Herriko azken gizonezko jostunaren erretiroa

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 6a, 13:09

Inazio Urrestilla jostuna bere dendan lanean.

Inazio Urrestilla jostunak irailaren 11n erretiroa hartuko du.

.52 urte eman ditu ofizio horreta lanean eta 42 urte Erdi Kaleko dendan

Inazio Urrestilla herriko azken sastreak edo gizonezko jostunak irailaren 11n erretiroa hartuko du. 2003ko apirileko Uztarria aldizkarian Imanol Elias Odriozola herriko historialariak Urrestillari egindako elkarrizketan azaltzen zuenez, herriko historian hainbat sastre edo gizonezko jostun izan da. Eliasek berak ezagututakoen artean Urrestillaz gainera honako hauek aipatzen zituen: Joxe Mari Sorazabal, Periko Lazkano, Demetrio Egiguren, Eloi Zendoia eta Luis Ibarzabal.

Inazio Urrestillak azkeneko trajea orain dela hamazortzi urte egin zuen. Uztarria aldizkarian dioenez, Epi LarraƱaga herritarrarentzat egin zuen azkeneko lana. Lehen traje hori nori josi zion ere gogoan du Urrestillak: koadrilako Joxe Mari Unanueri. 1992tik ez du trajerik egin, baina bai galtzak edo prakak. Gaur egunera arte hala eskatzen zuten bezeroentzako prakak moztu izan ditu, "josi beste jostun batek egin dizkit, baina moztu beti nik". Dioenez, baditu bezero batzuk neurrira egindako galtzak bakarrik nahi dituztenak: "Ohiturak dira", dio.

Ofizioari nola heldu zion galdetuta, kontakizun zehatza egin du, urteetan atzera begiratuta. Izan ere, garai batean, bera gaztetxoa zela, Azpeitiko herria Arantzazura joaten omen zen erromes. Urrestillaren gurasoak handik bueltan ziren batean, amak zer ofizio ikasi behar zuen galdetu zion. Nonbait amari Arantzazuko Andre Mariak esan omen zion egokiena sastre ikasketak egitea zuela. Orduan hamabost urte zituen Inaziok, eta aitari dendan laguntzen egiten zuen lan. Hortxe, jatorria.

Herrian hasitako ikasketak

Ofizioko lehen urratsak Luis Ibarzabal jostunarekin eman zituen Urrestillak. Hasieran lan zaila ikusten zuen, baina ikasi ahala gogokoa egin zitzaion. Ondoren, Donostian eta Bartzelonako akademia batean egin zituen konfekzio eta ebaketa ikasketak.

Ikasketak bukatu ondoren, arreba batek zuen etxebizitza batean hasi zen lanean. Baina orain dela 42 urte, "beste abentura" batean sartu zen, eta Pepe Irintzailek salgai jarri zuen Erdi Kaleko lokala erosi zuen. Ordutik bertan du gizonezkoentzako arropa denda eta saltokia dena. "Denera 52 urte egin ditut lanean", dio.

Erdi Kalean lanean hasi zenetik "ederki" aldatu dira kalea bera eta kontuak. "Denean aldatu da kalea, denda gehiago zen eta jende piloa ibiltzen zen garai batean. Astearteetan asto-eta guzti, jendea ikaragarri ibiltzen zen kalean. Denda handi horiek kendu diote bizia kaleari eta denda txikiei", dio. Kaleak autoentzako ixteak ere kalte egiten duen ustekoa da Urrestilla.

Erretiroa hartu eta asmatuko omen du denbora non pasatu, "lasai eserita egunkariak irakurtzen egotea ere ez da txarra", dio. Dendan lekukoa nork hartu ere badu, eta horrek lasaitasuna ematen dio: "Guk geurea egin dugu eta orain inportantea denda hartuko duenari dena ondo joatea da".

Luis Alberdi, Beltza , azpeitiarrak hartuko du denda. Uztailetik Inazio eta Juanita senar-emazteekin ofizioa ikasten ari da. Honek dioenez, dendak orain arte izandako ibilbide horri jarraitu nahi dio, "arropa etxe beraiekin lan eginez, jostun igoalekin eta dendari izena mantenduta". Irailaren 11n denda itxi egingo dute berritzeko lan batzuk egiteko, eta urrian zabalduko dute berriz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide