Libe Aranburu: "Helduentzako antzerkia egitea erronka izan da"

Uztarria.eus 2010ko api. 22a, 13:04

Libe Aranburu aktore azpeitiarra antzezlan batean.

Anbotoko Mari, 'Cocidito Madrileño' eta Kanpaia jo bitartean lanetan dabil azken urtebetean

Bihar, ostirala, Zumaiako Aita Mari aretoan Kanpaia jo bitartean antzeztuko du, 22:00etan hasita

Libe Aranburu (Azpeitia, 1982) aktorea, Glu-glu antzerki taldearekin dabil azken lau urte eta erdian lanean. 2009an hiru lan estreinatu zituen; 'Cocidito Madrileño 2', Anbotoko Mari eta Kanpaia jo bitartean.

Bihar, apirilak 23, Zumaiako Aita Mari zineman Kanpaia jo bitartean antzeztuko du, Ugaitz Alegriarekin batera, 22:00etan hasita.

Herriz herri zabiltzate Kanpaia jo bitartean antzezlanarekin. Zein herritako esperientzia izan da onena?

Urtebete inguru daramakigu antzezlan hau egiten. Nafarroan eta Araban aritu gara antzezten, baina Gipuzkoan eta Bizkaian egin ditugu gehien bat. Esperientzia onenak, berriz, Azpeitikoa eta Ondarrukoa izan ziren. Azpeitian eskaini genuena mundiala izan zen, lagunak, ezagunak... ikusleen artean baitzeuden.

Antzezlan hau egin aurretik, haurrentzako antzerkiak egiten zenituen. Nolatan helduen antzerkira jauzia?

Lau urte daramazkit Glu-glu taldean. Kanpaia jo bitartean lana egitea proposatu zidaten eta gustura nago. Pausu bat gehiago izan zen helduen antzerkia egitea, eta gehiago gustatu zait.

Helduen antzerkia egitea "erronka" izango zela esan zenion uztarria.com-i duela bi urte. Zer moduzko esperientzia izan da?

Erronka izan da, kode ezberdina delako helduena; testu luzeagoa, gorputzaren mugimendu desberdinak... Kanpaia jo bitartean antzezlana, gainera, bi aktorek egiten dugu eta ardura handia da. Jendearen erantzuna ona izan da eta horrek bete egiten nau.

Zergatik Kanpaia jo bitartean?

Egia esan, ez nekien zergatik. Ikusle bakoitzak modu desberdinean interpretatzen du. Onena zuzendariari galdetzea izango da. Kar, kar, kar.

Nolakoa da zure pertsonaia?

Nahia Agirre Eizagirre 35 urteko emakume bat da. Umerik ezin edukita dabil eta desesperazioak jota dago. Muturreko jokaerak ditu Nahiak; onean zein txarrean.

Umorezko antzerkiak ere egin izan dituzu.

Kanpaiak jo bitartean egin arte, haurrei zuzendutako lanak egiten nituen eta bazuten umore ukitu bat, baina umore kodean ez nuen sekula ere egin. Oso desberdina da.

Eta zer moduz Glu-glu taldean lanean?

Lau urte eta erdi daramazkit talde honekin lanean. Arte Dramatikoko ikasketak bukatu eta kasting batera aurkeztu nintzen. Han aukeratu egin ninduten eta handik aurrera gauzak errazak izan dira. Sartu nintzenetik denerako kontatu dute nirekin; 'Cocidito Madrileño 2', Anbotoko Mari eta baita Kanpaia jo bitartean antzezlanerako ere. Oso gustura nago, beraz.

Euskal Herrian antzerkitik bizitzea posible al da?

Antzerkitik bakarrik, ezin da bizi. Nik bikoizketak eta antzerkia egiten ditut eta horrela biziraun daiteke. Saiatu egin behar da eta gauza asko egin, baina antzerkitik soilik ezin da bizi.

Beste antzezlanik ba al duzu esku artean?

Momentuan ez. Ez nuke nahi, gainera. Orain, lau antzezlanetan nabil eta testu asko eduki behar dut buruan. Hala eta guztiz, zerbait entzun dut, baina ez zait eskuetara iritsi.

Eta antzezlanekin batera, bikoizketa lanak ere egiten dituzu.

Antzerkiaz gain, bikoizketak egiten ditut. Marrazki bizidunen bikoiketak, hain zuzen. Eta orain, Legens marrazkiei jartzen diet ahotsa. Horrez gain, pelikula batzuetan ere egin izan ditut lanak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide