EAEko Auzitegi Nagusiak 2007an onartutako planeamendu orokorreko arau ordezkatzaileak baliogabetu ditu

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 19a, 10:07

Txosten ekonomiko finantzierorik ez dutelako utzi dituzte baliogabe

Udalak erabakiaren gaineko helegitea jartzeko aukera du, eta alkatearen arabera jarri egingo du

2007ko apirilean Azpeitiko Udalak herriaren antolamendurako planaren arau ordezkatzaileak berritzea adostu zuen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2008ko maiatzaren 2an argitaratu zen hori. Baina orain, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arau ordezkatzaileak baliorik gabe utzi ditu, txosten ekonomiko finantzierorik ez dutelako. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiak Leku Eder S.A. eraikuntza enpresak jarritako errekurtsoa onartu egin du.

Gaur egun indarrean dauden arau ordezkatzaileak baliogabetuta utzi dituzte. "Baina arauak indarrean segituko du bide juridiko-administratiboa bukatu arte", azaldu du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak.

Aurretik, auzitegiko beste erabaki baten ondorioz Etxebeltz-Izarra, Soreasu eta Julian Elorza hiribiderako egitasmoak gelditu ziren baliogabetuta. Horri irtenbidea emateko asmoarekin, orain urtebete Udalak hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarreko zinegotziaren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin herrirako Plan Orokor berria hasieratik egiten hastea erabaki zuten. Gaur egun, plan orokor horren aurrerapena onartzeko fasean daude udaletxean. Alkateak esan duenez, "kronograma betetzen badugu, 2011 bukaera ingururako onartzeko fasean izango da plan orokorra".

Denean arrazoirik ez

Leku Eder S.A. eraikuntza enpresak 2007an onartutako Arau Ordezkatzaileen inguruan jarritako errekurtsoari esker, Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu. Baina Auzitegiak Leku Ederri ez dio denean arrazoia eman. Eraikuntza enpresak bost arrazoi azaldu ditu arau ordezkatzaileen kontra egiteko. Hauek dira: Zarautz eta Azpeitia arteko Zatikako Lurralde Plana zuzen ez betetzea; txosten ekonomikorik ez izatea; ingurumen txostena; Izarraitzpe gunean, ekipamenduak behar bezala aurreikustea; antolaketaren desoreka eta Izarraizpeko gunea kontuan ez hartzea edota "diskriminatzea".

Zatikako Plana betetzen du

Auzitegi Nagusiak Leku Ederri txosten ekonomikoaren faltan eman dio arrazoia, baina ez beste kontuetan.

Zarautz eta Azpeitia arteko Zatikako Lurralde Planean Izarraitzpeko (Esklaben aldeko lur eremua) gunea etxebizitzak eraikitzeko gune bezala azaltzen dela dio eraikuntza enpresak errekurtsoan. Baina, EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, 2003an inguru horietan 1.600 etxebizitza egitea aurreikusten zen. Eta gero, arau ordezkatzaileek hori aldatu, eta horretarako arrazoizko irizpideak ematen dituzte: hau da, herrigunean dagoen industria enpresa baten (Corrugados Azpeitia) leku aldatzea aurreikusten da, eta libre geldituko litzatekeen lur eremu horretan etxeak eraikitzeko aukera aurreikusten da. Hori horrela, Auzitegiaren arabera, ezin da esan arau ordezkatzaileek Lurraldeko Zatikako Plana betetzen ez dutenik. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralderako Antolamendu Batzordeak ere alde horretatik trabarik ez du jartzen. Batzorde honek zehazten du eremu eta herri bakoitzean zenbat etxebizitza eraiki daitezkeen.

Horretaz gain, arau ordezkatzaileek Izarraitzpe aldearenganako "joera diskriminatzailerik" ez dutela dio Auzitegiak.

Errekurtsoa aukezteko aukera

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak herriko plan orokorraren gaineko arau ordezkatzaileak baliogabetuta utzi ditu, baina Azpeitiko Udalak epe motz baten barruan kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera du. Julian Eizmendi alkateak azaldu duenez, euren aldetik errekurtsoa aurkezteko asmoa dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide