Lau eguneko greba deitu dute ELA eta LAB sindikatuek metalgintza arlorako

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 27a, 11:05

Bihar ekingo diete mobilizazioei eta ekainaren 4an, 10ean eta 11n utziko diote lanari metalgintzako langileek

Egunotan sektore ugaritako langileek egingo dute greba; arte grafikoetakoek, zaharren egoitzatakoek, kafetegietakoek...

Bihar ekingo diote metalgintzako langileek ELAk eta LABek deitutako grebari. Patronalarekin negoziazioek aurrera egin ezean, lau egunetan utziko diote lan egiteari sektoreko langileek, bihar eta ekainaren 4ean, 10ean eta 11n, hain zuzen ere. Negoziazio mahai horretan dagoen blokeoa salatzeko deitu dute greba sindikatuek.

Hitzarmenari eutsi

ELAeta LAB sindikatuen aldarrikapen nagusia da Adegik (Gipuzkoako Enpresarien Elkartea) orain arte metalgintza sektorea erregulatzen duen hitzarmena manten dezala. ELAko Urola Kostako Metaleko arduradun Andoni Eizmendik azaldu duenez, patronalak "gerra deklaratu" du eta horri erantzutea dagokie orain. Sindikatuek soldatak KPI Kontsumo Prezioen Indizea gehi bi puntu igotzea eskatzen dute, eta 35 orduko lan-astea edukitzea. Gainera, kontratazio finkoen alde inoiz baino presio handiagoa egin nahi dute, eta aldi baterako laneko enpresen bitartezko kontratazioak ez egitea eskatzen dute, kontratazio finkoak bermatzeko.

Bestalde, langileen eta enpresaren arteko akordiorik ez dagoen kasuetan, Eusko Jaurlaritzako delegazioak Lan Erregulazio Txostenakez onartzea eskatzen dute.

Eizmendiren ustez, Adegik proposatzen duen moduan oraingo hitzarmena bertan behera utziz gero, "30 urte atzera egitea bezala litzateke, eta beraz, 30 urtetan lortu diren eskubide guztiak galtzea, hutsetik hastea".

Greba iragarri zutenetik atxikimendu ugari jaso dituzte sindikatu abertzaleek. Jada greba egingo dutela erabaki dute enpresa horietako batzuk, eta besteek gaur erabakiko dute greba egin ala ez.

CCOO eta UGT, beren kasa

Hasieratik ELA (metalean %46,42ko ordezkaritza) eta LAB (%30,14) sindikatuek CCOOk (%17,38) eta UGTk (%5,95) beren deialdiarekin bat egiteko nahia agertu zuten, eta bigarrenek onartu egin zuten proposamena.

Dena den, asteartean Adegik negozioazio mahaia deitu zuen eta, handik ateratzean, CCOOk greba bere kabuz deitzea erabaki zuen eta UGTk, berriz, grebarekin loturarik ez izatea erabaki zuen, mahaian aurrerapenak egon zirela iritzita. CCOOk biharko eta ekainaren 4rako deitu du greba (ELAk eta LABek egindako deiaren lau egunetako bi dira horiek).

Ostiralean mobilizazioak

Atzo goizean ELA eta LABek auto ilada antolatu zuten; bi taldetan, eskualdeko barrualdeko eta kostako herriak zeharkatu zituzten biharko greba iragarriz.

Bihar, bestalde, manifestazioa egingo dute Donostiako Bulevarrean hasita, goizeko 11:30etik aurrera.

Greba egingo duten enpresak

Hauek dira, oraingoz, greba jarraitzea erabaki duten enpresak:

  • Komiteak: Biele; Corrugados Lasao; Forjas de Iraeta; Glual HidrĂ¡ulica; Guascor; Indaux Aia; Indaux Getaria; Korta; KSB Itur; Mendiaraiz; Obe Hettich; Sammic; TS Fundiciones Arroa; TS Fundiciones Zestoa; TS Juaristi, Sarralle eta Mendiaraiz.
  • ETEak: Electrotaz; Elesa Transformadores; Moyven;Sierras Xabi.

Sektore ugarik greba

Metalgintzan ez ezik, krisiak gogor jo ditu beste sektore asko ere, eta haietako hitzarmenak dantzan dabiltza, patronalak eta sindikatuak ez baitira ados jartzen. Hori delaeta, datozen egunotan eta asteotan ugariak izango dira beste sektore batzuetako mobilizazio eta grebak. Hona hemen orain arte deitu dituztenak eta eskualdeari eragingo diotenak:

Zaharren egoitzetako langileak greba egitera deitu dituzte gaur, bihar eta ekainaren 3an eta 4an.

Arte grafikoetako langileak gaur, bihar eta ekainaren 3an, 17an eta 18an greba egitera deitu dituzte.

Kafetegietako langileei grebarako deia egin zaie maiatzaren 31rako eta ekainaren 4rako.

Bestalde, eraikuntza sektoreari eta jangelei dagokionez, hainbat mobilizazio eta greba iragarri dituzte sindikatuek ekaina osorako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide