Udalbiltzako auzipetuek 'Egunkaria'-ren epai bera espero dute, "auziak antzekoak direlako"

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 20a, 11:04

Udalbiltzakoei babesa adierazteko iaz Azpeitian egindako elkarretaratzea. (Nerea Uranga)

Udalbiltzaren kontrako prozesuan 22 lagun daude auzipetuta; horien artean, Miren Odriozola azpeitiarra

Epaiketa aurki hasiko delakoan daude auzipetuak

Egunkaria auziko epaian jasotako hainbat kontu, "Udalbiltza epaitzearen eta zigortu nahi izanaren bidegabekeria" ulertzeko eta salatzeko baliagarri izango dela uste dute Udalbiltzako auzipetuek; hori baita, hain zuzen, Udalbiltza auzia-ren oinarrian dagoena. Udalbiltzako 22 langile eta Udal hautetsi daude auzipetuta, tartean, Miren Odriozola azpeitiarra (hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute harentzat).

Epaiketa aurki hasiko delakoan daude, "berez, Egunkaria-koen hurrengoa delako", eta horri aurre egiteko gizartearen "hauspoa eta indarra" beharko dituztela azaldu zuten auzipetuek, joan den larunbatean Donostian egindako agerraldian. "Gizarteari eskatzen diogu, epaiketa hasi behar denerako adi egon dadila, eta beste hainbatetan legez, elkartasun olatua mugi dadila bidegabekeria honen kontra", esan zuten.

Hilaren 29an zazpi urte beteko dira Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa agindu zutela. Orduan, Baltasar Garzon epaileak aginduta, hamahiru pertsona kartzeleratu, egoitza publikoak itxi eta herritarrek Zuberoako hainbat garapen egitasmorako emandako 400.000 euro konfiskatu zituzten. Auzian guztira 22 lagun daude auzipetuta.

Fiskaltzak eta Dignidad Y Justiciak ordezkatutako herri akusazioak hamar eta 23 urte arteko zigorrak eskatu dituzte auzipetuientzako, "talde terroristako kide" izatea leporatuta. Baina haien aurkako akusazioak "narrazio fantastiko batean" oinarritutakoak direla salatu dute auzipetuek. Egunkaria auzia eta Udalbiltza auzia "antzera interpretatu" daitezkela uste dute: "Hainbat modutan era mimetikoan interpreta daitezke", esan dute. Auziko akusazio idatzietan" ez da inolako jarduera deliktiborik jasotzen", esan dute, eta azaltzen diren ekimenak, udaletan eta beste instituzioetan bultzatzen eta laguntzen direnek direla gehitu: "Haurrentzako aldizkari bat, ikastola bat, zerbitzu metereologiko bat, estatistika proiektu bat eta Zuberoako hainbat egitasmo eta antzekoak lagundu izana soilik aipatzen da".

"Frogarik ez"

Udalbiltza auziaren oinarrian ere "dena ETA da" teoria dagoela, eta akusazioek "frogarik ez" dutela salatu dute Udalbiltzako auzipetuek. "Gure aurkako epaiketan eztabaidagai izango da ea gu ETAko kideak garen, ea gu ETAren agindupean aritzen ginen". Baina auziaren sakoneko helburua "milaka udal hautetsiren lana kriminalizatzea" dela salatu dute.

Udalbiltzako auzian auzipetuta daudenek esan dutenez, Egunkaria auziko sententzian hainbat puntu "interesgarri eta positibo" daude. Euren aurkako auzian ere akusazioek indukzio prozesua atzekoz aurrera egin dutela diote. "Lehendabizi ondorioa atera zuten, eta, gero, horri eusteko froga bila jardun zuten. Akusazio idatzietan ez da inolako delituzko jarduerarik jasotzen", esan dute.

Era berean, kanpoko agente baten agindupean jardun zutela arrazoitzeko frogarik ez dagoela nabarmendu dute. "Nola uler daiteke bestela, 1978ko urtera atzera egin, Euskal Herriko Biltzarre Nazional deituriko herri proiektuari hautsa kendu, ETArena zela esan, eta 25 urte geroago Udalbiltza proiektu horren berredizioa dela baieztatzea?". Auzipetuen ustez horrelakoek akusazioaren "ahuldadea" erakusten dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide