Macaco: "Deskuidatzen naiz, erortzen naiz eta jaikitzen saiatzen naiz, beste edonor bezala"

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 8a, 13:07

Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian izango da Macaco.

Baikorra, konprometitua, langilea eta, batez ere, hezur-haragizkoa da Macaco, lehorretan zorabiatzen den marinel abenturazalea

Macaco:"Askotan jo dut Euskal Herrian Macaco bezala daramatzadan hamar urteotan eta ongi ezagutzen dugu elkar"

Azpeitiko Garmendipe futbol zelaira hurbiltzen diren zaleei eztarriak urraraziko dizkie Macacok (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1972), larunbat honetan Lagun Onak Futbol Klubaren alde eskainiko duen kontzertuan. Iraganera eta etorkizunera begiratzeaz ahazten ez den arren, orainean bizi da musikaria, larunbatean entzun ahal izango diren Puerto Presente bere diskoko abestiek dioten moduan.

Askotan etorri zara Euskal Herrira eta larunbatean Azpeitian izango zara. Nola hartzen zaituzte zale euskaldunek?

Oso ondo hartu izan naute beti. Uste dut oso konexio ona dagoela, jendeak oso ondo pasatzen du abestiekin. Oso jende irekia dela uste dut, gozatzeko gogoz dagoena. Askotan jo dut Euskal Herrian Macaco bezala daramatzadan hamar urteotan eta ongi ezagutzen dugu elkar. Lagun onak ditut gainera bertan, Fermin Muguruza, esaterako, eta jendea orokorrean oso ongi portatu da nirekin.

Elkartasun ekimen ugaritan ikusi zaitugu. Kasu honetan, Azpeitiko kontzertua Lagun Onaki, bertako futbol klubari, laguntzeko izango da. Nolabait, mesede egiten duzula jakiteak, zure lanaz gehiago gozarazten al dizu?

Bada kirolzale amorratua naiz eta oso gustura egingo dut beraiengatik kontzertua, zio ona da. Baina ez dut beste edonork baino gehiago edo gutxiago egiten. Kontua da nire lanbideagatik agerian nagoela; aurpegia jartzen dut eta mikrofono bat dut esku artean eta badirudi indar gehiago dugula abeslariok. Baina nirea arotz baten, okin baten edo beste edozein pertsonaren lana bezain baliotsua dela iruditzen zait. Guztiok dugu proposatzeko ahalmena, iritziak plazaratu eta kontrastatzekoa. Ez zaizkit egia absolutuak gustatzen, bizitzaren ikaslea naiz eta ez irakasle. Ez dut ez mesede ez kalte egiten. Deskuidatzen naiz, erortzen naiz eta jaikitzen saiatzen naiz, beste edonor bezalaxe.

Zure abestietan nabarmena da baikortasuna.

Saiatzen naiz nire abestietan mezu positiboak ematen. Dena den, ipintzen dizkidaten buenrollismo etiketa horiek barrabilak ukitzeko etiketak besterik ez dira. Gu ere haserretzen gara gure artean, guztiekin ez gara ondo eramaten. Dena ez da perfektua. Ez dut uste, ezta ere, musikaria izateagatik gai sozialetan inplikatuta egon behar duzunik. Politika gorroto dut eta banderak ez ditut gustuko. Marinelen bandera urdin eta horia besterik ez dut gustuko, Komunikatu nahi dut adierazten duena; eta agian baita sahararra ere, horretan nahiko inplikatuta nagoelako. Ez dut musikari sozial etiketa nahi, ez baitut uste hori naizenik. Gauzak ahal dudan ondoen egiten ditut eta gogoak emandakoa egiten dut. Baina naturari buruzko abesti bat egiteagatik -eta hamar urte daramatzat naturari buruzko abestiak egiten-ez daukat hurrengoan egin beharrik. Gauza hauek naturalki atera behar dira.

Hitzetako mezu positibo horietan islatzen dena ikusten duzun mundua al da ala, agian, ikusi nahi zenukeena?

Nire ustez mundua ikusteko modu asko daude. Edalontzia erdi hutsik baino, erdi betea dagoela pentsatu nahi duenetakoa naiz. Noski, bizitzan gauza onak eta txarrak gertatzen zaizkigu, bai pertsonalki eta bai kolektiboki ere. Baina krisiak bezalakoa da hau. Txinan krisiak aukera esan nahi du, eta pentsatu nahi dut krisiek ikasteko balio digutela; gehiago gustatzen zait eboluzio hitza reboluzio hitza baino. Txikitan sukarrez oheratu eta jaikitzean bi zentimetro hasi zarela konturatzea bezala da. Krisiek hazteko eta aurrera egiteko balio dute.

**Komunikazio hitzak esanahi berezia du zuretzat ezta?**

Bai, eta komunikazioa oso konplikatua da, bai egunerokoan, gertuko jendearekin, baita maila kolektiboan ere. Uste dut batzuetan mingainari hozka egin eta segundo batzuez hitz egiteko zain egon beharko genukela, entzuten jakin. Mario Benedettik zioen bezala, "taktika bat daukat, zuri hitz egitea eta zu entzutea, hitzekin zubi suntsiezina eraikitzea". Topikoa dirudi, baina irmoki sinisten dut horretan, eta aitortzen dizut asko kostatu zaidala, oso inpultsiboa naiz-eta. Elkar entzun behar dugu eta ez dugu zertan beti ados egon. Bob Dylanek zioen bezala, "zuk arrazoia eduki dezakezu pixka batean, nik arrazoia eduki dezaket pixka batean, baina inork ezin du beti arrazoia eduki".

Bizitza nabarmen aldatuko zitzaizun Bartzelonako kaleetan abestetik estadioak betetzera pasatzean. Zein alde on eta txar ditu etapa bakoitzak?

Diozun moduan, guztiak ditu bi aurpegi. Gutxinaka joan naiz, pausoz pauso. Oso lan elaboratua eta mimatua izan da. Artisau lana izan da eta batzuetan detaileetan pasatu egin naiz. Kalean jotzen nuenean askoz ere ardura gutxiago nuen, eta arin bidaiatzea oso gauza ederra da, erraztasuna baituzu mugitzeko. Orain azpiegitura onak ditut, biran 16 pertsonako lantaldea goaz musikari eta teknikariak bilduz. Neure disketxea ere sortu nuen, Mundo Zurdo. Baina nik badakit honek guztiak funtzionatzen badu hor nagoelako dela. Hamar urtean ez dut kontzertu bakar bat ere bertan behera utzi, baina 40ko sukarrarekin edo urdaila gaizki nuela egin izan ditut kontzertuak eta hori zaila da. Ez bakarrik kontzertuetan, hori ez baita astunena; lan gehiena aste bitartean egiten da: deiak, elkarrizketak, detaile guztiak lotzea, kolaborazioak, galak. Lan asko da; merezi dit, izugarri gustatzen zaidalako. Azken finean, marinelak bezala naiz, lur finkoan nagoenean zorabiatu egiten naiz.

Azpeitira azkenaldiko musikariekin etorriko al zara?

Bai, duela urte batzuetatik musikari beretsuekin ibiltzen naiz; bakarren batek utzi gaitu, beste talderen batekin jo nahi zuelako, okina izan nahi zuelako edo, bertakoa izanik, Brasilera itzuli nahi zuelako. Baina hori ondo dago. Argi dut, ordea, bizitzak uzten badit eta jendeak uzten badit, nik hemen jarraituko dudala. Baina inplikatzen den jendez eta proiektuan sinesten duen jendez inguratzea gustatzen zait, denok norabide berean joan ahal izateko eta abestiak defendatzeko. John Lennoni galdetu ziotenean zein zen musikako hurrengo iraultza «abesti on bat» erantzun zuen, eta hori da egiten saiatzen garena. Ez dakit lortzen dugun, baina saiatzen gara guztiok.

Zein proiektu ikusten dituzu zerumugan?

Beti daude gauzak. Iaz urte osoa biran eman nuen eta neguan gelditu nintzen pixka bat, mendiaz eta itsasoaz gozatzeko. Xavi Jimenezen Mugak gaindituz filmerako musika egiten ere aritu naiz; ez dira Macacoren kantuak, filmerako egindako musika da. Abesti bat egin nuen Shoes for Africa proiekturako. Afrikara hemen jendeak erabiltzen ez dituen milioi erdi oinetako pare bidaliko dituzte, eta bideoklip oso polita egin genuen kanpaina horretarako. Gabon ingururako, eta gehiegi aurreratu gabe, sorpresatxo bat prestatzen ari gara. 2011 hasieran biran jarraituko dut Hego eta Ipar Amerikan, Asian eta Europan eta ondoren Espainiara itzuliko naiz. Eta bitartean abestiak konposatzen eta maketatzen jarraituko dut.

Atsedena datorren bizitzarako utziko duzu momentuz, orduan...

Bai, hori da, hurrengoan beharko du!

Macaco eta Grises-en kontzertua

Eguna eta ordua.

Musika taldeak. Macaco (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Grises (Zestoa).

Eguna. Uztailak 10, larunbata.

Tokia. Azpeitiko Garmendipeko futbol zelaia.

Ordua. 20:00etan hasiko da Grises eta 22:00etan Macaco.

Antolatzailea. Lagun Onak Futbol Kluba.

Sarrera. 20 euro kostatzen da.

Beste ekitaldi batzuk.

Trenaren Museoan. Egun guztiko festa eguna izango da bertan.

Puzgarriak. Haurrentzat jolasak jarriko dituzte Garmendipe futbol zelaiaren inguruan.

Kontzerturako autobus zerbitzua.

Azpeitia-Zarautz artekoa. Azpeitiko anbulatorio aurretik autobusak irtengo du, 01:00etan, 02:30ean eta 04:00etan. Autobusa kostatik joango da eta honako herrietan egingo ditu geldialdiak: Zestoan, Zumaian, Getarian eta Zarautzen. Ohiko geltokietan geldituko da.

Azpeitia-Zumarraga artekoa. Azpeitiko anbulatorio aurretik irtengo du autobusak, 01:00etan, 02:30ean eta 04:00etan. Hau Urretxun barrura ez da sartuko, baina Zumarragan geltokian eta elizan geldituko da.

Sarrerak non eskuratu

Edozein herritan:

  • Kutxako kutxazain automatikoetan.

-Interneten: www.ticktackticket.com-en.

Azpeitian:

  • Garmendipe futbol zelaian, aste honetan egunero, 18:30etik 20:30era bitartean.
  • Intz tabernan.
  • Charli Chaplin tabernan.
  • Fideo tabernan.
  • Oñatz tabernan.
  • Zuhatz tabernan.

Azkoitia:

  • Zurt tabernan.

Zestoan.

  • Uztapide tabernan.
  • Koiote tabernan.
  • Potxolo paper-dendan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide