Umeentzako 'Azpeitiko kontuak eta komeriak' ipuin bilduma argitaratu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 19a, 11:04

Olatz Aguado, Leire Larrañaga, Markel Mendizabal era Alaitz Olaizola ipuin bildumaren egileak, udaletxean. (Nerea Uranga)

Herriko buruhandiak protagonista direla, herriko historia kontatu dute istorioen eta marrazkien bidez

Alaitz Olaizola, Olatz Aguado eta Markel Mendizabalek egin dituzte liburuak Eregiren laguntzarekin

Azpeitiko historia eta istorioak bilduz, 0-7 urte arteko haurrentzako Azpeitiko kontuak eta komeriak ipuin bilduma aurkeztu zuten atzo. Azpeitiak herri gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldien baitako beste ekimen bat da hau. Hainbat aro jasotzen dituen zortzi ipuin argitaratu ditu Azpeitiko Udalak.

Bildumaren koordinazioa eta diseinua Eregik egin du; testuak, Alaitz Olaizolarenak dira; marrazkiak, Olatz Aguadorenak; eta Historia aholkulari lanez Markel Mendizabal arduratu da. Egileak emaitzarekin "oso gustura" azaldu dira. Ipuin bilduma egiteko hainbat arlotako lan taldea osatu du Eregik. "Benetan esperientzia polita eta aberasgarria izan da ipuin bilduma egitearena", esan du Eregiko Leire Larrañagak. Ipuinen lan taldean parte hartu duten beste egile guztiak ere bat etorri dira Larrañagarekin; "oso pozik aritu gara lanean eta asko ikasi dugu. Azpeitiko historiaz gehiago dakigu orain", esan dute.

Buruhandiak protagonista

Ipuinetako protagonistak lau pertsonaia dira, herritarrek festa giroan ondo ezagunak dituztenak: Kixote, Santxo, Amona eta Infernuko Txikitoa, herriko buruhandiak. Lau pertsonaia horien abentura eta geratakarien bidez azaldu dute Azpeitiaren historia. "Umeentzako modu erakargarrienean azpeitiarron bizimodua kontatzea izanda gure asmoa", esan du ipuinetako testuez arduratu den Alaitz Olaizolak. "Marrazkien bidez herriko historia azaltzen saiatu gara. Hala ere, lizentzia literarioak eta grafikoak ere hartu ditugu", dio Olaizolak.

Laukote protagonistak istorioak osatzeko orduan "zabaltasuna" eskaini diela azaldu dute: "Izaera, egoera eta ikuspegi desberdinak jorratzeko aukera eman digu ipuineko laukoteak".

Zapoarekin jolasa

Lau buruhandiak dira ipuinetako protagonista, baina zapoa ere presente dago orrialde guztietan. "Zapoarekin jolasa txertatu nahi izan dugu ipuinetan; hala, haur txikienek zapoa non dagoen aurkitu beharko dute orrialde guztietan", azaldu du Olatz Aguado marrazkigileak. Buruhandien irudiak bere marrazteko estilora ekartzea izan da Aguadok egindako aurren-aurreneko lana. "Behin hori eginda, oso eroso jardun dut marrazten eta bakoitzari bere nortasuna ematen. Lana oso erraza eta naturala egin zait", gaineratu du marrazkilariak.

Testuaren tipografia aukeratzeko orduan ere, haurrek eskoletan asko erabiltzen duten bat erabili dutela azaldu du.

Munoaunditik gaur egunera

Lehen ipuina Burdin Aroan kokatu dute; hortik abiatzen da ipuinetan herriaren historia. Hala azaldu du Markel Mendizabal historialariak: "Munoaundirekin eman diogu hasiera bildumari; lehen zenbakia garai hartan kokatu dugu, eta azkena, gaur egun. Urte pilo ederra da hori, eta ezinbestekoa izan da gertakizun batzuk alde batera uztea", esan du Mendizabalek.

Herritarren bizimoduari eman diote garrantzia istorioak kontatzerako orduan; "arlo soziala izan dugu kontakizun liburuetan". Ipuin guztien bukaeran fitxa teknikoa ere erantsi dute. "Fitxan garaiko ezaugarri nagusienak azaldu ditugu, era horretan gurasoek jakin dezakete umeekin ipuina irakurtzerakoan zertan jarri behar duten arreta", azaldu du Mendizabalek. Atzo eguerdian udaletxean aurkeztu zuten ipuin bilduma egileek, baina arratsaldean, argitaratu berri duten lana herriko haurren artean aurkezteko festa antolatu zuten, plazan.

Ipuin Bilduma

  • Ipuin bildumaren izenburua.

Azpeitiko historiak eta komeriak.

  • Argitaraitzailea: Azpeitiko Udala.
  • Edizioaren koordinazioa eta arte zuzendaritza eta diseinua: Eregi Euskara eta Komunikazioa.
  • Testuak: Alaitz Olaizola.
  • Marrazkiak: Olatz Aguado.
  • Historialaria: Markel Mendizabal.
  • Ipuinak: Ipuinak gordetzeko kaxarekin batera, zortzi ipuin argitaratu dituzte. Hauek dira ipuinen izenburuak:
  • 1. zenbakia: Bizileku bila. Burdin Aroa.
  • 2. zenbakia: Zelata. Antzinaroa.
  • 3. zenbakia: Zorrak zor. Goi Erdi Aroa.
  • 4. zenbakia: Herriaren sorrera. Behe Erdi Aroa.
  • 5. zenbakia: Non dago musika?. Errenazimentua.
  • 6. zenbakia: Matxinada. Aro Modernoa.
  • 7. zenbakia: Badator trena. Aro Garaikidea.
  • 8. zenbakia: Urte askotarako. Aro Garaikidea.
  • Tirada: 1.000 ale.
  • Salneurria: 12 euro. (Atzo, bildumaren aurkezpen egunean, 10 eurotan saldu zuten herriko plazan).
  • Saltokiak: Belaetxe dendan (Sanjuandegin) eta Iratzar liburudendan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide