Xabat Manzisidor: "Zuzeneko proban herritarron artean saltsa egongo da, eta hori ederra da"

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 1a, 12:07

Xabat Manzisidor Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikalaren irteera puntuan, Ezkerretegi parean. (Nerea Uranga)

Xabat Manzisidor gazteak Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikalean parte hartuko du igandean

Azken asteotan proba prestatzen dihardu, buru-belarri

Atzo goizean ere Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikaleko ibilbidea egin zuen Xabat Manzisidorrek (Azpeitia, 1985). Azkenaldian, ia egunero egin du Ezkerretegitik Xoxoterako zuzeneko ibilbidea. Igandean jokatzekoa duten Zuzenien lasterketarako entrenatzen aritu da, alegia. Gaurtik igandera bitartean atsedena hartuko duela dio, baina geldirik egon gabe: "Behean entrenatuko naiz igandera bitartean, lauan". Zuzenien probaren irteera puntuan, Ezkerretegi baserriaren atarian, jardun du Urola Kostako Hitzak Manzisidorrekin hizketan.

Noiz hasi zinen Zuzenien probarako prestatzen

Hilabete inguru izango da mendiko probetarako prestatzen hasi nintzela. Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Koparako hasi nintzen entrenatzen. Anbotoko proba ez nuen egin, baina Txindokikoa bai. Polita izan zen Txindokikoa, gainera familia osoa han nuen animatzeko, Amezketakoa baita.Pankarta eta guzti animatu ninduten, etxean bezala han ere.

Igandean, berriz, zure beste etxean jardungo duzu, Azpeitian. Zer asmo duzu zuzenekorako?

Iazko denbora (00:34:17) hobetzea da aurtengorako dudan erronka. Ea denbora hobea egitea lortzen dudan! Aurten iaz baino data hobean da proba bertikala. Iaz Santio hurrengo egunean izan zenez, bi egun lehenago parranda egin nuen eta ia pasatu gabe irten nuen. Gainera, bero izugarria egin zuen orduan. Beno, aurten ere beroa egingo duela ematen du, dena den.

Zuk zer eguraldi duzu nahiago?

Berez berozalea naiz ni, eta nahiago beroa egiten badu.

Zenbat aldiz egin duzu Zuzenien probaren bidea, entrenatzeko? Esan al daiteke?

Egunero egin dut. Azken astean egunero, eta aurrekoan ere bai, ia egunero.

Zuzenien ibilbideak zer du?

Motza eta benetan gogorra da. Ez da niretzat oso aproposa, nik korrika egin beharra izaten dut, nahiago dut... Proba honetan eskuak belaunetan jarri eta gora joan eta joan egin behar da.

Ibilbideko zatirik gogorrena zein da?

Bi zatitan banatuta dago. Behekoa, basokoa da; itzalean egiten da hori. Behin hortik irtendakoan, haitza da; niretzako hor inpernua hasten da. Eguzkitara irten eta haitzean gora hasi behar da, San Inazioren irudia ikusi arte. Ez da berehala iristen irudira! Irudia bukaera samarrean ikusten hasten da. Gainera, tarte horretan jendea egoten da animatzen eta berotu egiten gara, eta gero gora ailegatu ezin.

Enekoitz Aizpuru pasatzerik izango al duzu?

Ez zait iruditzen, hori zaila izango da. Aurten saltsa egongo da herritarron artean. Joseba Altuna, Josu Gerrantzuri eta beste batzuk irtengo dira, eta saltsa egongo da. Hori ederra da.

Bai, azpeitiar asko dago izena emanda.

Bai, bai azpeitiarrak horrelakoetarako zaleak gara. Pikea badago. Mendirako joera badago.

Zuen artean pike hori ba al dago?

Beno, bai, elkarri jarduten diogu, bai herritarrok geure artean eta baita kanpokoekin ere. Izan ere, horrelako lasterketetan beti antzekoak ibiltzen gara.

Kanpoko jende gogorra al dator?

Bai, horiekin lan zaila dago, jende ona dator.

Aurten hainbat probatan hartu duzu parte: Loiolako sanjosetako biatloia irabazi egin zenuen, Izarraizko Mendi Lasterketan bosgarrenen egin zenuen, Pagoetakoan bigarren... Denari heltzen diozu zuk, ezta?

Ahal den guztietan parte hartzen dut, denak gustukoak ditut-eta. Egiteko kirol guztiak ditut gustuko, gero ikusteko batzuk ez hainbeste. Orain, Zuzenien lasterketa egingo dut, hurrengo astean Zumaiako Flyschena, gero Huarte Arakileko mendiko proba egin, eta ondoren Donostiako maratoia egiteko prestatu nahi dut.

Orduan, maratoia ere bai aurten?

Bai, 25 urterekin lehenengo maratoia egingo nuela esan nuen eta orain egin egin behar.

Zeure kabuz ibiltzen al zara entrenatzen?

Bai, baina orain maratoia prestatzeko aita izango dut maisua. Berak jarriko dizkit entrenamenduak.

Aizkorriko mendi lasterketan irtetea ere oraindik kentzeko duzun arantza omen dela diote. Hala al da?

Bai, hala da. Ez da erraza han parte hartzeko aukera izatea. Aurten saiatu naiz, eta ez dut lortu. Baina datorren urtean aukera izatea espero dut. Lasterketetan ondo ibili behar izaten da, edo bestela zozketan zortea izan behar da, eta oso zaila izaten da egokitzea. Aurten ar horixe nuen... eta ez dut lortu.

Zuzenien mendi Lasterketa bertikala datutan

.122 korrikalari izena emanda. Atzo arratsalderako 122 korrikalarik zuten izena emanda, igandean jokatuko den Zuzenien mendi lasterketa bertikalerako. Iaz baino lasterkari gehiagok eman dute aurten izena; iaz 103k eman zuten.

.32 azpeitiar izena emanda. Zuzenien probarako izena emanda daudenetatik lautik bat azpeitiarra da; hau da, 32 azpeitiarrek eman dute izena. Iaz baino hamar herritar gehiago dira aurten. Besteak beste, horien artean hauek daude: Enekoitz Aizpuru, Jone Urkizu, Josu Arregi, Joseba Altuna, Jexux Zelaia eta Xabat Manzisidor.

Urola Kostakoak 47 lasterkari. Azpeitiarrez gainera, eskualdeko beste herrietako hamabost korrikalarik hartuko dute parte lasterketan.

Korrikalari ezagunak Zuzenien proban: Fernando Etxegarai, Didier Zago, Aitor Osa, Juan Mari Garin, Hassan Aitchaou, Nerea Amilibia, Elena Calvillo, Alicia Romero eta Yolanda Gurendez.

Igandean, probaren egunean, izena emateko aukera. Parte-hartzaile kopuruaren muga 250 lagun da. Kopuru horretara iritsi bitartean izena emateko aukera izango da, igandean, 08:30etik 09:30era, herriko plazan. Mendian federatuta daudenek 15 euro ordaindu behar dute eta gainontzekoek 20 euro.

Zuzenien proba

Lasterketaren eguna. Uztailak 4, igandea. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta eta Euskal Herriko Igoera Bertikalen Koparako puntuagarria da.

Ordutegia.

  • 08:30etik 09:30era dortsalak banatuko dituzte, herriko plazan.
  • 09:45erako parte-hartzaileak irteeran egon beharko dute.
  • 10:00etan, proba hasiko da. Lasterketa erlojuaren kontrakoa da, eta lasterkariak banaka irtengo dira.

Sariak. Seniorretan lehen gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzten sariak dira:

  1. saria: txapela, garaikurra eta 300 euro.
  2. saria: garaikurra eta 200 euro.
  3. saria: garaikurra eta 100 euro.
  4. saria: 50 euro.
  • Marka hautsiz gero, Kutxa saria: 150 eurokoa. Markak: gizonezkoetan, Julen Aranguenak du (00:29:48); emakumezkoetan Izaskun Zubizarretak (00:37:32).

Ibilbidea. Ezkerretegi baserrian hasi eta Xoxoteko San Inazioren irudira arte, hiru kilometroko pasatxo. Gutxieneko altuera 85 metro da eta gehienekoa 889 metro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide