Patxi Goenaga (Azpeitia, Loiola, 1948) euskaltzaina eta EHUko irakasleak Azpeitiko eukara izenburuko hitzaldia eman zuen herenegun, Sindikatu Zaharrean. Goenagarekin batera, Badihardugu Euskara Elkarteko Asier Sarasuak hartu zuen parte solasaldian. Goenagaren esanetan, "Azpeitiko euskararen berezitasun nagusia, zerbait bizia izatea da". Sarasuak, Badihardugu elkartearen www.ahotsak.com egitasmoaren berri eman zuen. Dagoeneko 50 azpeitiar baino gehiagoren solasaldiak jasota dituzte. http://www.ahotsak.com/azpeitia/ weborrian ikusi eta entzun daitezke.
Azpeitiko euskara izeneko hitzaldia Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldien baitan antolatu zuen Udalak. Orain arteko hitzaldi guztietan bezalaxe, Sindikatu Zaharreko aretoa jendez gainezka egon zen.
Badihardugu elkarteko kideak azaldu duenez, hainbat azpeitiar elkarrizketatu dituzte dagoeneko, eta herriko auzoetako biztanleen ahotsak ere jaso dituzte, «auzo bakoitzak bere berezitasunak badituelako». Hiru urterako egitasmoa dela ere aipatu zuen. Hala, segidan hainbat azpeitiarrek kontatutako pasadizoak ikus-entzuteko aukera egon zen: Benita Odriozola (1936, Aratz-erreka), Imanol Arregi Iturbide( 1935, Loiola) eta Juan Ezenarro (1941, Izarraitz), Inazio Rezabal (1935, Lasao), Iñaki Lizaso (1935, alde zaharra), Joxe Agirre (1929, Izarraitz), Joxe Mari Aristi (1930, Urrestilla) eta Maria Jesus Azkune (1934, Oñatz).
Batuarekin alderatuta
Zortzi azpeitiar horien testigantzak entzun ondoren Patxi Goenagak hartu du hitza, Azpeitiko euskararen berezitasunak azaltzeari ekinez. Euskara batuarekin alderatuz gero, "diferentzia nabarmenenak" ahoskerari dagozkiola azaldu du. Jarri dituen adibide batzuk hauek dira: neskie/neskak; gonie/gonak/gonan; lurre/lurrek/lurrien; mendiye/mendiyek/mendiyen. "Adostutako arau ez idatzi batzuk errespetatzen dira hor", azaldu du. Hiztegiari buruz ere beste adibide batzuk eman zituen: imilaun; mantsoatik, ipurdiko mantsoatik; handi-aurki... Hitz horietako asko idatzizkoan ez direla erabili azaldu du, eta pena dela.
Batuarekin alderatu ondoren, inguruko herrietakoarekin alderatu zuen Azpeitiko hizkera; Azkoitikoarekin bereziki. Fonetika aldetik, Azpeitian mendiye eta ogiye esaten da, eta Azkoitian, berriz, mendixe eta ogixe esaten da. Baina, aita, bi herrietan aitte esaten bada
ere, beste hitz batzutan azpeitiarrek t
erabiltzen dute, hau da: kito, ditugu, Azkoitiyen, Azpeitiyen... Aldemeneko herrian, aldiz, tt
erabiltzen dute: kitto, dittugu, Azkoittixen, Azpeittixen... Doinu aldetik bi herrietako hizkeren artean dauden desberdintasunak ere azaldu zituen, Azpeitian indarra non jartzen den hitz hauek esaterakoan:
*sardíñe zarrak (Azkoitian: sárdiñe zarrak); tripékiyek (Azk.: trípekixek); antxóak (Azk.: ántxoak); ikíxtea (Azk.: íkixtea). Hiztegi aldetik ere badira desberdintasunak: Azpeitian karrerie dena, Azkoitian bebarrue da; laisterka edo laistreka, antxintxike; itzeldu, emendau; ude, ure; zibota edo xibota, erremotie; gosaiye, amortzue*...
Azpeitiko euskara eta gaztelania hartuta, berriz, gaztelaniaren presioa fonetikan, hiztegian eta joskeran antzematen dela esan zuen. Bestetik, hizkuntzen txandakatzea ere gero eta nabarmenago egiten dela azaldu zuen. Azpeitiko euskara "bizia" da "asko erabiltzen delako", esan zuen eta horren adibide 2001eko datu soziolinguistikoak eman zituen Goenagak: Azpeitiak 12.927 biztanle zituen orduan eta horietatik %88 elebiduna zen; eta, %7 erdalduna. Etxean gaztelania soilik erabiltzen zuten biztanleak 1.840 ziren.
Erronka: adierazkortasuna
"Azpeitiko euskararen erronkarik handienak, euskara erabiltzeko gogoa mantentzea eta kalitatea eta adierazkortasuna lortzea dira. Gaurko bizitzak ezartzen dituen esparru guztietan euskara erabiltzeko eta horretarako aukera izatea benetan", zioen Goenagak. Hitzaldia bukatuta, Iñaki Goenaga (Azpeitia, 1905-2005) zenari 2002an egindako elkarrizketa baten pasartea entzuteko aukera eskaini zuen Patxi Goenagak, "orain dela ehun urteko azpeitiar euskararen adierazgarri".