Iritsi da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren berrespena

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 22a, 10:03

Lapatx, Urteta eta Sasieta zabortegietako arduradunak eta Carlos Ormazabal (eskuinetik, bigarrena), atzo, Lapatxera egindako bisitan. (Irene Elorza)

"Zabortegien amaiera iritsi da" eta "atzerabiderik ez dago", arduradunentzat

Zubietako hondakinak kudeatzeko zentrorako sarbideak eraikitzea onartu du Partzuergoko Kontseiluak

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente Carlos Ormazabalek Lapatxeko zabortegia bisitatu zuen joan den ostegunean Sasietako, Urtetako eta Lapatxeko zabortegietako presidenteekin batera. Hiru mankomunitate hauek, Zubietako Hondakinak Kudeatzeko Zentroa martxan jartzeko lanak azkartzeko eskatu zuten joan den astean, beren lurraldeetako zabortegien bizitza erabilgarria betiko eteteko.

Osteguneko bileran, Partzuergoko presidenteak zabortegien jarduera 2013an ezarritako dataz haratago ez dela luzatuko jakinarazi zien zabortegietako arduradunei. "Edozein atzerapenek zabortegiak betetzeko arriskua ekarriko luke; zabortegi horiek gaur egun mankomunitate bakoitzeko udalerriek sortzen dituzten hondakinak biltzen dituzte eta, horrez gain, itxi arte San Markoseko zabortegira eramaten zen zaborra ere jasotzen dute", adierazi du Ormazabalek. Aipatu zabortegiak "edukiera mugatik gertu" daudenez, Partzuergoak zabortegien jarduera aurreikusitako epea egun bat bera ere ez luzatzeko beharrezko urratsak eman dituela eta Zubietako Balorizazio Planta berehala abian jartzeko lanak hasiko dituztela berretsi zuen: "2013an gure lurraldeko hondakinak tratatzeko sistema nagusia zabortegiak izan diren aldia amaituko da; atzerabiderik ez dago: zabortegien amaiera iritsi da".

Zubietako zentroaren lanak

Partzuergoko Kontseiluak Zubietako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren instalazioaren sarbidearen behin behineko esleipena Altuna eta Uria SA enpresari eman dio. 4.251.125,25 euroko aurrekontua izango dute lanen lehen fase honek, eta sei hilabeteko epean eraikitzeko plana onartu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide