Zirenetik direnerako bidea

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 22a, 10:03

Josu Azpillaga, Jokin Uranga, Imanol Lazkano eta Joxin Iturritz joan den asteazkenean Urolako bertsolaritza gai hartuta egindako mahai-inguruan. (Nerea Uranga)

Herriko bertsolariak eta herriko bertsoen historia izan dituzte hizpide mahai-inguruan

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak 10 urtean eginiko lana errepasatu du

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak aurten hamar urte bete ditu. 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Bertsolaritza Txapelketaren inguruan sortu zen bailaran bertsozale elkartea sortzeko asmoa, eta geroztik bere ibilbidea egin du.

Urtero Bertso Astea antolatu izan du, hamaika ekimenekin osatuta eta, aurten, elkartearen urtemuga beste urteurren batekin uztartu dute mahai-inguruan; Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurrenarekin, hain zuzen ere. Biek bat egin zuten solasaldian joan den asteazkenean, Enparan Dorretxean.

Moderatzaile lanak egin dituen Josu Azpillagaren arabera, "aurten atzera begiratzea pentsatu dugu, baina ez atzera begiratzeko bakarrik, baita aurrera begiratzeko ere". Bertsolaritza Urola bailaran izenburu hartuta egin dute mahai-ingurua. Hiru lagun bildu zituzten mahaian: Joxin Iturriotz soziologoa eta Urolalde Bertsolari liburuaren egilea, eta Imanol Lazkano eta Jokin Uranga bertsolariak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak.

Iturriotzek bertsolaritzaren hasierako "arrastoak" ekarri zituen gogora. Arrastoak, bertsolaritzaz historiarik ez dagoelako, haren esanetan: "Historiarik ez dago bat- bateko bertsolaritzaz. Horregatik, arrastoak azalduko ditut". Bat-batekoaren historia 1960an hasten da, "baina ezin dugu hori hala izan zenik kontrastatu". Bertso paperen hasiera, berriz, 1825ean kokatu du.

Arrasto zaharrenetakoa

Azpeitian bertsolaritzaren arrastoetara etorrita, Fernando Amezketarra 1799an Azpeitira etorri zenaren kontua ekarri zuen gogora Iturriotzek: "Nonbait Azpeitira etorri omen zen norbaitek desafioa bota ziolako. Hau izango litzateke daukagun aipamen zaharrenetakoa".

Azpeitian bertsozaletasuna bazenaren adibidea ere eman zuen, 1893ko Lore Jokoak gogora ekarriz: "Bazkalondoan bertso saioa egin zuten, bertsolariek herriko etxeko balkoitik abestu omen zuten eta kronikek diotenez, plazan bost mila lagun ba omen ziren". Bertsolariak, Jose Bernardo Otaño, Pello Errota eta Udarregi izan omen ziren.

Baina, bertsolarien kontrako zenbait pasarte ere gogora ekarri zuen Iturriotzek, besteak beste Karmelo Etxegaraik idatzitakoak, 1901ean. "Hor alfabetatuen artean eta bertsolarien kontrako giro bat sortu zen, eta giro horrek 1935-1936 urteak arte iraun zuen".

Azpeitiko bertsolarietara jauzi eginda, hainbat aipatu zuen Iturriotzek: Jose Ignacio Odriozola, Sokin eta Jose Maria Segurola, Uztarri, esaterako: "Horiek dira bat-bateko azpeitiar lehenengo bertsolariak". Horiez gainera, besteak beste, hauek ere izendatu zituen: Arzubaga; Elizalde-Kostite; Jose Inazio Etxeberria, Otalastegi baserrikoa; Atxutxo, Errezilgo Oielantzun bezala azaltzen dena; Kortatxo; Joanito Goikoetxea Akotei; Zepai, eta Txapel. "Esan beharra dago, Txapel izan dela Azpeitian bertsolaritza sustatu duena, gero belaunaldi berri bat sortu arte", esanez amaitu zuen jarduna Iturriotzek.

Imanol Lazkano bertsolariak, 60ko hamarkadatik 2000 urtera arteko Azpeitiko bertsolaritzaz jardun zuen mahai-inguruan. Hau, "iritzi apal denak apalean edo kajoian utzita" aritu zen. "Nik esango nuke, beharbada, bertsolaritzaren historian 40 edo 50 urtean Azpeitiak eman duen oparotasunik ez duela eman Euskal Herrian beste herri batek", esan zuen.

60ko hamarkada Euskal Herri osoarentzat eta batik bat bertsolaritzarentzat hamarkada garrantzitsua izan zen: "Hor gauza bitxi asko gertatu zen: Francoren diktadura gogorrari erantzun nahian, 1950 inguru horretan hasita Euskal Herriak izan zuen horrelako indar berezia. Egonezin izugarria zegoen, Ikastolak sortu ziren, Ez dok Amairu... eta bertsolaritzak ere garai hortan ez zuen hutsik egin". Herriaren ahots izate horretan bertsolariek lan asko egin zuten orduan, Lazkanoren iritziz: "Hor lan izugarria egin zen herriaren ahots izate horretan, herriak entzun nahi zuen hori esaten. Eta, behin baino gehiagotan, iragiten zegoen horren aurrean eta gure barrukoak eraginda saio eder askoak egin, eta ondoren lo asko egin gabeko gauak ere igaro genituen. Urte gogorrak ziren benetan".

Azpeitia, "bertso-herria"

Lazkanoren arabera, 60ko hamarkadan hasi zen bertsolaritza kaleko jendeari mezuak ematen, jendea bertsozaletzen, "eta gero horrek bertso eskolak sortzea ekarri zuen". 70 hamarkadan aurrera , Euskal Herrian plaza gehienak egiten zituztenak Lopategi, Azpillaga eta hiru azpeitiarrak (Joxe Agirre, Joxe Lizaso eta Imanol Lazkano bera) zirela esan zuen.

Azpeitiko bertsolari hirukoteari lagunak gehitzen joan zitzaizkien urteak aurrera, hirukote izatetik Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortzeraino. "82ko txapelketan bi azpeitiar iritsi ginen finalera, Sebaxtian Lizaso eta neu, eta 86an Sebaxtianek txapela irabazi zuen. Lehen hiru baginen, laugarrena hasi zen gu baino plaza gehiago egiten. 89an, Belodromoko finalean -ez dakit beste herri batetik inoiz izan diren-, hiru bertsolari ginen: Sebaxtian, Euzkitze eta ni". Gero, Jose Luis Gorrotxategi gehitu zen Azpeitiko bertsolarien taldera. Angel Larrañaga eta haren semea ere gogora ekarri zituen Lazkanok. Ondoren, bertsotan hasi zen gazte koadrilak Azpeitiko bertsolarien taldea handituko zuen: Jokin Uranga, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria, Ministro, Beñat Lizaso, Urko Egaña... "Gaur egun, berriz, Azpeitia, Azkoitia eta Errezil inguruan dabilen gazte jende jator hau dena dago". Azpeitiak "bertso-herri bezala nahikoa adibide" eman duela azaldu zuen bertsolariak.

Lana baino gozamena gehiago

Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortzeko asmoa mahai baten bueltan sortu zitzaiela azaldu zuen, "lana baino gozamena gehiago eman digun gure elkarte bedeinkatua". Gero, Erniarraitzen sorreran bukatu zuen hitz jarduna. Ondoren, Erniarraitz Bertsozale Elkartearen ibilbideaz egin duten bideoa ikusteko aukera izan zen. Bideoa, Nekane Zinkunegik, Haritz Etxeberria, Ministro-k eta Haritz Arzallusek egina da.

Jokin Urangak hartu zuen hitza gero, Erniarraitzen bilakaeraz eta etorkizunaz jarduteko. "Bada esaera bat, izan zirelako gara eta garelako izango dira", esanaz hasi zen.

Ezer egon ez eta umezurtz hasi zirela gogorarazi zuen Urangak, "bertso eskolan hasi ginenean umezurtz sentitzen ginen, 14 urterekin, 2-3-4 lagun genbiltzan bertso eskola bat aurrera atera nahian eta ez zitzaigun posible egiten". Gero, ordea, "zorionez" egoera aldatu egin zitzaien bertsotan jardun nahi zuten gazte haiei.

962 haur bertsolaritza ikasten

Gaur egun, berriz, bestelako kopuru batzutaz hitz egiten dute. "Gaur egun hezkuntza arautuan Azkoititik Oriora bitartean 962 ume ari dira bertsolaritza lantzen, astebetean ordubetez. Azpeitian eta Azkoitian ia 300 haur dabiltza. Gaur egun Azpeitian zazpi bertso eskola dauzkagu martxan, hasi 10-11 urteko haurretatik eta goiko adinean mugarik gabe. Azkoitian beste bat eta Errezilen bestea".

Bertsozaletasunak eta bertso eskolek izan duten bilakaera horretan Erniarraitzek zerikusi handia izan duela nabarmendu zuen Urangak: "Bertso eskoletan egiten den lan hori, kanpora ateratzeko lan horretan, asmatu egin dugu, eta horren adibide dira bertso parranda, txapelketak, eskolartekoak, bertso eskolan egunak...". Gaur egungo horri eusteko bertsozaleen beharra azpimarratu zuen, "bertsolaria bertsozale gabe ez delako ezer". Bertsolariek sortu zuten bertso elkartea, baina Erniarraitz bertsozale elkartea da gaur egun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide