Corrugados Azpeitiak langileei ordu gehiagotan lan egiteko eskatzen die. Hala ere, enplegua erregulatzeko dosier bat aurkeztu zuen. Eta Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzak onartu egin dio. Dosierrak langile gehienei eragingo die, Corrugados Azpeitiak dituen 444 langileetatik 418ri. Bederatzi hilabetekoa da, apirilaren 6tik abenduaren 31 artekoa, eta langileek ez dute lanik egingo asteartetan eta asteazkenetan, gehienez 76 egunetan. Hala ere, enpresak jada esan die dosierrik ez duela aplikatuko apirilean altzairutegian; bai, ordea, laminazio-trenean.
Corrugados Azpeitiako langileek urtebete baino gehiago daramate lan hitzarmenik gabe. Beren esanetan, enpresak baldintza bat jartzen die lan hitzarmena negoziatu ahal izateko: urtean 32 ordu gehiago lan egitea, 1.670 guztira.
Horregatik, langileek diote ez duela ez hankarik ez bururik enplegua erregulatzeko dosierra aurkezteak. Eta are gutxiago Eusko Jaurlaritzak onartzeak (asteazkenean onartu zuen).
Corrugados Azpeitia Urola Kosta eskualdeko industriako enpresa handiena da. Alfonso Gallardo taldearena da. Altzairu korrugatua egiten du, hau da, eraikuntzan betoia indartzeko erabiltzen diren altzairuzko barrak. Gallardo taldeak beste lantegi bat du Azpeitiko Lasao auzoan (Corrugados Lasao) eta paper fabrika bat Errenterian (Papresa).
Langileen esanetan, enpresak lan karga gutxiago duela argudiatu du dosierra eskatzeko. Langileek ukatu egin dute. Aurten lan karga ez dela murriztu diote, eta iaz aurreko urteetan baino gehiago ekoiztu zutela, ekoizpenaren "errekor urtea" izan zela.
"Baina, benetan, ez badauka lanik langile guztientzat, zergatik behar du urtean 32 ordu gehiagoz lan egitea?", galdetu zuen atzo Andoni Eizmendi ELAko ordezkariak. ELAk eta LABek agerraldia egin zuten atzo Zarautzen, enpresaren jokaera salatzeko. Eizmendiren iritziz, orduak gehitzeko garaia baino, orduak murriztu eta lana banatzeko momentua da.
Dosierraz hitz egiteko edo dosierra aztertzeko baldintza bat jarri zioten enpresari: lanpostu guztiei eustea. Enpresak erantzun zien ezin zuela hori bermatu. ELA eta LABek uste dute dosierraren bidez enpresak beste neurri batzuk hartu nahi dituela aurrerago. "Aurten edo datorren urtean garbiketa egin nahi dutela susmatzen dugu", esan zuen Patxi Alzibar LABeko ordezkariak. "Prestaketak egiten ari dira".
Ez dute uste Azpeitiko lantegiaren kasua isolatua denik Gallardo taldean. Badajozeko (Espainia) Balboa enpresan ez dute soldatarik igoko, hala hitzartu arren.
Gaixo agiririk ez
ELAk eta LABek enpresak langileen ordezkari bati irekitako zigor espedientea ere salatu zuten atzo. Duela pare bat aste langile batek eskafoidea hautsi zuen lanean. Enpresako erizaindegira joan eta mutualitatera bidali zuten. Zauritua eta enpresa batzordeko ordezkari bat joan ziren. Mutualitatean sendatu zuten, baina ez zioten gaixo agiria eman, medikuaren iritziz lesio hori ez zuelako lanean egin. Osakidetzara bidali zuten. Handik mutualitatera itzularazi zuten. Mutualitatetik berriro Osakidetzara eta buelta mutualitatera. Langileen ordezkariak egoera salatu zuen medikuaren aurrean, eta medikuak bere kontrako salaketa jarri zuen. Azpeitiko epaitegiak 90 euroko isuna ezarri dio, falta arinagatik. Enpresak, ordea, zigor espedientea ireki dio, falta oso larriagatik.