Duela zazpi hilabete, Gabon bezperan, hitzik gabe gelditu nintzen, Zakariasen antzera. Berriro datorkit gogora aldi baterako mutu gelditu zen Jerusalemgo apaizaren istorioa, Jesusen profeta aitzindari izan zenaren aitaren istorio hura. Jaio zitzaion semea, hain desiratua, eta inork ez zekien zer izen jarri, haurraren ama Isabelek izan ezik, amek beti jakin ohi baitute, jakin, seme-alaba bakoitzaren izen santu eta berezia. "Joan deituko diogu", zioen Isabelek, hots: "Jainkoa kontsolatzaile" (nola dei zitekeen bestela?). Baina inork ez zion kasurik egiten. Eta zer zioen haurtxoaren aitak? Gauza handirik ezin esan, mutualdia baitzuen, baina bere emazte deliberatuaren zentzuzko erabakia baietsi nahi zuen. Eta taulatxo bat eskatu zuen keinuka, eta bertan idatzi: "Joan du izena. Jainkoa kontsolamendu". Eta handik aurrera hizketan hasi zen berriro.
Bejondeiola Zakariasi! Ni ez natzaio iristen bere apaiz tunikaren litsetara ere, baina erabakiaren ordua da. Igaro zen negua, igaro zen garizumako erramu lorea, elorri zuriaren lore zuria ere igaro zen, etorri ziren enarak (aurten hain urri tamalez!). Arantzazun dena dago hain berde, non harkaitz zuriak ere berdea baitirudi. Ez da ordu erosoa, baina Jainkoz betea dago dena. Bakean nago eta ez dut gorrotorik, baina deliberatu beharrean naiz.
Munilla Monsinoreak, sei hilabete daramatzanak Donostiako gotzain, deliberatu du jada. Duela hamar egun deitu zituen gure frantziskotar probintziala eta bikarioa, agindu zorrotzak emateko: "Joxe Arregi erabat isildu behar duzue. Nik neuk ezin dut hartu neurri hau bere aurka bi urte baino lehen (elizbarrutia eskumende izan arte, alegia). Baina orain zuei dagokizue esku hartzea. Zuek hartu behar duzue esku". Eta probintziala eta bikarioari eskatu zien bidaltzeko ni Ameriketara, pobreekin lan egitera, eta hori -hala esan zien- "graziazko neurri" gisa, "graziazko aukera" gisa. "Ur zikina" naiz hemen, gehitu zienez, "Eliza barrukoak ez ezik kanpokoak ere kutsatzen dituena". Edo Ameriketara joan edo erabat isildu: horra aukera.
Ongi jabetzen naiz unearen larriaz eta neure erabakiaren grabeaz, baina "Ez" esan beharrean sentitzen naiz. Gotzainaren agindu hauei ezin diet amore eman. Eta uste dut ez diedala amore eman behar, gehien sinesten dudanaren izenean: duintasunaren eta hitzaren izenean, ebanjelioaren eta esperantzaren izenean, Elizaren eta gizadiaren ametsen izenean. Maite dudan, otoitz degiodan, jarraitu nahi diodan Nazareteko Jesusen izenean. Baietz esaten eta ezetz esaten erakutsi zigun Jesusen izenean. Jesus bedeinkatuak bizia arriskatuz iragarri eta praktikatu izan zuen gupidazko eta askatasunezko Misterioaren izenean. Ez naiz isilduko.
Badakit gure frantziskotar probintziako buruek uko egingo diotela, kontzientziagatik, gotzainaren aginduak betetzeari, baina ziur nago betetzera behartuko dituztela lehentxeago edo geroxeago, eliz hierarkiaren besoak luzeak eta ahaltsuak baitira. Baina argi utzi nahi dut: gure frantziskotar probintziako buruek ez dute erantzukizunik izango hartuko diren neurrietan. Gotzaina eta bere gainetik dituen kuriak izango dira erantzule bakar.
Zein dira, bada, gotzainaren motiboak? Oso litekeena da, harako karpeta haren kontuak izatea funtsezko motiboa (Munilla gotzainak niri neuri eta elizbarrutiko apaiz askori aitortu digu karpeta hura izan bazuela eta "mafia" zuela izena, haren edukia bere erara azalduz, hori bai). Baina oraingo neurrientzat ez du, noski, kontu hori arrazoitzat ematen. Errore eta heresia teologiko asko leporatzen dizkit gotzainak. Zenbait elkarrizketa izan dut berarekin, galdeketa zorrotzak elkarrizketak baino, Eliza Katolikoaren Doktrina eskuan. Ez nuen azterketa gainditu, eta ez Doktrina ezagutzen ez dudalako, baizik eta ez dudalako onartzen hori denik garai hauetan kristau fedearen berri emateko balio duen modu bakarra. Elizaren fedea Doktrina hori bakarrik bada, eta Munilla gotzainak ulertzen duen bezala bakarrik ulerturik, hartara erreparorik gabe diot: heretikoa naiz. Baina, Jainko maitea, zer da "heresia"? Ba ote da heresia larriagorik autoritarismoa, dogmatismoa eta beldurra baino? Nola liteke oraindik ez jakitea zenbat egia bilakatu diren gezur eta garai bateko zenbat heresia diren orain edonoren irizpide? Eta, bestela, Joan Paulo II.ak zergatik eskatu zuen hainbeste aldiz barkamena aspaldiko gaitzespen zigorrengatik? Nola liteke XXI. mende honetan, informazio azeleratu eta globalizatuaren garai honetan, horretaraino setatzea egiaren jabe izaten eta iritzien adierazpena debekatzen, okerreko iritziak direla uste izanda ere? Nola liteke oraindik fedea sineskizunekin nahastea eta formulazio batzuekin identifikatzea, eta oraindik ez ikasi izatea hitza baino haratago dagoen Esanezinari soilik zor zaiola fedea? Nola liteke hain gutxi sinestea gaurko gizon-emakumeek badutela aski heldutasun zer pentsatu eta nola jokatu erabakitzeko? Nola liteke hain konfiantza gutxi izatea bihotz guztien barnean dagoen Espiritu Santuarengan? Nola liteke Elizan, egiaren izenean, errore teologikoak gehiago pertsegitzea gezurra, harrokeria, handigosea eta diru-gosea baino, pederastia ez aipatzearren?
Hau da, ordea, nire Eliza. Eliza honetan ikasi dut arnasa hartzen eta bizitzen. Eliza honetan ikasi dut ez dagoela mugarik barrukoen eta kanpokoen artean, eta denok bilatzaile, erromes, senide garela, eta denok Jainkoaren bihotzean bizi, harengan mugitzen eta existitzen garela. Eliza honetan, baita bestela pentsatzen dutenen artean ere, konta ezin ahala neba-arreba ditut, bakoitza bere errore eta zauriekin, bakoitza bere ur garbizko iturriarekin bere hondo ilunean. Munilla gotzaina ere anaia dut, nahiz eta orain gatazka hau eramatea dagokigun bioi.
Hau da nire Eliza eta bertan geldituko naiz. Baina libre izan nahi dut bertan eta, behinola Zakariasek bezala, taulatxo bat eskatzen dut. Misterioaren aurrean baizik ez naiz isilduko.
Azkeneko albisteak
(ekainak 19, 15:50). Gotzaindegiak dio Joxe Arregiren akusazioak "faltsukeria larrietan oinarrituta" daudela. Donostiako Gotzaindegiak gaur (larunbata, hilak 19) hedabideetara ohar bat bidali du, esanez Joxe Arregiren akusazioak "faltsukeria larrietan oinarrituta" daudela eta "errealitatea erabat desitxuratzen" dutela. Oharrak dio Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak ez diola Arregiri "publikoki erantzungo".
(ekainak 20, 17:50). Arregik dio irmo eutsiko diola bereari. Joxe Arregik Berria egunkariari esan dio irmo eutsiko diola bereari. "Puntu honetaraino heldu banaiz, ondorioak onartzeko asmoz izan da; orain ez dut atzera egingo". Ataka zailean dagoela onartzen du fraide frantziskotarrak. Bere ordenaren sostengua sentitzen duela dio, baina egoerak "okerrera" egingo duela irizten dio. "Ziur nago eliza hierarkiak behartuko duela gure probintziala", azaldu du. "Babestuta sentitzen naiz frantziskotarren partetik, baina babes mugatua da, neurri batean, gotzainaren mendean daudelako, edo ordenako arduradun nagusiaren mende". Ingurukoen artean, Arantzazun, ordenakoen artean, giroa "txartzerik" ez du nahi, hori du kezka nagusi, eta gertu dago datorrenerako. "Prest nago nire jarrera honek ekarriko didan prezioa ordaintzeko".