Iraurgik saskibaloi zaleei babes soziala eta ekonomikoa eskatu die

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 21a, 12:07

Santio egunean eta saninazioetan saskibaloi elkarteko bazkidetzak egiteko mahaia jarriko dute

Goiko kalean jarriko dute mahaia

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Lan Mobel ISB-k Espainiako Zilarrezko LEB mailan jokatuko datorren denboraldian. Horretarako, 250.000 euroko aurrekontua du. Horietatik 30.000 euro denboraldian zehar lortzeko konpromisoa hartu du saskibaloi elkarteak. Beraz, hori lortzeko bazkidetza eta diru laguntza pribatua lortzeko samoa dute. "Iraurgik kopuru hori eskuratzeko eta biltzeko saskibaloiaren zaletuen babes soziala eta laguntza ekonomikoa behar ditu", azaldu dute Iraurgikoek.

Iraurgiko hiru taldek egin dute mailaz gora: mutilen lehen taldeak orain bost urte EBA Ligara igotzea lortu zuen, eta orain Zilarrezko LEBera igo da; mutilen bigarren taldea, Espainiako Lehen Mailara igo da; eta, nesken lehen taldeak Senior mailan jokatuko du. Iraurgik azken hemezortzi urte hauetan nesken senior talderik ez du izan. Horrek denak ekonomikoki ahalegin handia eskatzen dio Iraurgiri eta hor Azkoitiko eta Azpeitiko udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoa Basketen laguntza ezinbestekoa izan dutela esan dute. "Erakunde horien laguntzarik gabe, Iraurgik berak bakarrik egitasmo honi ezingo lioke aurre egin", esan du Jose Luis Zubizarreta Xubi-k.

Maila eta gastuak gora

Zilarrezko LEB mailan jokatzeak diru aldetik zer eskatzen duen ere kontatu du Zubizarretak: Zilarrezko LEB mailarako izena ematea 32.000 euro kostatu zaio Iraurgiri; 138.000 euroko abala aurkeztu behar izan du; Azpeitiko kiroldegiko saskiak aldatu beharra dauzka, araudiak hala agintzen duelako eta horrek 13.000 euroko kostua du; kiroldegiko markagailua ere aldatu beharra dauka araudia betetzeko; taldearen eta arbitroen gastuak ere ordaindu behar ditu.

"Talde gipuzkoarra" osatzearen aldeko apustua egingo dutela azaldu du Zubizarretak. "Aurrekontu txikiarekin ibiliko gara, baina guk gipuzkoarrekin osatutako talde baten aldeko apustua egingo dugu. Gure taldea saskibaloi jokalari gipuzkoarrentzat ACBrako dagoen jauzi handi horretara aurreko bidea izatea nahi dugu", nabarmendu dute Iraurgikoek. Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloi elkartearentzako lehen taldea "egitasmo orokor edota global" baten parte da. "Guk lehen taldea egitasmo oso horren baitan kokatzen dugu", diote.

Santioetan bazkidetza mahaia

Bazkidetza kanpainari Azpeitiko festetan ekingo diote. Hau da, Santio Egunean (igande honetan), San Inazio bezperan eta egunean bertan bazkidetza egiteko mahaia jarriko dute, Goiko kalean (EgaƱa gozotegiaren ondoan). Saskibaloi elkartekoek azaldu dutenez, bazkidetza zenbat kostatzen den eta dauden aukerak bertan azalduko dituzte. 18 urtetik beherako gazte eta haurrak ere egin daitezke bazkide; kasu horretan, 10 euro ordaindu beharko dute kuota.

21 neska-mutilen talde

Datorren denboraldian, Lan Mobel Iraurgik ostiral iluntzetan, 21:00etan, jokatuko ditu partidak, Azpeitiko kiroldegian. Beraz, lehen taldearen partida eguna larunbatetik ostiralera pasatuko da.

Iraurgik datorren denboraldian seniorretatik hasi eta Mini basket maila artean neska-mutilen 21 talde izango ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide