Deustuko irakasleak

Uztarria.eus 2010ko mar. 11a, 14:03

Loiolako hegiak liburua aurkeztu du Imanol Murua Uria kazetariak, azkeneko bake prozesuko elkarrizketa politikoei buruzkoa

Liburuko pasarte bat da honakoa

— Ma che cosa succede?

Jakin-mina zuen erretore italiarrak. Lehendik ere etorria zegoen Loiolara, eta beti bezala Arrupe Etxean hartu zuen ostatu, Basilikaren eta Gogartetxearen aldameneko eraikinean. Ostatua ez ezik, lan eta bilera aretoak ere baditu etxeak, eta haiek erabiltzeko asmoarekin etorri zen 2006ko udazkenean ere. Baina garai hartan, egun jakin batzuetan, etxeko zati handi bat itxita topatu zuen. Berak erabili ohi zituen gelak, hain zuzen ere, ezin erabili. Pasillo nagusitik joan nahiz jantokitik sartzen saiatu, panel banak pasera ixten zioten, eta bestaldean zer zegoen ikustea eragotzi ere bai. Eta abisua, paneletan zintzilik: Sartzea debekatuta / Prohibido el paso.

— Ma che cosa succede? —berriro.

Etxeko arduradunen azalpenek ez zuten asetzen Italia hegoaldetik etorritako apaiza. Deustuko Unibertsitateko irakasle batzuk bilerak egiten ari zirela azaldu zioten, baina misterio eta sekretu gehiegi sumatzen zuen panel haien atzealdean, irakasle arrunt batzuen arteko jardunaldiak izateko.

— No succede nada! —erantzuten zioten erdi italieraz erdi gaztelaniaz Arrupe Etxean ostatu lanak egiten dituzten bi moja ahizpek, ordura arte primeran gordetako sekretuari Italiako jaun haren aurrean ere eusteko asmo sendoarekin.

Gertatu, zerbait gertatzen zen. Baina inor gutxik zekien zer. Eremu babestu hartan bileretan ari zirenak Deustuko Unibertsitateko irakasleak zirela sinetsita zeuden Arrupe Etxeko beste langile guztiak —sukaldariak eta beste—, eta uste berean zeuden Loiolako jesulagun gehienak ere. Irakasle berezi samarrak izan behar zuten, hori bai, beste bezero guztiak ez bezala atzeko atetik sartzen baitziren beti, eta otorduetan ere ez baitziren jantokira agertzen. Bazkaria edo afaria prestatzen zieten sukaldean, baina jakiak bilera gelaren aldameneko egongelara eraman behar zitzaizkien, han propio jarritako mahaietan bazkaldu edo afaldu zezaten, beti ere panelek mugatutako eremu itxiaren barruan.

Diskrezioa zen legea. Bi zerbitzariez gain, Jesusen Lagundiko arduradun gutxi batzuek eta Donostiako gotzainak baino ez zekiten Deustuko Unibertsitateko irakasleak, benetan, zein ziren. Gogartetxearen eta Arrupe Etxearen arteko aparkalekutik barrena, kotxetik jaitsi ere egin gabe zeharkatzen zuten ate automatikodun metalezko hesia, atzeko sarreratik sartu ahal izateko derrigor gainditu beharrekoa. Behin itxituraren barruan, kotxetik jaitsita oinez metro gutxi batzuk baino ez zituzten egin behar, ate txiki batetik barrena eurentzat gordetako aretoetara sartzeko, bidean inor topatzeko arriskurik gabe. Barruan: bilera gela bat, ez oso handia, baina zazpi lagun erraz kabitzeko modukoa; egongela handi bat, otorduetarako mahai luzearekin, hainbat besaulki eta sofarekin, eta kafe makina bazter batean; beste bi gela txiki, etenaldietan talde txikiagoek euren kasa bileratxoak egiteko modukoak; eta, batez ere, inor sartuko ez zen segurantzia.

Ez zen inor sartu, ez behintzat han zer gertatzen ari zen jakin behar ez zuen inor, baina irten, inoiz irten izan zen irakasle horietako bat edo beste, Arrupe Etxeko sekretua gordetzeko ardura bere gain hartua zuten zerbitzarien estutasunerako, bileren etenaldietan etxearen kanpoaldean hankak luzatzearekin batera eskuko telefonoz hitz egitera edota, inoiz ere bai, nekearen nekez, basilika inguruan pasiera bat emanez atseden hartzera. Baina inork ez zituen ezagutu, Arrupe Etxekoek dakitela behintzat.

2006ko azaroaren 15ean azken bilera egin eta berriro itzultzeko esperantzarik gabe Loiolatik alde egin zutenean, artean Deustuko Unibertsitateko irakasleak izaten jarraitzen zuten Josu Jon Imazek, Iñigo Urkulluk, Jesus Egigurenek, Rodolfo Aresek, Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Arantza Santestebanek.

EAJren, PSE-EEren eta Batasunaren ordezkaritzek 12 bilera sekretu egin zituzten Loiolan, 2006ko irailaren 20tik azaroaren 15a bitartean. Helburua, euskal gatazka politikoa konponbidean jarriko lukeen oinarrizko akordio politikoa hitzartzea.

--

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide