Eñaut Aranbarri: "Azken urteak Iraurgiren etaparik politenetakoan jokatu ditut"

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 3a, 11:06

Eñaut Aranbarri, azkenetako entrenamedua hasi aurretik, kiroldegian. (Nerea Uranga)

Iraurgin hasi zuen ibilbidea 13 urterekin; zortzi urtez AEBetan ibili ostean, azken hiru denboraldi Iraurgiko lehen taldean egin ditu

Datorren larunbatekoa azken partida izango da Aranbarrirentzat, saskibaloia uzteko erabakia hartu baitu

Eñaut Aranbarrik (Azpeitia, 1979) saskibaloia utziko du. Larunbatean jokatuko du azken partida Lan Mobel Iraurgirekin, Gandiaren kontra; Espainiako Zilarrezko LEBerako igoerako finala da. Iraurgin hasi zen saskibaloian jokatzen eta bertan bukatuko du ibilbidea.

Saskibaloia uzteko erabakia zaila egin al zaizu?

Bai, erraza ez da izan. Azkenengo 15 urteetan ia astebururo konpromisoak izan ditut, baina gustukoak. Egunero entrenamenduak eta kirola egiten dut, eta bat batean hori dena egin beharrik ez izatea aldaketa izango da. Oraindik ez dakit zer den, denboraldia jokatzen ari gara-eta. Baina, beldur pixka bat badaukat, horrenbeste denboran gauza bat egiten jardun eta bat batean uztea... Hala ere, erabakia garbi daukat. Orain dela hiru urte lesio gogorra izan nuen eta azkenengo pare bat urte luze egiten ari zaizkit. Lanean ere beste zeregin batzuk dauzkat orain, eta horrek ere bultzatu nau saskibaloia alde batera utzi eta beste gauza batzutan pentsatzen hastera.

Hamabi bat urterekin hasi zinen. Zergatik saskibaloia?

Hala da bai, orain hogei urte eskas hasi nintzen. Zergatik saskibaloian? Kirol ia gehienak probatu nituen, baina saskibaloian nahiko ondo jarduten nuen. Gero, horretan Xubi-k [Jose Luis Zubizarretak] ere zerikusi handia izan zuen. Garai hartan asko bultzatu ninduen saskibaloian jardutera eta nirekin tratu berezia izan zuen. Igerian eta futbolean ere ibili nintzen, baina saskibaloian hasieratik selekzioekin jolasteko aukera izan nuen eta hori ere bultzada izan zen.

Iraurgin hasi, baina gero Ameriketako Estatu Batuetara joan zinen.

Hamabost-hamasei urterekin AEBra joateko aukera izan nuen. Adin horrekin Ameriketara joatea erabaki garrantzitsua zen etxekoentzat, baina baietz erabaki zuten. Bi urte pasatzeko asmoarekin joan nintzen. 18 urtera arte High Schoolen ibili nintzen han, eta hura bukatutakoan unibertsitateko ligan jokatzeko beka lortu nuen. AEBetan 24 urtera arte ibili nintzen.

Baina AEBetatik bueltan saskibaloia utzita egon zinen. Zergatik?

Ameriketatik etxera etorri eta hemen pixka bat asentatzeko gogoa neukan. Orduan, urtebete edo urte eta erdi inguruan saskibaloia utzita egon nintzen. Ameriketan, goiz, arratsalde eta gau saskibaloia zen, ez besterik. Saskibaloiarekin nahiko nekatuta etorri nintzen handik. Etxera etorri eta suertea izan nuen, lan polita lortu nuelako. Etxean bezain ondo inon ez da egoten.

Geldialdiaren ondoren, berriro hasi zinen saskibaloian.

Behin etxean asentatu nintzenean, lanarekin, familiarekin... EBA Ligan Donostian hasi nintzen jolasten, Atletikorekin. Han hiru urtez jokatu eta gero Iraurgin jokatzeko zortea izan nuen eta gaur egun arte, saskibaloia uzteko maletak egiten hasi naizen arte.

Iraurgin egin dituzuen hiru denboralditan azpeitiar bakarrenetakoa izan zara, ez al da hala?

Ni Iraurgin hasi eta Jon Arozenak utzi zuen taldea. Gero, Alex Astigarraga gelditu zen eta berak ere utzi egin zuen. Azken bizpahiru urtetan herritar bakarra izan naiz. Baina orain herriko gazte batzuk hasi dira gurekin entrenatzen eta ondo ari dira, gogo izugarriarekin.

Iraurgin hasi eta bukatuko duzu saskibaloiko ibilbidea.

Bai, eta horiexek izan ziren Xubi-ri aurreko asteburuko partida hasi aurretik esan nizkion hitzak: "Begira, orain 20 urte hirekin hasi ninduan, eta 20 urteren ondoren hirekin bukatuko diat. Beraz, gaizki ez zagok!". Segundo bateko kontua izan zen, jokatzen hasi beharra zegoen eta... Ez dut uste horrelakorik espero zuenik. Gero, partida ez zen ondo bukatu eta partidaren ondoren neuk ere ez neukan hitz egiteko gogo handirik.

Azken urteetan Iraurgiren etaparik politenetakoan jokatu dut. EBA Ligako igoera fasea jokatu dugu bi denboralditan. Azkenengo txanpan hor egotea egokitu zait eta horrek poz ematen dit. Denboraldia luzea egiten da, baina denboraldia igoera fasea jokatzen bukatzea politagoa egiten da.

AEBko eta hemengo saskibaloia ezagutu dituzu. Zer alde dago bien artean?

Batak bestearekin ez dauka zerikusirik. Zortzi urtez ibili nintzen Ameriketan. Han unibertsitatean ari nintzen ikasten, baina saskibaloian jolasten pasatzen nituen ordu piloa... Ez dago sinistu ere egiterik zenbat ordu pasatzen nituen! Han beste maila bat dago: denboraldia hasi aurretik, denboraldian eta bukatu ondoren goiz eta arratsaldez entrenatzen genuen eta astean bi-hiru partida jokatzen genituen. Beste erritmo, maila eta esperientzia bat zen hura. Hemengoa askoz lasaiagoa da; han tentsio gehiago bizi genuen.

Iraurgi Zilarrezko LEBera igoko al da?

Denon nahia hori da. Ilusioa denona da, ez nirea bakarrik. Bi denboraldi gogor egin ondoren, igoera lortuta saskibaloia uztea ez litzateke txarra izango.

Nola ikusten duzu Gandiaren kontrako larunbateko finala?

Gandiari irabazteko aukerak baditugu. Gandiaren kontrako joanekoa ez zen gure denboraldiko partida onenetakoa izan, ezta gutxiagorik ere. Guk ez genuen partida ona egin eta haiek, aldiz, oso zenbaki onak egin zituzten; hala ere, seigatik bakarrik galdu genuen. Itzulikoan haiek dute gu baino presio handiagoa, ez dutelako alde handirik. Gu lan ona egitera joango gara eta aurrera ateratzen badugu, oso ondo. Hala ez balitz, ezin izan da, baina hurrengo batean izango da. Kluba oso ondo antolatuta dago eta atzetik gazteak badatoz. Iraurgi berriro ere puntan ibiliko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide