Zelai Luze eta igerileku aurreko baratzeetan ikastaroak emango dituzte

Uztarria.eus 2010ko mai. 6a, 13:05

Ikastaroa iragartzen duen kartela.

Maiatzean eta ekainean izango dira ikastaroak eta izena maiatzaren 21erako eman behar da

Elkarte gastronomikoen arteko patata tortila lehiaketa ere izango da ekainaren 11n

Iazko azaroan Ereiten ekimena jarri zuten martxan Ingurugiro Etxeak eta Urkomek, Eusko Jaurlaritzaren, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta Gipuzkoako Slow Food elkartearen eta Kimu Baten laguntzarekin. Bi baratza jarri zituzten Azpeitian; Zelai Luzen eta igerileku aurrean.

Ekimen honen helburuak, bertako produktuak eta landa eremuko jarduerak gizarteratzea eta sentsibilizazio kanpaina egitea direnez, ikastaroak antolatzen hasi dira. Maiatza eta ekainerako antolatu dute lehenengo ikastaroa. Udaberriko produktuen zaintza ikastaroa izango da, hain zuzen, eta maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an eskainiko dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Ikastaro honetan, besteak beste, baratzaren oinarriak, lurraren lanketa, mantenua eta zainketa landuko dira.

Ikastaroa doan izango da eta izena Ingurugiro Etxea Fundazioan eman beharko da hilaren 21a baino lehen; 943 15 17 13 zenbakira deituta, www.ingurugiroetxea.org webgunean sartuta edota postaz, www.ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net –era idatzita.

Udazkenean ere izango dira ikastaroak, baina irailean zehaztuko dituzte datak eta izen-emate epea.

Patata tortila lehiaketa

Ostiral arratsaldeetako baserritarren azoka dinamizatu nahian, elkarte gastronomikoen arteko patata tortila lehiaketa antolatu dute ekainaren 11rako. Ereiten programaren baitako ekimena da lehiaketa.

Bertan parte hartzeko izena maiatzaren 14a baino lehen eman beharko da, elkarte gastronomikoetan jarri diren zerrendetan. Ingurugiro Etxea Fundaziora deituta edo idatzita ere inskriba daiteke: 943-15 17 13 telefonoan, edo ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net helbide elektronikoan.

Ekainaren 11n, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara egingo dute lehiaketa eta talde bakoitzak bi tortila egin beharko ditu, bat epaimahaiarentzat eta bestea azokan dabilen jendearentzat. Taldeak bi, hiru edo lau pertsonakoak izango dira, eta elkarte bakoitzak talde bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du.

Tortilak egiteko sua, mahaiak eta karpak antolatzaileek ipiniko dituzte, baina talde bakoitza arduratu beharko da zartaginak eta beharrezko tresnak eramateaz. Antolatzaileek, bestalde, azokako produktuak emango dituzte tortilak egiteko: bi kilo patata eta bi dozena arraultza talde bakoitzeko, baita gatza eta ekilore-olioa ere. Horrez gain, tortilarako behar den beste edozein produktu taldeak berak jarri beharko du, talde bakoitzak erabakiko baitu patata tortila nola egin.

Talde bakoitzak tortilari gehitutako produktuak bertakoak eta garaikoak izatea baloratuko da. Bestalde, epaimahaiak patata tortilaren zaporea, originaltasuna eta berrikuntza, eta aurkezpena izango ditu kontuan saridunak izendatzerakoan. Sariei dagokionez, tortila onena egiten dutenek afaria eta bertako produktuekin osatutako otar ederra jasoko dute. Bigarren sailkatuek txakolin kaxa bat eta otarra, eta hirugarrenek, berriz, azokako produktuen otarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide