzen joan gara. Hau da, hasieran ez zeuden Miel Otxin, erraldoiak... Pertsonaia horiek egiteko-eta laguntza jaso dugu bai kanpotik eta baita gurasoen aldetik ere. Hasieran, kalejiran geldialdiak egin eta dantzak herriko hainbat tokitatik egiten genituen. Baina urte batean kalejira egin eta denok plazan dantzatu genuen, orduan ikusi genuen jaialdia beste gorputz bat hartzen ari zela; ordutik, horri eutsi diogu eta mantendu dugu.

Nork hartzen du parte kalejiran?

Ikastolako bi urtetik batxilergoko lehen maila arteko ikasleak irtengo dira kalejiran. Baina Batxilergoko bigarrengoek ere parte hartzen dute erraldoiak-eta eramaten. Parte-hartze zabala du.

Inauterietako jaialdia noiz hasten zarete prestatzen?

Inauteriak nola egokitzen diren, horren araberakoa da. Egokitu izan zaigu Santaeskea eta ostiral Inauteriak batera izatea. Horrelakoetan danborradarekin eta dantzekin batera hasten gara. Beranduago badira, danborrada eta gero hasten gara. Aurten ere nahiko goiz egokitu da eta hilabete da jaialdia prestatzen hasi ginela.

Lana eskatzen al du Euskal Inauterien jaialdia antolatzeak?

Bai, lana da. Baina emaitzak merezi du. Gainera, ikasleek azaltzen duten ilusioa izugarria da. Haientzatere oso jaialdi berezia da, izan ere. Aurten, batxilergokoen artean hogeiko talde bat prest azaldu da jaialdian parte hartzeko; txatxoak bezala irtengo dute eta koreografia berria prestatu dugu haiekin. Ni musikaz eta dantzez arduratzen naiz, baina ez da lagun baten kontua. Gurasoak, ikasleak eta irakasleok oso batuta gauden ekitaldia da; batek huts egingo balu ezingo litzateke egin. Jaialdi osoa prozesu baten emaitza da, eta denak lotuta egon behar du. Atzetik, isil-isilik, nik asko estimatzen dudan lana dago eginda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide