Azpeitian herritarrek jasotzen duten euskarazko eskaintza %70ekoa da

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 24a, 10:05

Eskaintza altua den arren, Azpeitiko euskararen ezagutzaren eta kale erabileraren azpitik dago

Euskaini adierazleak euskarazko eskaintzari buruz jasotako informazioa eskaintzen du

Soziolinguistika Klusterrak Azpeitiko euskarazko eskaintza zenbatekoa den neurtu du. Joan den ostiralean, hilak 21, ikerketaren emaitzen berri eman zuten Ana Mendizabal Euskara zinegotziak eta Olatz Altuna Soliziolinguistika Klusterreko Euskaini ikerketaren zuzendariak. Jasotako datuen arabera, azpeitiarrek jasotzen duten euskarazko eskaintza 1etik 0,7koa da; hau da, %70ekoa.

Euskaini adierazleak euskarazko eskaintzari buruz jasotako informazioa sektoreka eta komunikazio- motaren arabera sailkatuta eskaintzen du. Eta herrian elkarteek, enpresek eta taldeek herritarrekin komunikatzeko erabiltzen duten errotulazio bidezko, ahozko eta idatzizko hizkuntza neurtzen ditu.

Euskararen eskaintza aztertzeko herriko 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu ditu, eta 3.997 elementu edo komunikazio bide jaso. Hori hala, "Azpeitian euskarazko eskaintza altua da, baina euskarazko ezagutzaren eta erabileraren azpitik dago", nabarmendu du Euskara zinegotziak.

Sektoreka, berriz, Gizarte alorra da eskaintza gehienbat euskaraz egiten duena, %95a, hain zuzen. Horren atzetik Administrazioa legoke, %86ko eskaintzarekin. Euskarazko eskaintza gutxiena hedabideek egiten dute, %29a. Kasu horretan, kanpoko hedabideek euskarazko eduki gutxi izateak zeresan handia du.

Ekonomia sektorearen baitako enpresak dira publizitatea egitean euskara gutxien baliatzen dutenak: eskaintzaren %12a baino ez da euskaraz. Bi etxetan jasotako publizitatearen hizkuntza aztertu dute ondorio hori ateratzeko. Komunikazio motari dagokionez, euskarazko eskaintza ahozko hizkuntzan ematen da gehien: %91a. Baxuena, berriz, idatzizkoan: %57.

Azpeitian euskararen eskaintzari buruzko ikerketa lau urtean behin egitea erabaki du Euskara Mahaiak, "ondoren datuak alderatzeko aukera izateko".

Euskani euskararen eskaintza Azpeitian

Azpeitiko neurketa.

Herrian euskararen eskaintzaren neurketa iaz egin zuen Soziolinguistika Klusterrak. Euskaini adierazlea kontutan hartuta, Azpeitian euskararen eskaintza 1 indizea kontutan hartuta 0,7koa da.

  • Neurketa egiteko 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu dituzte.
  • 3.997 elementu edo komunikazio bide jaso dituzte.
  • Sei sektoretan banatuta egin dute ikerketa: Administrazioa (Udala eta Udal Elkartea; Forala eta Autonomikoa; Estatukoa; eta, Justizia administrazioa), Ekonomia (enpresak; merkataritza eta zerbitzuak; eta, publizitatea), Gizartea (kirola; kultura, aisia, erlijioa eta elkarte gastronomikoak; eta, alderdi politikoak, sindikatuak eta mugimenduak), Hedabideak (bertakoak eta kanpokoak), Hezkuntza (arautua eta ez arautua) eta Osasungintza (publikoa eta pribatua).

Euskararen ezagutza eta kale erabilera altuagoak.

Euskararen eskaintza (%70) baino altuagoak dira Azpeitian euskararen ezagutza (%85) eta kale erabilera (%86).

Gizarte sektorean euskara eskaintza altuena:%95

Sektoreka Gizarte sektorean euskarazko eskaintza altuena ematen da, %95; Administrazioan, %86; Hezkuntzan %82; Osasungintzan, %78; Ekonomian, %70; eta, Hedabideen sektorean, %29.

Hedabideen sektorean eskaintza baxuena:

%29.Hemen eragin nabarmena kanpoko hedabideen euskararen eskaintzak du. Bertako hedabideen artean bost aztertu dituzte Erlo Telebista, Azpeitian Zer?, Azpeitia Eginez, Uztarria eta Urola Kostako Hitza. Horietan, euskarazko eskaintza %100 da.

Komunikazio motaren araberako eskaintza.

  • Ahoz eskaintzen den hizkuntza euskara da, kasueetatik %91. "Altua da, beste herrietan ez dugu horrelakorik jaso, honetan euskaraz jarduteko gaitasunak eta erabilerak zerikusia du", esan dute ikerketaren arduradunek.
  • Idatzizko komunikazioan ematen da datu baxuena, %57a. Kasu honetan, paperean edo euskarri elektronikoan sortutako idatzizko dokumentuen hizkuntza ikertu dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide