Pedro Etxeberria 'Pedrotxo' Oargikoen dantza irakaslea izandakoa hil da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 23a, 10:03

Pedro Etxeberria 'Pedrotxo' (erdian, aulkian) dantzako ikasle izandako batzuekin, iazko azaroan 99 utre bete zituenean. (Urola Kostako Hitza)

.99 urte zituela hil da eta gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna

.2006ko ekainaren 17an Itsasi Dantza Taldearen omenaldia jaso zuen, San Martin egoitzan

Pedro Etxeberria Pedrotxo Oargiko dantza taldearen lehen dantzako maisua izandakoa hil da. Atzo zendu zen San Martin egoitzan, 99 urte zituela. Gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:30ean, Azpeitiko parrokian.

Madalena auzoan jaio zen, 1910eko azaroaren 19an. Imanol Eliasek Azpeitia, 500... Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak liburuan esaten duenez, "Oargi sortzearekin batera Azpeitian osatu zen Loiola deituriko dantza taldeak izan zuen lehen maisua" izan zen. "Dantzari garaian ordu asko eskaini bazituen, ez ziren gutxiago izango irakasle lanean eskainitakoak, prestaketa guztietara inor baino lehen agertuz eta etxera itzultzeko batere presarik gabe", dio Eliasek Pedrotxoz. "Bizi egiten zuen dantza eta zer mailatan gainera! Geroago beste irakasle batzuk izango zituen taldeak, baina ez zuen galduko sekula dantza taldearekin zuen lotura, bera ezerezean gelditu zen bitartean behintzat".

Pedrotxok duela 50 urte pasa ekin zion dantza irakasteari Azpeitian. Baina aurretik dantzari ibilitakoa zen bera. Azpeitiko Itsasi Taldea, 25 urte liburuak jasotzen duenez, Oargiren aurretik izandako dantza taldeetan ibilitakoa zen Pedrotxo. "Aurreskua erakutsi ziguna Pujana izeneko gizon zahar bat zen. Ibiltzeko ere justu-justu moldatzen zena", kontatzen du liburuak.

Itsasiren liburuan esaten duenez bere dantzako benetako irakaslea Basilio Lizaso izan zen. Hauxe dio Pedrotxok: "Basilio, Joxe Lizaso bertsolariaren aita, fenomeno bat zen. Denetik egin zuen: txistua jotzen zuen bitartean dantzan aritzen zen". Banakoa, Zortzikoa eta Zahagi Dantza Lizasok erakutsita ikasi zituen Etxeberriak.

2006ko ekainaren 17an Itsasi Dantza Taldeak dantzako maisua izandakoari omenaldia egin zion, San Martin egoitzan. Etxeberria duela 1956an hasi zen dantza erakusten. Lan horretan hasi zela 50 urte bete zirela-eta, haren ikasle izandakoak eta Itsasi taldeko dantzari txikiak bildu ziren Etxeberria omentzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide