Maria Jesus Aranburu: "Euskarari prestigioa eman behar zaio"

Berria 2010ko mar. 27a, 11:03

Gipuzkoako Euskara eta Kultura diputatuarekin mintzatu da Berria

"Ezin dugu ahaztu masa kritiko bat behar dela euskaraz hitz egin ahal izateko"

Iazko diru kontuak ixten eta heldu den urterako aurrekontuak prestatzen, batetik bestera "ziba bezala", dabil egunotan Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948), Gipuzkoako Euskara eta Kultura diputatua. 2007an kargua hartu zuenetik egindako lanarekin "pozik" dagoela baina oraindik egiteko asko dagoela zehaztu du.

Legealdia bukatzeko urtebetera, nola baloratzen duzue egindako lana?

Pozik gaude. Ikusten dugu lan ildoetako bati, etxe barruko (Diputazioan) euskararen erabilerari, bultzada polita eman diogula. Gero badago gizarteari begirako lana. Hor azpimarratuko nuke markatu dugula ibilbide bat. Hausnarketa bat egin genuen etxe barruan, kontrastatu genuen eragile ugarirekin, eta lanerako bide bat markatu genuen: transmisioari buruz, aisialdiari buruz, eta beste elementu bat oso inportantea, lidergoarena. Lidergoak hizkuntzari ematen dio prestigio maila bat. Elkarlana izaten ari da legealdi honetako elementu nabarmenena; Diputazioak harreman estua du udalekin, eta udaletako teknikari eta politikariekin. Programa bat berritu eta martxan ipini dugu hor, Udalekin. Beste bi gauza ere azpimarratuko nituzke. Bat da Mintzola, ahozkotasunari begira duen garrantziagatik. Eta beste programa, oraindik ez duguna behar adina gorpuztu, Ipupomamua. Telebista programarekin proiektuari eutsi diogu, eta, akaso, legealdia amaitzerako albiste polit bat egon liteke.

Eta zeintzuk dira gelditzen den urtebeterako erronka nagusiak?

Akaso, aisialdian presentzia handiagoa izatea: zineman, Interneten... Tresna berri horietan oraindik bide luzea daukagu egiteko.

Euskara sustatzeko Diputazioaren diru laguntzak %20 inguru jaitsi dira aurten. Krisia gogor ari da estutzen?

Krisiaren eragina denok nabaritu dugu. Hala eta guztiz ere, esan behar dut gure departamentuan ahalegin berezi bat egin dugula euskaran jaitsiera txikiagoa egon dadin beste programetan baino. Erakundeen aldetik laguntzarik ez zegoenean, orekatzen zen norberaren indarrarekin, ahaleginarekin. Ezin du hori bakarrik izan, baina, orain, akaso norberaren ahaleginak handiagoa izan behar du, orekatzeko.

Ikusten duzue aldaketarik, aurrekontuan, datozen urteetarako?

Bai. Aldaketa ikusten dugu, eta, zoritxarrez, ez hobera. Hau oso krisi sakona da, eta Diputazioaren 2011rako aurreikuspenak okerragoak dira. 2013. urtean has liteke baliabide gehiago jasotzen.

Gipuzkoan euskararen ezagutza handia izanik, zer aukera du Foru Aldundiak erabileran eragiteko?

Guk oso garbi ikusten dugu erabilera bultzatzeko lehen aipatutako elementuak kontuan izan behar direla: euskarari prestigioa eman behar zaio; euskara hizkuntza modernoa dela zabaldu behar dugu; euskara gure sentimenduetan, jolasetan, aisialdian erabilgarri dela; eta euskarak egon behar duela gazteek erabiltzen dituzten tresnetan. Jabetu behar dugu tresna horietan euskararen presentzia indartu behar dela. Ezinbestekoa da lidergoarena ere. Klusterrarekin daukagu Eralan programa, horretarako. Foru Aldundian hiru lan taldetan ari gara lanean, sindikatuak, teknikariak eta politikariak, eta apirilerako konpromiso batzuk adieraziko ditugu. Eta ezin dugu ahaztu masa kritiko bat behar dela euskaraz hitz egin ahal izateko. Euskarak horren presentzia nabarmena ez duen eremuetan sortzen ari gara eremu txikiagoak, euskararekin identifikatuko direnak, arnasguneak.

Aurkeztu berri duzue Hizbegia 07, hizkuntza pertzeptzioen inkestaren azterketa. Zer ondorio atera dituzue?

Adibidez, gazteek, 30 urte artekoek, pertzeptzio baikorra dutela euskararekiko; etorkizuneko hizkuntza ikusten dute euskara. Ez dira gelditzen ezagutzarekin bakarrik, exijitu egiten dituzte erabilera eremuak.

Gazteen heren bat hirueleduna dela ikusi da azterketa horretan. Nabaria da horretan hezkuntzaren eragina. Orain, zer-nolako eragina izan dezake Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen hiru eleko hezkuntza eredu berriak?

Nik gauza bat ikusten dut garbi: gurasoei aukera eman zaienean haurrak matrikulatzeko eredu batean edo bestean, garbi geratu da D eredua atera dela indartua, eta interes politiko batzuengatik A eredua aldarrikatu zutenak zer egoeratan gelditu diren. Gizarteak badaki euskarak balioa duela eta bi hizkuntza ikastea, haurrentzako, ezinbestekoa dela. Erakundeok asko egin dezakegu giro bat sortzeko, baina erakundeak ez gara ezer, gizarteak ez badu berarentzat hartzen. Nik uste dut euskararen jakintzan ez duela eraginik izango, baldin eta gizartean euskara bizirik mantentzeko borondate horrek jarraitzen badu.

Zalantza sortu da normalizatzeko prozesuak atzera egingo ote duen...

Kezka hori prentsan agertu da, baina nik ez dut gizartean mugimendu handirik nabaritu. Gizarteak zergatik ez du horrelako mobilizazio bat egin edo adierazi? Ez duelako arriskurik ikusten.

Eztabaida artifiziala da, orduan?

Niretzako, hein handi batean, bai.

Gizarteak hezkuntza ereduen eztabaida gainditu duela esan nahi duzu?

Bai. Gizartea lasai dago; hala adierazten du behintzat. Hezkuntzak zeregin garrantzitsua du, eta izango du, baina beste eremu batzuetara begira jartzeko garaia da, eta horretan ari da Diputazioa.

Erakundeen arteko elkarlana oso garrantzitsua izango da euskara normalizatzeko lanean...

Bai, beti da garrantzitsua.

Eta zertan dago harreman hori?

Udalekin oso harreman estua eta baikorra dugun bezala, esan behar dut Jaurlaritzarekin geldialdi nabarmen batean gaudela. Ez dago lehen genituen bezalako bilkurak, ez dago lehen geneukan koordinazio agenda... Nahiko geldi ikusten dugu Jaurlaritza, eta hari dagokio gidari izatea. Gu ahalegina egiten ari gara, bi eskuak luzatuta, Jaurlaritzaren aldera eta udalen aldera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide