Abuztuaren 2tik 21era egingo dute Munoaundi aztarnategiko indusketa kanpaina

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 16a, 12:07

Euskal Herriko zein kanpotik etorritako 26 boluntariok parte hartuko du Aranzadik zuzendutako aztarnategiko lanetan

Abuztuaren 13an bisita gidatua izango da, Kukuherri aterpetxeko aparkalekutik, 11:00etan abiatuta

Munoaundiko arkeologia indusketaren V. kanpaina abuztuaren 2tik 21a bitartera egingo dute aurten. Euskal Herritik zein kanpotik etorritako 26 boluntariok parte hartuko dute aurtengo ekimenean. "Bertako biztanleek zuten bizimodua erakusten digu aztarnategiak, eta altxor hori ezagutzera emateko asmoz egingo da indusketen bosgarren kanpaina", azaldu du Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzi Kontxi LarraƱagak.

Azkoitiko eta Azpeitiko lurretan dago Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua. Bertan udako indusketak hasi zirenetik lau kanpaina egin dituzte. Ordutik hona, Burdin Aroari buruz Gipuzkoan egindako aurkikuntza interesgarrienetakoak egin dira bertan.

Musealizazioa helburu

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2005ean abiatu zuen proiektua, mendi osoa arakatuz. 2006tik aurrera harresiaren inguruan zentratu dituzte lanak. Herrixkak bi metro zabaleroko sarbideak zituela ondorioztatu dute eta elkartearen asmoa egitura horien hormak plano batean mugatzea da. "Ondorengo asmoa egitura finkatzea edo altxatzea da, musealizazioa egiteko", adierazi du Aranzadiko kide eta Munoaundiko industetetako zuzendari Sonia San Josek.

Datorren urteko kanpainan Munoaundiko etxebizitzen aztarnak eta bertako bizilagunen bizimodua ikertuko dituzte. Iraurgi Lantzenek eta Aranzadik sustatu duten proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen diru laguntzarekin burutuko dute, 2012. urterako.

Bisita gidatua

Aurreko urteetan bezala, indusketa lanak egiten dituzten bitartean, aztarnategia ikusteko eta lanen jarraipena egiteko aukera eskainiko diete herritarrei. Abuztuaren 13an bisita gidatua izango da, Kukuherri aterpetxeko aparkalekutik 11:00etan abiatuta. Aztarnategia gertutik eta adituen eskutik ezagutzeko aukera izango da. "Jarduera eta ingurunea ezagutzeko aukera paregabea da, bestela zaila baita ikusitakoa ulertzea", adierazi du Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburu Ana Mendizabalek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide