Takolo Beka martxan da aurten ere

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko ots. 13a, 16:02

Egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu behar dira Azpeitiko Udaleko Erregistroan

Aurten hamar urte hil zen Takolo mendizalea

Goi-mendizaletasuna bultzatzen duen Joxe Takolo Bekaren aurtengo oinarriak onartu ditu Azpeitiko Udalak. Diru laguntza eskatzeko egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu behar dira Azpeitiko Udalaren erregistroan.

Beka honek goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden "maila handiko eta originalak" diren egitasmoak bultzatzen ditu. Beka aurten ere 4.200 eurokoa izango da. Laguntza Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste edozein eratako talde edo elkarteei zuzenduta dago.

Diru laguntza nori emango dioten apirilaren 1etik 15era bitartean erabakiko dute, eta orduan emango dute diru saria ere. Joxe Takolo Beka Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak finantzatzen dute.

Mendizaletasunarekin lotutako beka hau 2001ean sortu zuten, Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalea gogoan, eta sorreratik goi-mendizaletasuna bultzatzea izan du helburua.

Iaz bekaren bidez goi-mendizaletasunarekin lotutako lau egitasmo lagundu zituzten. Orduan epaimahaikideeik azaldu zutenez, "lau egitasmoak interesgarriak" iruditu zitzaizkielako lagundu zituzten.

Joan den urteko 4.200 euroko laguntza honako egitasmoen artean banatu zuten: Gorka Karapeto eta Ekaitz Maiz eskalatzaileen Eiger Northwand aske; Kepa Escribano, Mikel Bonilla eta Aitor Abendaño mendizaleen Peru-Huayhuash espedizioa 2009; Aitor Alvarez de Arcaya, Oscar Hierro, Jesus Garcia eta Gorka Sagasti mendizaleen Piolet Kapitaina espedizioa Shisha Pangmara; eta, Jon Segurola eta Iñigo Andola mendizaleen Azkoitiarrak Fitz Royn.

Hain zuzen, aurten hamar urte hil zen Takolo mendizalea, bihotzekoak jota. 2000ko abuztuaren 12an zendu zen, etxean. 2001eko maiatzaren 26an hari buruzko biografia aurkeztu zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak, Enekoitz Esnaolak idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide