Helduen danborradan talde berriek izena emateko aukera zabaldu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 3a, 09:03

Datorren urteko San Sebastian bezperako danborradan irteteko aukera izango dute orain izena ematen dutenek

Izena emateko epea hilaren 31an bukatuko da

Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak datorren urteko San Sebastian bezperako helduen danborradari heldu dio jada. Hain justu ere, 2011ko danborradan irten nahi duten talde berriek izena emateko epea zabaldu du. Ekitaldian parte hartzeko interesa duten elkarte edo talde berriek hilabete honetan eman beharko dute izena, Azpeitiko udaletxeko bulegoetan; horretarako epea martxoaren 31n bukatuko da.Izena emateko aurkeztu beharko duten dokumentazioaren eta xehetasunen berri udaletxean bertan emango dietela jakinarazi du Udaleko Festa Batzordeak.

Azpeitiko Udalak 2003ko urtarrilaren 16an eman zion oniritzia San Sebastian festetako helduen danborradako agintaraua. Agintarau horrek garai hartako Udalbatzaren gehiengo osoa lortu zuen.

Azpeitian, 1959ko San Sebastian bezperan irten zuen aurreneko aldiz helduen danborradak. Urteak aurrera egin ahala, gero eta talde gehiago animatu eta irten da kalera danborrak astintzera. Udalaren agintarauak dioenez, "helduen danborradak eboluzionatu egin du eta antolamenduari eta bolumenari dagokionean hazi egin da". Horrexegatik, antolaketako "beharrei" aurre egiteko, danborradako hainbat alderdi arautzea erabaki zuten udal agintariek. Agintarauaren baitan, besteak beste, danborradan parte hartzeko arauak ezarri zituzten.

Deialdia bost urtetik behin

Agintarauak dioenez, talde berriak izena emateko deialdia bost urtetik behin egingo da, "otsaila eta iraila artean". Eta deialdi horretatik kanpo ez dute inolako talderik onartuko. Talde berriek izena emateko orduan hainbat zehaztasun eman beharko dituzte; hala nola, taldeko arduradunen datuak, talde moduan entitatea dutela frogatzen duen dokumentazioa, partaide kopurua eta janzkera.

Behin eskari guztiak udaletxean jasota daudenean, Udalak Danborrada Batzordeari igorriko dizkio eskari guztiak. Ondoren, Batzordeak aztertu eta onartzeko edota ez onartzeko proposamena egingo dio horrek Udalari. Hala eta guztiz ere, danborradarako talde berriak onartzearen edo ez onartzearen inguruko azken erabakia Azpeitiko Udalak hartuko du.

Gehienez 56 laguneko taldea

Helduen danborradako agintarauak talde berriek izango duten parte-hartzaile kopurua ere zehazten du. Gehienez ere, talde bakoitzetik 56 danborrari edo lagun irtengo dira, taldeari segika joango diren pertsonak barne hartuta.

Aurten, San Sebastian bezperako helduen danborradan, gastadoreez gainera, 22 talde irten ziren. Talderik berrienak Basozabal eta Ziripot dira; aipatutako horiek orain dela bi urte irten ziren aurreneko aldiz danborradan.

Udaleko Festa Batzordeak egindako deialdian izena emango duten taldeak egongo direla aurreikusi dute, "zalantzarik gabe". Adibidez, Loiolabide Zahar elkartea izango da horietako talde bat. Talde horrek aurtengo San Sebastian Eguneko bandera jaisteko danborradan hartu zuen parte, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi eta Izarraitz Txoko elkarteekin batera. Horrez gain, Loiolako Loiolatxo Elkartekoak ere danborradako taldea prestatzen hasita daude datorren urtera begira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide