Ekinekoa edo ETAkoa sekula ez dela izan berretsi du Miren Odriozolak

uztarria.com, Berria.info 2010ko uzt. 16a, 17:07

Gaur hartu diote deklarazioa Udalbiltzaren kontrako epaiketan Azpeitiko zinegotzi ohiari. 13:00ak aldera hasi eta ordu erdiz aritu da

Udalbiltzari babesa adierazteko manifestazioa deituta dago gaurko Azpeitian, 19:30ean herriko plazatik abiatuta

Ekinekoa edo ETAkoa sekula ez dela izan berretsi du Miren Odriozolak eguerdian Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Gaur hartu diote deklarazioa Udalbiltzaren kontrako epaiketan Azpeitiko zinegotzi ohiari. 13:00ak aldera hasi eta ordu erdiz aritu da azalpenak ematen. Gainerako auzipetuek bezala, akusazioaren galderak erantzuteari uko egin dio Odriozolak.

Odriozolak esan dituenak

Miren Odriozolak bere deklarazioan esandakoak dira jarraian datozenak, Berria.infon jasotakoak:

.1999. urtean, sufragio unibertsala erabilita, demokratikoki Azpeitiko zinegotzi aukeratu zutela azaldu du Miren Odriozolak. Zinegotzi zela, Azpeitiko alkate jeltzaleak -Jose Mari Bastida- bildu, eta Udalbiltzaren sorrerarako biltzarraren berri eman ziela kontatu du. Bertara joateko proposamena egin ziela, eta, hautetsi guztiek, aho batez, bertan parte hartzea erabaki zutela.

Euskaldunako biltzarra egin zenean gaixo zegoela eta ezin izan zuela joan ere gogoratu du Odriozolak. Hala ere, alkateak, udalbatza batean Udalbiltzan parte hartzea proposatu zuen, eta ontzat eman zuten, guztiek, proposamena, aho batez. Ordutik, Udalbiltzaren asanbladatara joan zen Odriozola, gainontzeko hautetsiekin.

Urtetan atzerrian egona zen Odriozola, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan humanitarioak egiten. Hori kontuan hartuta, Udalbiltzaren batzarrak nazioarteko arduradun izatea proposatu zion, eta ardura onartu zuen zinegotziak. Europan eta mundu osoan zehar nazioarteko hainbat biltzar eta kongresutan parte hartu zutela kontatu du azpeitiarrak. Nork bere egoerak plazaratu eta esperientziak elkar trukatzen zituztela dio Odriozolak.

Udalbiltzak egin beharrekoei buruzko erabakiak asanbladak berak hartzen zituela dio zinegotzi ohiak. Bera nazioarteko arduradun gisa ere, asanbladak hautatu zuela. [via Twitter]

"ETAk proposatuta hautatu zintuzten?", galdetu dio Jone Goirizelaia abokatuak. "Ezta pentsatu ere!", erantzun du Odriozolak. "Ekinek proposatuta?". "Ezta ere".

Udalbiltzak giza eskubideei buruzko kezka beti izan duela ere azaldu du Azpeitiko zinegotzi ohiak. Banakoen zein kolektiboen giza eskubideen alde egiten zuela, eta bakea nola lortu ere kezka zuela. Hori guzti hori oinarri hartuta autodeterminazio eskubidea defendatzen zuela adierazi du. Eta, oinarri horien gainean Puerto Ricon egin zen nazioarteko biltzar batean parte hartu zuela Udalbiltzaren izenean. Udalbiltzaren asanbladak erabaki zuen bertan parte hartzea, eta konferentzia horretan eskubide guzti horiek defendatu zituen. Euskal Herrian landu zen hori, hainbat gizarte eragilerekin, eta Udalbiltzak proposatuta egin zen, Odriozolaren hitzetan. Giza eskubideen karta abiatzea ez ETAk ez Ekinek ez zutela agindu ziurtatu du. Udalbiltzaren batzarrak proposatuta abiatu zela. Ekinekoa edo ETAkoa sekula ez dela izan ziurtatu, eta amaitu ditu azalpenak Odriozolak.

Manifestazioak

Udalbiltzari babesa adierazteko manifestazioa deituta dago gaurko Azpeitian, 19:30ean herriko plazatik abiatuta. Bihar berriz, uztailak 17, manifestazioa nazionala egingo dute Bilbon. Azpeititik autobusa jarri dute Bilbora joan nahi duenarentzat. Etxe Zuri aurreko geltokitik irtengo da, 15:45ean. Aurretik autobuserako izena eman behar da honako tokiren batean: Orkatzen, OƱatz tabernan edo Jim Clark tabernan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide