Aurtengo udan iaz baino %10 bisitari gehiago izan da Loiolan

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 3a, 12:09

Bisita gidatuen artetik, jende gehienak Azpeitiko parrokirako bisita gidatuan hartu du parte

Azpeitiko Informazio Gunetik pasatu diren bisitarien gehiengoa Kataluniatik etorritakoa izan da

Aurten, ekainetik abuztura bitartean, iaz baio bisitari gehiago hartu dute Loiolako Turismo Bulegoan. Orokorrean iaz baino %10 gehiago izan da; hau da, 8.000 bisitari inguru.

Abuztuan ibili da kanpotar gehien Loiolan. Ekainean 2.053 bisitari etorri ziren Loiolara, uztailean 1.746 eta abuztuan 4.200. Iazko datuekin alderatuz gero, uztailean beherakada gertatu da, baina ekainean bisitari kopurua %14 igo da eta abuztuan %21.

Jatorriari dagokionez, "%54 Espainiako Estatuko bisitariak izan dira eta %18 Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE)", azaldu dute Turismo Bulegoko arduradunek. EAEtik etorritako bisitari gehienak gipuzkoarrak izan direla zehaztu dute. Bestetik, aurten Portugal, Frantzia eta Italiatik ere bisitari ugari heldu da. Europatik kanpoko bisitariak %14 izan dira eta horietatik gehienak Hego Amerikatik heldutakoak.

Bisitari gehienek Loiolako santutegiari buruzko informazioa eskatu dute. Turismo bulegokoek diotenez, gehienak santutegia ezagutzera etortzen dira, baina inguruko baliabideen gaineko ere interesa agertzen dute: "Azpeitiaz, Azkoitiaz eta, orokorrean, Urola bailaraz".

Loiolako Turismo Bulegoa Iraurgi Lantzenek kudeatzen du eta joan den uztailaren 13tik egunero-egunero zabalik eduki dute, goizetan 10:00etatik 13:30era eta arratsaldetan 15:30etik 19:00etara. Igandetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara. Aurten bi lagunek jardun dute lanean Loiolako bulegoan. "Horrek Azpeitiko eta Azkoitiko bisita gidatuak eskaini eta bulegoa egunero irekita edukitzeko aukera eman du, bisitariei zerbitzu hobea eskainiz", diote turismoko arduradunek.

Bisita gidatuak

Aurten abuztuan bisita gidatuak eskaini dituzte Loiolako Turismo Bulegotik. Hiru bisita mota eskaini dituzte: batetik, Azkoitiko parrokia eta gune historikoa ezagutzeko aukera izan da; bestetik, Azkoitia eta Oteizatarren bisita ere eskaini dute; horiez gain, Azpeitiko Soreasuko Sebastian parrokia bisitatzeko aukera izan da. Bisita gidatuetan 263 pertsonek hartu dute parte, "gehienak kataluniarrak eta madrildarrak izan dira". Horietatik % 75ek Azpeitiko parrokiara egin dute bisita; 515ak Azkoitiko parrokia eta gune historikoa; eta, %10ak Azkoitia eta Oteizatarrenen ibilbidea.

Azpeitiko informazio puntua gaur arte

Azpeitiko Udalak aurten ere abuztuan Informazio Gunea jarri du herrian. Aurten, ordea, Plaza Txikian Sindikatu Zaharraren beheko solairuan jarri beharrean, herriko plazan jarri du. Abuztuaren 3an zabaldu zuten Informazio Gunea eta gaur arte egongo da zabalik. Astelehenetan izan ezik, egunero egon da zabalik, asteartetik larunbatera, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara bitartean; eta igandetan, 10:00etatik 13:30era. Aurreko urteko datuekin alderatuz gero, aurten Azpeitiko Informazio Gunean jende gehiago ibili da informazio eske: guztira 500 lagun inguru pasatu dira bertatik.

Azpeitiko Informazio Gunetik pasatu diren bisitarien gehiengoa Kataluniatik etorritakoa izan da, hain zuzen ere %33a. Bisitarien %28,berriz, Euskal Herrikoa bertakoa izan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide