Hainbat ikastaro eta tailer eskainiko dituzte Udalaren Parekidetasun, Hezkuntza eta Gazteria sailek

Uztarria.eus 2010ko ira. 24a, 20:09

Emakumeentzako Jabetze Eskolaren ekintzetan izena emateko epea irailaren 28an irekiko dute

Hezkuntza saileko ikastaro eta tailerretan parte hartzeko bakoitzaren arduradunarekin jarri behar da harremanetan; Gazteria

Aisialdirako askotariko ikastaro, tailer eta hitzaldiak prestatu ditu aurten ere Udalak, 2010-2011 ikasturterako.

Alde batetik Parekidetasun sailaren eskaintza dago, joan den urtarrilean eratu zuten Emakumeentzako Jabetze Eskolatik bideratuko dutena. Urritik maiatzera garatuko diren antzerki eta gitarra tailerrak -Alaitz Olaizolak eta Amaia Garmendiak zuzenduak, hurrenez hurren- dira denboran gehien luzatuko direnak. Azpeitia feminismoaren begietatik. Beste herri eredu baten bidean izenekoa da hirugarren tailerra; hau urrian emango du Zaida Fernandezek. Urrian hasi eta abendura arte luzatuko da, bestalde, Pepa Bojok emango duen ikastaroa: Antzinako emakumeak: gure amandreengandik ikasten. Azkenik, mahai-inguru bat ere prestatu dute urriaren 28rako; beste hainbat udalerritako emakumeen txokoetako ordezkariek hartuko dute parte, Emakumeen txokoa denon artean eraikiz gaiaren inguruan aritzeko. Emakumeentzako Jabetze Eskolaren ekintzetan izena emateko epea irailaren 28an irekiko dute. Udaletxean eman behar da izena, Parekidetasun sailean (943 157928 telefonoa; parekidetasuna@azpeitia.net).

Guztira zazpi dira, berriz, Hezkuntza sailetik proposatu dituzten ikastaroak: chi-kung, puntua, ehoziri-lana, ebaketa eta jantzigintza, eskulanak, marrazki artistikoa eta margolanena, eta Umetxo bat dugu gure bizitzan izenekoa. Hezkuntza saileko ikastaro eta tailerretan parte hartzeko bakoitzaren arduradunarekin jarri behar da harremanetan. Informazio hori udaletxean eskatu daiteke.

Gazteria sailean, azkenik, hiruhileka banatu dituzte ekintzak. Horrela, sendabelarren eta dantza afrikarren ikastaroak eskainiko dituzte urritik abendura; euskal jolas eta kantuena eta ipuinak nola kontatu ikastekoa, urtarriletik martxora; eta lerrokako patinena eta sukaldaritza ikastaroa, apiriletik ekainera. Ikastaroekin batera, hiruhileko bakoitzean hitzaldi bat ematea ere aurreikusten dute: teknologia berrien gainean aurreneko hiruhilekoan, haurren heziketari buruzkoa bigarrenean, eta osasunarekin edota elikadurarekin lotutakoa hirugarrenean. Ekintza bakoitzerako aparteko deialdiak egingo ditu Gazteria sailak. Informazio zabalagoa nahi duenak Gazte Informazio Bulegoan (GIB) aurkituko du (943 157160 telefonoa; gib@azpeitia.net).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide