Ametsak itota

Joxemari Iriondo (Urola Kostako Hitza) 2010ko mai. 6a, 11:05

Historia baten hasiera. 1961eko otsailean hasi eta aurrera, horrelaxe izan zen guretzat: Historia eder baten hasiera. Baina, batez ere Urola, Goierri eta Deba bailaratarako izan zen historiarik bikainena, egunean zehar alderdi horietako entzulegoaren bela-rri/bihotzetara hurbiltzen saiatzen ginen-eta, euskaraz gehiago gaztelaniaz baino, beti ere otso beltzaren eta bere monagiloen beldur ikaraz, Fraga Iribarne eta bere delegatuak Donostian hortzak erakusten genituela beti. Nolaz ahaztu berri triste hau jasotzean Loiolan egindako urteak eta gazi-gozoak, gozatu eta sufritu genuena?

1965ean irratia itxi zigun, uztailaren 22an, oraindik ere politikatik bizi den fosil gaizto batek; amets gaiztoa izan zen gogotik. Eta etxez etxe abiatu ginen berehala handik aurrera laguntzeko prest zeudekeen bazkideak biltzen, gero FMa hartzeko antenak jartzen, kantariak, trikitilariak, bertsolariak edota euskal usaina zerion dena bildu eta jendeari banatzen.

Urtebete luze bat ixilik egon ostean, San Inazio egun batez hasi ginen berriro aireratzen, indartsu, ausardiaz beteta. Baina 1976an, Gerrilleros de Cristo Rey deitu talde madarikatu batek Itxumendiko antena lehertu zigun, gu berriro ixilarazi nahirik. Eta berriro ere, gure entzulegoaren diru-laguntasunari esker, Itxumendiko antena-etxe berria egin, ekipamendu berria erosi eta laster hasi ginen lehen baino ere areago.

Beharrizan hartan ere irratiari laguntzeko herriarengana jo genuen, kantaldiak, bertso jaialdiak, subastak, zer ez zen gero antolatu 76ko udaldi eta udazken hartan! Eta ondo gogoan daukat gure zuzendari Juan Lekuona Urrutia jaunak entzuleei eskerrak emanez irakurri zuena, neuk euskeratuta: «Loiolako Herri Irratiak ezingo du esan sekula gehiago herriarena ez denik, herriaren laguntasunez jaso baitugu orain ere norbatzuk maltzurkeriaz betiko hondatu nahi zuten irratia».

Gogorrak, baina une ederrak izan ziren haiek. Ilusioz beteta ari ginen 15-18 lankide, goiko agintarien eta COPE-ren beldurrez beti ere; baina beti aurrera egin genuen, gure eginkizuna huraxe zela-eta.

Historiaren amaiera tristea

Norbaitek esango dit, seguru gainera, -ez da lehenengo aldiz izango- Loiolako irratia ez dela itxiko. Eta gehiago ere, seguruenik: neri ez dagokidala hontaz hitz egitea.

Nahi duenak nahi duena esango du, baina badut horretarako adina eskubide, eta hitz egitea dagokit. Eta nire protesta egitea, urte askoan ahalegin asko eginak baikara Loiolako Herri Irratiak urte askotako bizia eta iraupena izan zezan, lehen aipatutako bailara horietako entzulegoa zerbitzatzen, horixe eta gehiago merezi zuen-eta.

Bestalde, egun hauetan ohartu naiz Loiolaren ezaugarriak ezabatu dituztela. Eta ohartu naiz aldi berean, pittinka-pittinka, gure ilusioak eta ametsak horrelaxe ito dituela norbaitek, Fragak ete bere monagiloek lortu ez zutena lortuz.

Asko balioko ez badu ere, bego horretan nere protesta, benetan min hartu dut-eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide