Herriko Plan Orokorraren eztabaidak Udalean zortzi hilabete daramala geldirik salatu du ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 14a, 10:05

Planaren edukien eztabaidaren "korapilo nagusia" Izarraizpeko eremuaren izendapenaren ingurukoa da

Iazko uztailean Plan Orokor berria egitea erabaki zuen Udalbatzak, hautetsi independentisten, EAren eta Aralarren botoekin

Etxebeltz-Izarra, Soreasu eta koarteleko eremuetarako planak baliogabetuta zeudela-eta, horri konponbidea eman asmoz, Azpeitiko Plan Orokor berria egitea erabaki zuen Udalbatzak iazko uztailean. Baina azken zortzi hilabeteotan Plan Orokorra egiteko eztabaida geldirik dagoela salatu dute Azpeitiko Udaleko hautetsi independentistek. "Besteak beste, arazo juridikoei irtenbidea emateko den Plan Orokorra Udalean blokeaturik dago azken hilabeteotan", esan dute zehazki.

2008ko abenduan Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Etxebeltz-Izarra, Soreasu eta Julian Elorza hiribideko (koartel zaharra zegoeneko eremua) eremu berriak baliogabetu egin zituen, azterketa ekonomiko-finantzieroaren dokumentua falta zutelako. Besteak beste horri konponbidea emateko asmoarekin, iazko uztailean herrirako Plan Orokor berria egitea erabaki zuen Udalbatzak, hautetsi independentisten, EAren eta Aralarren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen.

Plan Orokor berria egiteko bideak herriaren antolaketan aldaketak egiteko aukera eskaintzen du. Hori hala, planaren edukiak eztabaida piztu du alderdien artean. "Eztabaida horren erdian Loiolabide ingurua dago. Bere garaian Etxebeltz-Izarra eremua izan zen eztabaidaren muina, eta gaur egun, berriz, Izarraizpe eremua (Esklabak ingurua) bilakatu da eztabaidaren korapilo nagusia. Eremu horren izendapenaren aldaketa, hain zuzen ere", adierazi dute hautetsiek.

Ezker abertzaleko hautetsiek azaldu dutenez, gaur egun Izarraizpeko eremua ekipamenduetarako izendatuta dago, baina alde batzuek etxebizitzetarako izatea nahi dute, izendapena aldatuta. "Aurreko agintaldian, 2007an, EA alderdiak bakarrik defendatu zuen eremu hori etxebizitzarako izendatzea. Baina egun EAJko bi sektoreen arteko liskarren artean Izarraizpe eremuaren izaerarena dago", esan dute.

Gaineratu dutenez, "Azpeitian EAJren barnean gatazka handiak daude, eta alderdia bi sektoretan banatuta dago euren arteko hainbat liskar tarteko. Aurrerantzean EAJ nork ordezkatuko duen borroka handia dago, eta horrekin zuzenean lotuta, jokoan dago datozen Udal hauteskundeetan zein sektore gailenduko den". Hautetsi independentisten arabera, Azpeitiko EAJko batzarra osatzen dutenak Izarraizpe eremua etxebizitzetarako izendatzearen alde daude. "Julian Eizmendi alkatea eta haren inguruan biltzen den sektorea", berriz, Izarraizpe ekipamenduetarako gordetzearen aldekoa da.

Izarraizpeko eremuaz udaletxetik kanpo eztabaidatzen jardun izana leporatu die EAri eta Azpeitiko EAJko batzarra osatzen dutenei. "Lehen Udal Gobernuan eta orain oposizioan Udaleko erabaki nagusiak ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren artean hartu ditugu. Baina orain EAk nahiago izan du EAJko batzarraren inguruko sektorearekin bide berri bat irekitzea. EAk nahiago izan du EAJkoekin akordioa bilatzea, Esklabetako eremua buruan dutelako", kritikatu dute.

Kontuak horrela, oposizioko hiru alderdien artean Plan Orokorra aurrera ateratzea "ezinezkoa" dela gaineratu dute: "Herrigintzari dagokionez, egoera honek asko zailtzen du 2007an Udalean aldaketa ahalbidetu genuenon arteko elkarlana». Datozen urteotan Plan Orokorraren kudeaketa "herrigintzako tresna nagusietako bat" izango dela uste dute ezker abertzeleko hautetsiek. Hori dela eta, galdera hauek egin dituzte: "Aurrera begira non kokatu nahi du EAk Azpeitian? 2007ko aldaketaren baitan ala EAJren aldamenean?".

"Presa" duen kontua

Hautetsi independentisten ustez, bi eztabaida eremu sortu dira eta EAJn zein sektore gailentzen den erabaki arte "egoera ez da argituko". Horrek Azpeitirako Plan Orokorraren baitan "blokeoa" ekarri du. "Indarrean dauden arauen akatsak konpontzea presazkoa da, edozein momentutan iritsi daitekeelako herriko arau guztiak baliogabetu ditzakeen epaia". Ezker abertzalekoen ustez, Plan Orokorraren eztabaida geldi egoteak, "alderdi barruko liskarrez haratago, herriko, Udaleko eta herritar askoren egoerari eragiten dio".

Ezker abertzaleko hautetsiek azaldu dutenez, Loiolabideko ingurua gai hartuta Azpeitiko ezker abertzaleak aldizkaria banatuko du laster herrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide