Herrigintzaren alde, zuzendaritza politikoak egin dezakeen ahalegin emankorrena da ikuspen estrategiko bat xedatu eta gauzatzea. Ikuspen estrategiko hori bereziki beharrezkoa da gizartea trinkotzen duten politika publiko arnasa luzeko eta helburu handikoetan.
Azken 30 urte honetan, euskal erakundeok euskararen ikaskuntzaren eta erabileraren aldeko politika bat mamitu dugu, eragile sozialen lankidetzaz, bakoitzak bere ñabardura edo kutsu bereziarekin, askotan, baina ikusmolde bateratu batzuen gerizpean beti: euskararen inguruan, gogapen bateratzaile erakargarri bat eskaintzea gizarteari, euskararen erabilera soziala eta ospea indartzea, eragile sozialen atxikimendua tinkotzea euskararen alde, eta erdaldunen kidetasuna lortzea.
Labur esanda, gure abiapuntua da hizkuntza politikak zentraltasuna izan behar duela, zehar lerroko politika bat izan behar duela gure erakunde publikoetan. Gainera, esango nuke inork ez duela zalantzan jartzen Eusko Jaurlaritza izan behar dela euskararen aldeko politikaren buru, aldundiekin eta udalekin elkarlanean jokatuta.
Zer hobetu asko egongo da, jakina, baina aitortu beharra dago euskararen aldeko politikak emaitza bikainak lortu dituela orain arte, bai ikuspegi kualitatiboz, baita kuantitatiboz ere. Alde batetik, gurasoek, urterik urte, hautatzen dituzte euskarazko hezkuntza ereduak, hau da, euskara ikasi eta erabiltzeko aukerak eta bermeak eskaintzen dituzten ereduak. Beste aldetik, Eustat-ek emandako datuen arabera, 2001-2006 bitartean bakarrik, 118.000 euskaldun gehiago sortu dira EAEn. Gipuzkoan, euskaldunak %53,33 gara, Bizkaian eta Araban baino proportzio handiagoan, baina urrun gaude oraindik guk nahi genukeen gizarte benetan eleaniztun horretara iristeko.
Mehatxupean bizi diren hizkuntza txikiak biziberritzeko, Joshua Fishmanek eta beste aditu askok formulatutako ereduen arabera, euskarak urrats handiak egin ditu esparru formaletan, hala nola administrazioan edo hezkuntza sisteman. Hala ere, bide luzea dugu egiteko, euskarak bizi sendoagoa izan dezan beste esparru batzuetan, adibidez enpresetan, aisialdian eta hedabideetan.
Euskararen normalkuntzan, bai ikaskuntzan bai erabileran, aurrera egin nahi badugu, nahitaezkoa da adostasun soziala babestu eta indartzea, lidergo publikoari kemen handiagoa ematea eta eragile sozialekin elkarlan estuagoa izatea.
Azken boladan, ordea, atzerabideko egintzak eta jarrerak ari gara ikusten, kezkaz beterik gainera. Esate baterako, ikuspegi guztiz alderdikoi batekin, eztabaida antzuak pizten ari dira, nahitara, esanez gurasoek ez dutela askatasunik hezkuntza ereduak hautatzeko, edo EITBn euskararen erabilera auzitan jarriz, edo Nafarroan eta Iparraldean euskara indartzeko erakundeen arteko elkarlana zalantzan ipiniz. Eusko Jaurlaritzaren goi mailako arduradun politikoek kargua uzten dute, eta aditu askok alerta piztu dute, gure erakunde nagusian euskararen aldeko politika ez ote den atzera egiten. Nolanahi ere den, gauzak geldirik edo geroraturik uzteaz gain, hizkuntza politikaren mantsotzeak esan nahi du, beti, hizkuntza garatuagoaren alde egiten dela; gure kasuan, gaztelaniaren alde egiten dela.
Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak argi eta garbi adierazi nahi du, berriro ere, guztiz konprometiturik dagoela euskararen erabilera soziala eta irudia indartzeko ahaleginarekin, eta prest dagoela lanean jarraitzeko, lidergo partekatuaren bitartez, bai Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin, bai eragile sozial guztiekin batera. Eskua zabalik eskaintzen diogu Eusko Jaurlaritzari, elkarrekin aurrera egin dezagun gizarte eleaniztun baten bidean, ongi ulerturik euskara gizarte kohesioaren eragile bat izan behar dela, eta ez gatazka alderdikoiak elikatzeko tresna.
Koldo Mitxelenak esan ohi zuen bezala, hobe litzateke euskarak gugandik maitasun gutxixeago jasoko balu, eta, aldiz, errespetu gehixeago. Izan ere, asko kosta zaigu errespetu hori irabaztea, eta guztioi dagokigu alferrik ez galtzea.