Fernando Morillo: "Libreago sentitzen naiz"

Berria 2010ko api. 27a, 11:04

Erritmo biziko abenturazko nobela fantastikoa izanagatik, etorkizuneko zibilizazioen inguruko hausnarketa ere bada Morilloren Bilbo Samurai berria

"Liburuen muina, bihotza, barrukoa dela pentsatu dut, eta ez papera", adierazi dio idazleak Berriari

Bilbo Samurai nobelako pertsonaia nagusia bezala, sega batekin dabil Fernando Morillo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974) Euskal Herriko punta batetik bestera. Baina, bizkarretik zintzilik barik, autoan darama. Eta ez du borrokarako baliatzen, eskolarik eskola bere liburuei buruz ematen dituen literatura saioetan antzerki modukoa egiteko baizik. Saio horiekin ateratzen du bizimodua. Eta ikaragarri gozatzen duela dio. Agenda estua du. Eta uda iristeko irrikan dago, buruan jirabira dituen ideiekin hurrengo liburuak ontzeko astia izateko. Argazkilariari ere azaldu dizkio Bilbo Samurai-ren (Txalaparta, 2010) nondik norako nagusiak, argazkiak egiteko toki baten bila dabiltzala. "Hondamendia gertatu da Euskal Herrian, eta paisaia guztiz suntsigarria da, mingarria. Testuinguru horretan garatzen da bidaiari biren istorioa, Bilbo Samurai eta Xurirena". Ez dago garraiobiderik, argindarrik, jatekorik. "Marko zaila eta indar handikoa nahi nuen istorioa garatzeko", dio Morillok elkarrizketa hasitakoan.

Zer gertatu den zehazki jakiterik ez dagoen arren, zibilizazio gehiegikeriaren zantzuak nabarmenak dira nobelan. Uste duzu gaur egun halakorik dagoela, eta, ondorioz, halakorik gerta daitekeela?

Lurraren aukeren gainetik bizi gara, ekoitz dezakeguna baino energia handiagoa kontsumituz. Badator zerbait, baina zer den ezin da jakin. Horren ondorioz, arrazoitsuagoak bihurtuko garen? Ez dut uste, nolakoak garen ikusita. Joango gara tira egiten, eta azkenean zer edo zer apurtuko da. Espero dut hainbesteraino ez iristea, baina posible dela uste dut.

Liburuan diozu: "Hondamendia etorri eta gutxira, ezin konta ahala erlijio txiki sortu ziren. Sektak, taldeak, fedeak. Era guztietakoak". Gaur egungo gizartea ere atomizatua dago, baita euskal esparru politikoa ere; alderdi abertzaleen artean inoizko sigla kopururik handiena dago...

Historia asko gustatzen zait, eta Erromako Inperioaren historiari begiratuz gero, ikusten da apurtezina zirudienak ere pitzadura asko izan zituela erortzen hasi zenean. Atomizazioak gertatu ziren, lerrokeria ikaragarriak, gaur egungoen oso antzekoak. Ni oso bakardade zalea izan naiz beti, baina lagunen oso lagun ere bai. Eta gaur egun ari gara dena mozten, dena hausten, geurekoikeriaren ikuspuntu batetik. "Ni hemen nago, eta ez dut beste inorekin ezer nahi, ez badu egiten nik nahi dudana".

Gaur egungo gizartean geurekoikeria gailentzen ari dela uste duzu?

Mendebaldean bai, behintzat. Besteek horretarako aukerarik ere ez dute. Baina geure artean oso nabarmena eta bortitza dela iruditzen zait. Gu umeak ginenean beste krisi bat egon zen, baina oraingoa okerragoa da, zabalagoa eta globalagoa baita. Tristea da ikustea, nahiz eta idazle gisa aukera asko zabaltzen dituen...

Liburuaren hasieratik beretik ikusten da pertsonaia nagusiak, Bilbo Samuraik, etengabeko paradigmari egin beharko diola aurre: bestea hil edo norbera. Amaierak ere ez dakar ezer berririk horri dagokionez. Zeuk egiten duzu galdera liburuan: "Ez al da existituko inoiz borroka guztien haragoko bideren bat?". Ezetz uste duzu?

Nahiko nuke, baina uste dut zoritxarrez ez dela hala izango. Utopian sinetsi behar dugu eta haren alde borroka egin. Baina urte asko daramatzagu egoera horretan gauza onerako... Aurrekoan, Asel Luzarragarekin egon nintzen hizketan. Utopiazale amorratua da hura ere. "Merezi du? Lortuko dugu?", galdetzen genion elkarri. "Ez, baina egin egin behar dugu!", esaten genion batak besteari.

Ez al da ikuspegi ezkorregia?

Gazteagoa nintzela uste nuen bazegoela aldatzea, baina nondik gatozen ikusita eta beste zibilizazioen historia begiratuta... Tira, gerta liteke aukera txiki bat egotea... Ametsei mozorroa jarri eta ikus dezagun.

Paperezko liburuak zerbait bitxi eta arraro gisa ageri dira nobelan. Liburu elektronikoen aldean inork gutxik ulertzen du zertarako balio duten. Liburugintzaren industriak halako garapena izango duela uste duzu?

Editoreek zalantza hori badute. Hemendik hamar bat urtera gehienez ere zerbait gertatuko dela. Ni neu kutsatua nago honezkero, paperezko liburuak behar ditut. Baina gaur egungo gazteentzat liburu elektronikoak guztiz arruntak dira. Ordenagailuan heziak izan dira, eta beraientzat paperezko liburuak dira bereziak. Praktikotasunak ere badu garrantzia. Duela urte batzuk Galiziara joan nintzen, eta autoan liburuak besterik ez neramatzala zirudien, hainbeste ziren... Eskaneatu behar izan nituen asko, beste aukerarik ez nuen. Liburuen muina, bihotza, barrukoa dela sinetsi nahi dut, eta ez papera. Nik papera maite dudan arren, liburuak berak beste modu honetara salbatzea espero dut.

Herri kondaira eta mitologiako osagaiak nabarmenak dira liburuan. Pertsonaia asko oso markatuak daude, piztiak dira, elfoak...

Gauza batzuk ukitu besterik ez ditut egin, liburua loditzen ari zitzaidalako. Baina mitologia beti gustatu izan zait, ulertzen ez duguna azaltzeko modu bat iruditzen zait. Nire asmoetako bat da mitologia ardatz duen nobela bat egitea. Euskal mitologia oso aberatsa da baina dagoen gehiena lan serioak dira, erudituak, antropologikoak. Niri gustatuko litzaidake nobela egitea.

*Aurreko nobeletan landuriko zientzia aparte utzi duzu nolabait Bilbo Samurai-n. Beste eremu batzuk ezagutzeko gogoa zenuen?*

Gero eta libreagoa sentitzen naiz. Umetan irakurtzen nuen gehien-gehiena fantasia eta zientzia fikzioa ziren, zientzia dibulgazioarekin batera. Nire barruan aspalditik nuen halako zerbait idazteko gogoa. Uste dut gero eta gehiago azalduko direla horrelakoak nire liburuetan.

Liburuko arerio nagusiak, lau zaldizkoak, esklabo izan ondotik iritsi dira hainbesteko botere izatera. Esklabo izateari utzi zioten, beste batzuk mendean hartuz, esklabo bihurtuz. Ez da posible berdinen arteko zibilizazio bat? Zapalkuntzarik gabeko gizarte bat?

Nahiko nuke. Ikusten da historian izan direla zibilizazio batzuk, baina etortzen denean kanpoko bat zapaldu egiten ditu erabat. Nahiko nuke, sinetsi nahi dut eta horren alde borrokatu behar gara, egon daitekeela halako zibilizazio bat, baina aski da batek indar handiagoa izatea beste denak zapaltzeko. Arauak baditugu, teorian justuak. Baina, zer gertatzen da gero? Ez dira betetzen...

Paradoxikoki, gizarte nahiko parekidea irudikatu duzu nobelan. Emakumeak beren buruaren jabe dira,antolatu eta borrokatzen dira, eta sexua ere nahiko modu ireki eta askean ulertzen da gizarte horretan, oro har.

Gustatzen zait eredu hori. Agertu nahi nituen emakumeek berek antolatutako bakeguneak, emakumeek berek defendaturikoak. Denek behar ditugu lagunak, baina beren kabuz moldatzen diren emakumezko pertsonaiak sortu nahi nituen. Hori onean aldatzen ari dela iruditzen zait. Emakumeak hasi dira liberatzen, eta liburuan ere uharte batzuk erakutsi nahi nituen, espazio liberatu batzuk. Espero dut horrelako hondamendi bat gertatzen bada horrelako espazioak ere azaltzea.

Amaiera erabat irekia du nobelak, eta hari asko ere lotu gabe geratzen dira. Bigarren partea idazten hasi zara?

Editoreari [Mikel Sotori] ere esan nion asmoa nuela. Zortzi istorioren zirriborroa prestatu nuen, baina liburu bakar batean ez zegoen denak sartzerik. Erabaki nuen batzuekin hastea. Ni ere irrikan nago zer gertatuko den jakiteko. Idatzi, idatzi egingo dut bigarren partea. Nik ere jakin nahi dut zer gertatuko den.

Ez duzu oraindik erabaki?

Ez, ez. Bilbo Samuraik garapen hori izango zuenik ez nuen espero. Tipo indartsua da, zintzoa eta jatorra. Egunero entrenatzen da, baina azkenean gertatzen zaio bere burua ezagutu eta ohartzen dela oraindik ez duela lortu nahi duen hori izatea. Talka egin du, eta orain beste aukera batzuk behar ditu, merezi ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide