Landa inguruak garbi mantentzeko, birziklatu

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 21a, 10:04

Urkomeko arduradunak eta Foru Aldundiko Juan Cruz Zuloaga atzo plastiko bilketaren berri ematen. (Nerea Uranga)

Urkomek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazariek erabiltzen dituzten plastikoak bildu eta birziklatzera eraman ditzaten kanpaina abiatu dute

Baserri inguruetan baliatutako plastikoa biltzeko zerbitzua Urkomek kudeatzen du, 1999. urtetik

Landa eremuan gero eta plastiko gehiago erabiltzen da. Hori hala, material hori bildu eta birziklatzeko asmoz, elkarlanean hasi ziren duela hamar urte Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Lankidetza horren emaitza dira Urola Kostan plastikoa birziklatzeko jarrita dituzten 45 guneak. "Azken hiru urteetan gora egin du nekazaritza eremuan bildutako plastikoaren kopuruak, eta horrela izatea nahi dugu, gure helburua landa eremuan zerbitzuak emateaz gain, ingurumen alorra ere jorratzea baita", esan du Manuel Labaka Urkomeko lehendakariak. Horretan bat etorri da Juan Carlos Zuloaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia: "Plastikoa biltzea eta birziklatzera eramatea ekintza xumea da, baina garrantzitsua, hondakin horrek ingurumenean eragina baitauka".

Ohitura aldaketa

Plastikoa biltzeko guneetan siloa estaltzeko edo gordetzeko erabiltzen den plastiko beltza, belar boletan erabiltzen dena, eta negutegietan eta baratzetan erabilitakoa jasotzen dute. Lehen, udaberrian edo udan negurako egindako belarra lehortu eta metak edo zuhatzak eginda gordetzen zen. Gaur egun, ordea, negurako belar gehiena siloratuta gordetzen da, plastikoan bilduta. Bestalde, baratzagintzan ere gero eta plastiko gehiago erabiltzen da lurrean.

Eskualdea aitzindaria

Landa eremuan plastikoaren erabilera areagotzen ari zela ikusita, 1999an Urkomek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, baserrietan sortutako plastiko hondakinak biltzeko zerbitzua jarri zuen martxan. Urola Kosta osatzen duten 11 herrietan Urkomek ematen du zerbitzua. "Gipuzkoan Urola Kosta aitzindaria izan zen zerbitzu hau eskaintzen. Esan beharra dago Gipuzkoan abeltzaintza aldetik eskualde hau dela indar gehiena duena", adierazi du Zuloagak. Biltzen duten plastikoa gero birziklatzera eraman ohi dute: "Biak dira garrantzitsuak, biltzea eta birziklatzea".

Landa eremuko plastiko bilketa

Azken urteetan jasotako kilo kopurua

Urtetik urtera landa eremuan plastikoa gero eta gehiago erabiltzen da eta jasotzen den kopurua ere areagotuz doa. Azken hiru urteetan Urola Kostan jasotako kilo kopurua hau da:

  1. urtean, 57.960 kilo plastiko bildu zituzten. 2008an, 70.600 kilo eta 2009an, 77.700 kilo.

Plastikoa uzteko tokiak

Landa eremuko plastikoa hileko bigarren asteartetan biltzen dute Urola Kostako herrietan, horretarako jarritako puntuetan. Beraz, bilketa aurreko egunetan arratsaldeko bostetatik aurrera utzi behar da plastikoa, haizeak eraman ez dezan, eta bilketa txukun egiteko. Azpeitian, Urrakiko bidean, Loiola inguruan eta OƱatz eta Odria auzoetan daude plastikoa biltzeko guneak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide