Sanjosetako Trikiti Jaialdian Azpeitiko trikitilariak omenduko dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 12a, 11:03

Maider Jauregi eta Josu Arrizabalaga 'Izer' Euskal Herriko Trtikitixa Elkartekoak, Ana Mendizabal Azpeitiko Kultura zinegotzia, Mikel Markez Trtikitixa Elkartekoa, Amaia Garmendia Kitarra taldekoa eta Iban Lertxundi soinu-jotzaile

Jaialdirako trikitilarien izenak biltzen hasi eta 36 lagunenak zerrendatu ditu Euskal Herriko Tritikitixa Elkarteak

Aurrez eros daitezke, 12 euroan, Azpeitiko Meolan, Pastorkuan eta Udal Kiroldegiko tabernan

Azpeitiak herri gutuna jaso zueneko 700. urteurrena da aurten. Mendeurrena gogorarazteko ekitaldien baitan antolatu dute aurtengo sanjosetako Trikiti Jaialdia ere. Ekimena lantzen hasi eta "izugarrizko altxorra" aurkitu dute antolatzaileek; hala dio Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko eta Urolako lan taldeko kide Josu Arrizabalaga Izer-k . Azpeitiko gaur egungo eta garai bateko soinu eta pandero-jotzaileen bila hasi, eta 36 lagunen izenak bildu dituzte. "Azpeitiko trikitilariak omendu nahi ditu aurtengo Sanjosetako Trikiti Jaialdian eta aurreneko lana izenak biltzen hastea zen". Helburu horrekin ekin zioten inguruko trikitilariei galdezka: Lajari, Landakandari, Epelderi, Iturbideri, Zendoiari...

Zerrenda luzea

Azpeitiko trikitilarien izen bilketa horren emaitza "sorta ederra" izan da. "Kopuru handia atera zaigu,ez genekien hainbeste zeudenik. Soinu-jotzaileak Azkoitian baino ez zeudela uste genuen, baina Azpeitian ere bat baino gehiago dago", adierazi du Izerrek. Ondorengo izenak bildu dituzte, besteak beste: Sakabi, Napar Txikia, Auntxa, Auntxa, Otola, Mendizabal, Mendizabal Laxaro, Motto, Anguetxeberri, Sahatseta, Garate, bi Mendibilen, lau Arben, Kanpaxkua, Mendizabal, Barrenola, Murgil, Atxabaleta, Larre, Zabaletxe, Gazte, Oiarzabal, Pildain, Iturbidetarrak, Nartxabal, Berastegi, Boni Garin, Endaizpe eta Etxeberritxo.

Behin izenak bilduta, trikitilari bakoitzari buruzko txostena egin dute. "Lanean hasiz gero, ongi egin behar genuela erabaki genuen. Argazkia eskatu eta trikitilari bakoitzari buruzko txostena egin dugu". Trikitiarekin lotutako garai bateko 200 argazki inguru bildu dituzte eta hainbat datu jaso dute: "Galdera egin dizkiegu: nolatan hasi zen soinua jotzen; nola inguratu zuen lehen soinua; non jotzen zuen; Azpeitia inguruan egiten ziren erromeriak; zeinekin jotzen zuen...". Fase hori luzatu egin zaie Trikiti Elkartekoei, baina "emaitza polita" lortu dutela diote.

Jasotako argazkiekin ikusentzunezko bat muntatu dute Azpeitiko Argazki Elkartekoen laguntzarekin. "Bildu genituen argazki zaharrak ondo gorde nahi genituen, eta Azpeitiko Argazki Elkartera jo genuen laguntza bila. Elkarteko Jose Ramon Larrañagak lan ikaragarria egin du. Horren erakusgarri izango da igandeko trikiti jaialdian ikusiko dena", azaldu du.

"Jaialdian, errepasoa"

"Aurtengo jaialdia Azpeitiko trikitiaren errepasoa izango da", adierazi du Ana Mendizabal Azpeitiko Kultura zinegotziak. Aurten, ekimena "ikuspuntu historikoa oinarri" antolatu nahi izan dutela nabarmendu du.

Trikitixa Elkarteak Azpeitiko trikiti munduan ibilitakoek "trikitia jotzeko zuten zaletasuna eta ikasteko grina" omendu nahi du. "Horretarako aukera polita da, eta aipamen berezia merezi dutela uste dugulako", esan dute.

Auntxari omenaldia

Trikitiarekin lotutako beste ekitaldi bat ere izango da igandean. Antonio Aranaga Auntxa soinu-jotzailea bizi balitz aurten ehun urte beteko lituzke. Hori gogoan, Azpeitiko Udalak soinu-jotzailearen jaiotetxean, Urrestillan, oroigarra jarriko du. Ekitaldia 12:30ean izango da ekitaldia. Ana Mendizabal Kultura zinegotziak herritarrak ekitaldira gonbidatu ditu. "Oroigarria jarri eta trikitilariekin kalejira egingo dugu han", adierazi du.

Sanjosetako trikiti jaialdia

Eguna: Martxoak 14, igandea.

Tokia eta ordua: Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 17:30ean.

Parte-hartzaileak: Laxaro Azkune izango da aurkezlea eta Jose Mari Iriondok parte hartuko du.

  • Auntxatarrak: Iñaki, Amalur eta Aroia Aranaga eta Axier Olaizola eta Iñaki Aranaga.
  • Azpeitiko Kitarrista Taldea eta Iban Lertxundi soinu-jotzaile azpeitiarra.
  • Otolatarrak: Lide eta Lur.
  • Sahatseta, Egurrola, Berastegi eta Etxeberritxo.
  • Barrenola lehengusuak.
  • Juan Antxieta Musika Eskolako eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako trikiti ikasleak.

Sarrerak: Aurrez eros daitezke, 12 euroan, Azpeitiko Meolan, Pastorkuan eta Udal Kiroldegiko tabernan. Egunean bertan Izarraitz pilotalekuko leihatila jaialdia hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide