Hegazti itxura duen bisonte hezur bat aurkitu dute Ekaingo kobazuloan

Berria, Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 3a, 18:09

"Garrantzi handikoa da aurkikuntza, Jesus Altuna antropologo eta ikerketa taldeko kidearen hitzetan

Ekaingo margoak Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri azpeitiarrek topatu zituzten, 1969an

Berrogei urte bete ziren iaz Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri Azpeitiko Antxieta kultur elkarteko kideek Zestoan Ekaingo kobazuloa aurkitu zutenetik. Berrogeita bat urte aurten, Rezabalek Albizuriri "hemen zulo bat zegok!" esan zionetik. Barruan zeuden margoak ikusi, eta Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Altuna antropologoen ikerketak heldu ziren gero, baita jatorrizko kobazuloaren erreplika ere. Mendeetan ezkutuan egon ondoren, ezagun eginak dira orduz geroztik bertako zaldi, hartz eta oreinen irudiak.

Orain beste aurkikuntza bat egin dute. Paleolito garaiko beste artelan bat aurkitu dute iaz hasitako azterketa lanetan: hegazti itxurako hezur bat. "Garrantzi handikoa" da aurkikuntza, Altunaren hitzetan. Azken ikerketa lanetan ere aritu da Jesus Altuna.

Bisonte baten saihets hezurrean dago egina hegaztiaren irudia, Altunak Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez. "Oso artelan ederra", antropologoaren hitzetan. Irudiaren egileak moztu egin zuen bisontearen saihetsa lehenik, hari hegazti forma emateko, eta moldatu egin zuen gero haren irudira. "Hegoak, mokoa eta beste ezaugarri guztiak egin zizkion: oso lan txukuna da". Duen garrantzia, baina, ez datorkio arrazoi estetiko hutsengatik. Bakana da pieza, izan ere, Altunaren esanetan: orain arte aurkitu den mota horretako bakarra.

Pirinio inguruan izan da antzerako aurkikuntzarik. Bada animalia itxura emateko landutako hezurrik. Zaldiak, bisonteak eta arrainak dira, ordea, gehienak, eta ez dago Ekainen aurkitutakoaren parekorik. "Lehen aldiz agertu da hegazti itxurako halako lan bat", azaldu du Altunak.

Jadanik ezagun diren 10.000 urte baino gehiagoko margo zaharretan ikerketa metodo berriak probatu nahi zituztelako hasi ziren iaz berriz ere Ekainen azterketak egiten Altuna eta kideak. Hain zuzen ere, lehen ikerketak egin zirenetik berrogei urte bete zirenean. "Margo hauei buruz gehiago jakin genezakeela pentsatu genuen", azaldu du Altunak, eta horregatik ekin zieten berriz azterketei. Dioenez, "oso aurreratuta" dauzkate lanak.

Irudi ez-figuratiboak eta alua

Hezurrean egindako hegaztia da azken kanpainako aurkikuntza nagusia. Paleolito garaiko arteari buruzko nazioarteko kongresu batera joango dira orain hegaztiaren irudia aurkeztera, eta urri aldera azaldu nahi dituzte azken ikerketa lanen emaitzak Euskal Herrian.

1969an, kobazuloa topatu, eta hasieratik bertatik argi ikusi ahal izan zituzten Barandiaranek eta Altunak hormetan margotutako zaldi, hartz eta bestelakoen irudiak. Gerora egin diren ikerketetan, baina, izan da aurkikuntza gehiagorik. 2009an, kasu, kobazuloaren erreplika egiteko lanetan zebiltzala, hainbat irudi ez-figuratibo aurkitu zituzten Altuna eta Koro Mariezkurrena kide zituen lan taldeak, baita alu baten irudia ere hormako txoko batean.

Euskal Herrian den Paleolitoko arte laginik garrantzitsuenetariko bat da Ekaingoa, eta Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen 2008an. Hura babestu ahal izateko, jendearentzat itxita dago, ordea, eta bertan aurkitutakoa ezagutarazteko egin zuten haren erreplika: Ekainberri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide