Pasaiako sarraskia "argi" dezaten, manifestazioa deitu dute 27rako

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 16a, 09:03

Manifestazioa deitzeko agerraldia egin zuten larunbatean. (Irene Elorza)

Pasaiako segadan hildakoen senideek eta lagunek deitu dute mobilizazioa, hainbat eragileren babesarekin

Epaitegia auzia ixtekotan dela salatu du hildakoen sanideek eta abokatuak

Pasaiako sarraskia argitu lelopean, manifestazioa deitu dute 1984an Pasaiako badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideren senideek eta lagunek. Datorren martxoaren 27an, larunbatean, 12:30ean jarri dute hitzordua eta Azpeitiko zein inguruko herritar guztiei zabaldu diete manifestazioan parte hartzeko deia.

"Izan diren atxikimenduak ikusita, esan dezakegu Azpeitiko herritarretatik gehienak Pasaiako badian gertatutakoa argitzea exijitzen dugula", jakinarazi zuten manifestazioaren antolatzaileek larunbatean egindako agerraldian. Izan ere, hainbat gizarte eragilek eta kolektibok babestu dute deialdia: EHNE, ELA eta LAB sindikatuak, Aralar, EA, Azpeitiko ezker abertzalea, Bilgune Feminista, Gazte Asanblada, Gazte Independentistak, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Ta3. Azpeitiko Zine Kluba, Orkatz Kultur Elkartea, Kitarra taldea eta Bertan merkatarien elkartea.

26 urte justizia eske

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarrak, eta Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak hil zituzten, ustez Espainiako Poliziak egindako segadan.

Hil honetan 26 urte beteko dira Pasaiako segada egin zutenetik. "Pasaiakoa sarraskia izan zen, eta ez dago zalantzarako lekurik", diote hildakoen senideek eta lagunek. "Sarraskia hitzak masakrea, txikizioa esan nahi du, eta inork ezin dezake zalantzan jarri hala gertatu zela, auzitegiko medikuaren agirietan horrela azaltzen baita: Pelu, Txapas, Kurro eta Pelitxoren gorpuetan, guztira, 113 bala zulo zeuden", azaldu dute.

Artxibatzeko "arrisku larria"

Orduko Eusko Jaurlaritzako lehendakari Karlos Garaikoetxeak gertatutakoa ikertzea agindu zuen baina, urte hartako uztailean ikerketa guztiak bertan behera utzi zituzten.

Hamasei urte geroago, 2000. urtean, Pasaiako segadari buruzko sumarioa berriro irekitzea lortu zuten, hildakoen senideen eta lagunen presioak medio. 2001eko urtarrilean Azpeitiko Udalbatzak, alderdi politiko guztien adostasunarekin, Udala akusazio partikular bezala aurkeztea eta kasua argitzeko abokatu bat jartzea erabaki zuen.

Geroztik, lekuko batzuek epaile aurrean deklaratu badute ere, azken bi urtetan ez dela egon inongo aurrerapausurik salatu dute senideek eta lagunek. "Esan daiteke sumarioa gelditua dagoela eta gainera, artxibatzeko arrisku larrian", erantsi dute. Auzia aztertzen ari den epaitegiak, auzia artxibatzeko aukera aztertzen ari da erailketen egilea ezagutzen ez delako. Defentsaren abokatuak jakinarazi duenez, "delituaren eta egilearen nondik norakoak argitzeko helburua izaten du intrukzio faseak". Frogen azterketak "nolabaiteko azkartasuna" eskatzen duela ere adierazi du, "eta ez sistematikoki oztopatzea, antzematen ari garen bezala", salatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide