'Egunkaria'-ren aurkako auzi ekonomikoa Auzitegi Nazionaletik Donostiara ekarri dute

Uztarria.eus 2010ko mai. 5a, 16:05

Vazquez Honrubia epaileak azaldu duenez, itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondoren ez dago “delitu terroristarik”

Hasieratik bertatik defentsak epaiketa hona ekartzeko eskatu izan duela esan zion joan den astean Eneko Etxeberriak uztarria.com-i

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du Egunkaria-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki baitu, gaur eguerdian auto baten jakinarazi duenez. Donostiako epaitegiak helduko dio, beraz, auzibideari.

Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi du auzian "delitu terroristaren" zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela —'ohiko delitua'—. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza —narkotrafiko eta "terrorismo" gaietarako sortu zuten auzitegi hori—, auzia Gipuzkoara pasatzeko agindua eman du —Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen—. Defentsak horixe eskatu izan du. Dignidad y Justicia herri akusazioak gaur bertan iragarri du helegitea sartuko duela.

Eneko Etxeberria Egunkaria-ko lege arduradunak eta azpeitiar abokatuak joan den astean uztarria.com-i adierazitakoaren arabera, "hasieratik bertatik hori izan da defentsak egin izan duen eskaria: alegia, auzia Gipuzkoara ekartzea". Horrekin batera, "guztia lehenbailehen bukatzea" desio duela esan zuen abokatuak: “Urteak dira auzia abiatu zutela —zazpi urte—, eta jendeak bere etxeak, kontu korronteak, autoak… enbargatuta izaten jarraitzen du. Seme-alabak dituzten jendea dago egoera horretan eta amesgaizto honek lehenbailehen amaitu behar du, honek guztiak inongo funtsik ez duelako”.

Guardia Zibilak 2003ko urrian egin zuen auzi horretako operazioa, eta Etxeberria bera izan zen atxilotuetako bat; auzitegian atzeman zuten, baina. Mikel Azkune azpeitiarra ere atxilotu zuten. Biak ez epaitzea erabaki zuen auzitegiak gero.

Zortzi auzipetu daude auzi ekonomikoan, eta 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eta 235 milioi euroko isuna eskatu dituzte haientzat.

Albiste honi buruzko informazio gehiago berria.info-n

Edo bestela, ikusi Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiek uztarria.com-en daukaten atala

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide