Udalbiltzako 21 adiskideak epaituak direla eta, zintzurra eta bihotza tinko ditu Etxezaharretak. Auziaz, auzitegira ez agertzearen hautuaz eta horrek dakarzkien ondorioez aritu da Berriarekin.
Udalbiltzaren aurkako auzia hasi da. Nola sentitzen zara?
Beste 21 auzipetuak han eta ni hemen, artaldea bereizirik. Ez naiz ontsa, zintzurra eta bihotza tinko ditut. Alde batetik, kontent naiz familiarentzat, hemen naizeino ontsa baitira; baina, beste aldetik, adiskide guztiak han ditut.
Zergatik erabaki duzu auzitegira ez aurkeztea?
Erabaki dugu. Ez da nire erabakia, Udalbiltzako adiskideekin eta Ipar Euskal Herrian osatu sostengu komitearekin eztabaidatu eta denon artean adostu gara. Garaian beste bizpalauk ere bazeuzkaten Madrilgo justiziarekin arazoak, eta Madrilgo justiziari ez erantzutea erabaki genuen, euskaldunendako batez ere ez delako justiziarik. Erabaki kolektiboa izateaz gain, erabaki politikoa da. Ipar euskal herritarrek omen frantziar nortasuna ukanez, ez dugulako erantzuterik. Galda diezaiotela Frantziako Estatuari, eta hark erabakia har dezala. Baina, nola egingo du? Hemen Udalbiltza legezkoa da, eta esplikatu beharko dute zergatik honen kide bat hara eraman duten. Erabaki honek bi ondorio dauzka; batetik, batzuek bermea pagatzeko eman dirua galtzen dela, eta, bestetik, Udalbiltzaren 22ko multzo hori zatikatzen dela. Horiek izan dira nire grinak.
Irungo polizia etxean egin beharreko kontrolera ere ez zara joaten?
Irailean bi urte beteko dira ez naizela gehiago kontrolera agertzen.
Hori ere erabaki kolektiboa izan al da?
Ez, erabaki kolektibo horren ondorioa da, erran genuelako ez nuela eta euroagindu bat zeukatenek ez genuela hara joaterik. Garaian abokatuek erran zuten auzia laster etorriko zela. Irunera izenpetzera joan eta han atxilotua izateko arriskua nuela pentsatzen genuen. Hori jakinik, arrisku hori ez hartzeko hautua egin nuen.
Epaiketa hasi eta berehala epaimahaiak zure atxiloketa agindu du.
Ez da ustekabea. Gertatzen ahal zen, eta gertatu da. Baina hori lehen urratsa da, Frantziari galdatu dio, horrek beharko du onartu... istorio luzea da. Baina, hor nola esplikatuko dute bitxikeria hori? Deliturik ez da, soilik Garzonek erran duela "denak dira ETAkoak", eta haren hitza da froga. Ez dakit zer erabakiko duen Frantziako justiziak galdera honen gainean. Edozein gauzatarako gai dira. Euskaldunentzat ez dute ezer justifikatzerik, jendea edozein gauza onartzeko prest da.
Justuki "dena ETA da" teoriarekin geldiarazi zuten hautetsiz osaturiko egitura hau 2003an. Nola gogoratzen duzu egun hori?
Ez nintzen harritu. Justu aitzin biltzar nagusi bat izan zen, eta geroztik Udalbiltzako multzo horretako batzuk egun guztiz segituak ziren. Bagenekien zerbait gertatuko zela. Ikusiz Egunkaria, honekin ala bestearekin zer gertatzen zen, bagenekien gure txanda ere etorriko zela. Guztira hamahiru sartu zituzten preso, ni sei hilabeteren buruan harrapatu ninduten Durangon. Atxilotua izateko arrisku handia nuela banekien, baina badira memento batzuk bizian, non ezin den gibelera egin, non aurpegia erakutsi behar den. Dena den, argi eta garbi nuen ez nuela deus egin.
Sei hilabete egin zenituen preso Espainiako kartzeletan.
Bai, hori da. Haatik, ni garaian ez nintzen gehiago hautetsi. Udalbiltzak galdetu zidan hasi lana jarraitzea, erranez Udalbiltzako hautetsi bat ez dela bakarrik bere herriko hautetsi, baizik eta Euskal Herriko hautetsi. Onartu nuen, eta berriro aukera baldin banu, berriz has nintzateke. Hautetsiez gain langileak ere badaude auzitan. Nire ustez, arazo handiena hori da! Zer dute ikusteko? Ez dakit... Espainiarra edo frantziarra izan behar da hori ulertzeko!
Zure ustez, zer da Udalbiltzaren hestearen egiazko arrazoia?
Zer egiten genuen? Europak mugaz gaindiko harremanen garapena laguntzen du; haatik, salbuespen bat bada: Euskal Herria. Guk Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko auzolana egiten genuen, nazio gisa ari ginen lanean. Baina, esklabo batek bere askatasuna lortu nahi duelarik bere jabea ez da ados. "Gutaz ez duzue ardurarik, ez diozue Euskal Herriari deus onik ematen, beraz, guk eginen dugu". Hori zen Udalbiltzaren mezua, baina ez dute gustukoa. Ontsa pentsatu eta erran nezake sortu denetik kondenatua zela. Udalbiltzak indar handia zuen, eta hortaz ohartuak ziren.
Auzipetuei sostengu handia agertu zaie. Babes hori beharrezkoa al da?
Bai, noski. Udalbiltzak lan arlo ezberdinak zituen, tartean nazioartean Euskal Herriaren berri ematea. Preseski, elkartasuna erakutsi digute nazioarteko estaturik gabeko nazioarteko konferentzian egon zirenek, eta defentsak 140 lekuko eta bi adituren lana aurkeztu bazuen ere, azken mementoan 120 bota dituzte. Tartean, zein? Nazioartekoak.
Zure ustez, zergatik baztertu ditu Madrilek nazioarteko lekukoak?
Informazioa tapatzeko, ez dezan auziak sobera harrabots egin. Azpijokoa da, betiko txakurkeria. Beraz, auziperatzen zaituzte, baina zure defentsarako ez duzu nahi duzuna egiten ahal. Defentsa eskubidea ere mozten dizute. Erabaki politiko bat da, eta auzi politiko bat.
Zer espero daiteke epaiaz?
Mementoaren araberakoa izanen da, giroaren araberakoa... Alde batera izan daiteke, Egunkariarentzat egin den bezala absoluzioa, ala beste aldera. Edo bestela, batzuk zigor ditzakete, eta besteak ez, jendea zatikatzeko, iritzi publikoan duda sartzeko. Erabaki politiko bat da, eta ikusiz akerraren adarrak bezain zuzenak direla politikariak, ezin daiteke aitzinetik jakin.
Auzipetuei agertzen zaien sostenguak eragina ukan dezake epaian?
Sostengu ekimenek balio dute informazioa zabaltzeko, begiak irekiarazteko eta elkartasunaren berri emateko. Baina, ez dut uste horrek eraginen duenik.Agian bai, hobe gure alde egiten badu. Ez dute jendearen iritzia errespetatzen, haien interesei begiratzen diete bakarrik.
Zure herrian ere elkarretaratzeak egiten dira, zer-nolako sostengua izan da Ipar Euskal Herrian?
Egia erran, hemen hautetsi abertzaleek baino gehiago herritarrek lagundu gaituzte. Ipar Euskal Herriko abertzaleak Udalbiltzan abiatu ziren, baina haustura bat izan zen eta gehienak urrundu ziren. Memento hartako hausturak min handia egin du.
Bestalde, Europako hamabi diputatuk ere kezka adierazi dute. Hori ere garrantzitsua da?
Bai, bistan da, eta eskertzen ditugu. Baina, salbuespenak dira, benetan Europatik, instituzioetatik ez da izan. Europan Merkel, Sarkozy, Barroso bezalakoek dute erabakitzen, nahiz eta ahoa beste batek ireki, sokak horiek dituzte mugitzen. Europa hau estatuena eta dirudunena da, ez da justiziarena.
NBEko Giza Eskubideen Batzordeak ere adierazi du Espainiak eskubideak urratzen dituela.
Ildo beretik jarraiki eta zer egiten diote? Deus. Herritarrek ez badituzte gauzak mugiarazten, ezin da esperantzarik ukan.