Azpeitiko Udalak Udalbiltzaren kontrako auzibidea "irmoki" salatu du

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 7a, 12:06

Udalbatzakoei, Udalbiltza berrantolatzeko konpromisoa hartzeko eskatu die Miren Odriozola auzipetuak

Ekainaren 19rako elkarretaratze isila deitu dute, auzipetuei elkartasuna adierazteko

Udalbiltzaren kontrako auzia salatzeko eta auzipetuta daudenei babesa adierazteko mozioa onartu zuten aho batez, joan den ostegunean, Azpeitiko ohiko udalbatzarrean. Besteak beste, 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo aldarrikatu zuten. EAJko zinegotziek, hautetsi independentistek, EAkoek eta Aralarrekoak onartu zuten mozioa. "Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri ordezkariak direla", zioen udalbatzarrean onartutako mozioak. Udalbatzarreko gai zerrendaren arabera, Udalbiltzari buruzko bi mozio ziren lantzekoak: bata, Leire Ibarguren hautetsi independentistaren izenean sartutakoa eta bestea, EAJko zinegotziena. Baina EAJkoek erretiratu egin zuten euren mozioa, eta Ibargurenek aurkeztutakoa irakurri, bozkatu eta onartu zuten denek.

Orain dela zazpi urte, 2003ko udaberrian, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa egin zuten. Operazio horretan, Udalbiltzako hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta Udalbiltzari suspentsioa ezarri zioten. Orain, uztailean, Udalbiltzaren aurkako operazioa hasiko da Madrilen, Auzitegi Nazionalean. 22 lagun daude auzipetuta, tartean Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra. Haientzat guztientzat 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte.

Udalbiltzaren garrantzia

Miren Odriozola bera udalbatzarrera joan zen herenegun, eta bertan bildutako herritarren artetik jarraitu zuen udalbatzarra. Udalbiltzari elkartasuna adierazteko mozioa onartu ondoren, eskerrak eman zizkien Udaleko ordezkariei bere eta Udalbiltzako auzipetu guztien izenean. Horretaz gain, Udalbiltza berrantolatzeko lan egiteko eskatu zien Odriozolak udal hautetsiei. "Udalbiltza izan zen Euskal Herri mailako lehen erakundea, baina badirudi Euskal Herrian baino gehiago ohartu direla Espainian Udalbiltzak Euskal Herrian daukan garrantziaz. Beraz, Udalbiltza berrantolatzeko lan egiteko kronpromisoa har ezazue, Euskal Herrirako garrantzia handiko instituzio bat izango delako", esan zuen Odriozolak.

Akusazioa erretiratzeko

Azpeitiko Udalak onartutako mozioaren bidez, Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka ematen ari den auzibidea "irmoki" salatu zuten eta Espainiako Gobernuari Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa "erretira dezala" eskatzea erabaki zuen Udalbatzak. Horretaz gain, Udaleko ordezkariek konpromisoa hartu zuten, "edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko".

Udalbiltzaren kontrako epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko, hilaren 19an (larunbata), 12:00etan, herriko plazan, herritarrak elkarretaratzera deitu ditu Udalbatzak.

Bestetik, Udalbiltzako auzian auzipetuta dagoen Miren Odriozola azpeitiarrari auziak sortuko dizkion gastuetan Azpeitiko Udalak lagundu egingo diola onartu zuten udaleko alderdietako bozeramaileek. Julian Eizmendi alkateak zera adierazi zuen: "Miren Odriozola Azpeitiko Udaleko zinegotzia izan zen eta Udal honetatik laguntzak izango ditu auzi honek sortuko dizkion kostuetarako".

Uztarriak Miren Odriozola eta Xarlo Etxezaharreta Udalbiltzako auzipetuei egindako elkarrizketa irakurtzeko egin klik hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide