Aisia, gazteen neurrira

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 27a, 12:09

Urrestillan 0-6 urte artekoentzako lokala estreinatuko dute

Zapo Txoko gaztelekua toki berrian egongo da Urritik aurrera, Izarraitz pilotaleku azpian

Ikasturte berria hasi da, eta herriko haur eta gazteen aisialdiak eta denbora libreak ere ikasturteak ezarritako ordutegia eta martxa hartu du. Hala, Udaleko Gazteria Saileko teknikaria eta hezitzaileak buru-belarri hasita daude lanean. "Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludotekak hilaren hasieratik zabalik daude, Urrestillan ere txikienentzako lokala abian jartzeko pausoak emanda daude, Gazte Informazio Bulegoa ere martxan hasi da eta urriaren lehen hamabostaldian gaztelekua toki berrian irekiko dugu, lehen epaitegia egon den Izarraitz pilotaleku azpiko lokaletan", dio Aloña Larrañaga Gazteria teknikariak.

Txiki-txikienak ikastetxetik irten eta ludoteketan bildu ohi dira. Herrian gisa horretako bi zentro daude, eta erabiltzaile kopuruari dagokionean alde handia dute. Horregatik, neurri batzuk hartu behar izan dituzte hezitzaileek. "Sanjuandegiko Txiki Txokok erabiltzaile asko ditu eta batzuk eskolatik irten eta arratsalde osoa bertan pasatzen zuten. 30-35 haur ibiltzen zen arratsaldero eta askok eguneroko joera hartu zuten. Beraz, horri neurria hartzeko Sanjuandegin arratsaldea bitan banatu dugu eta haurrek ordutegi bat aukeratu behar izaten dute", dio Larrañagak. Iturri Txikin 50-60 bazkide daude eta Txiki Txokon 130 inguru.

"Agendak beteta"

Ikastetxetik goiz atera bai, baina hala ere orduak ondo beteta izaten dituzte haurrek, eta aisialdirako denbora gutxi. Hala dio Larrañagak: "Gaur egun haurrek agendak helduok baino lotuago dituzte, eta askok pentsatu beharra izaten dute noiz joan ludotekara. Eskolatik irten eta aisialdia ia dena beteta izaten dute eskolaz kanpoko ikastaroekin. Hori azken urteotan gero eta nabarmenagoa da".

Urrestillako Herri Batzordearen eskariz, haurrentzako lokal berria ere ireki du Udalak Urrestillan. "Lokal berri horrek adin tartea bereizteko aukera eman digu. Hala, lehendik dagoen gazteentzako lokala 7 eta 14 urte bitartekoentzat geldituko da, eta berria 0 eta 6 urte artekoentzat". 15 eta 18 urte artekoek eskolako lanak egiteko edota ordenagailuak behar dituztenean erabiltzeko aukera izango dute. "Aurreko urteko errealitatea ikusita, adin tarte horretako ia erabiltzailerik ez zegoen Urrestillako lokaletan", azaldu du Larrañagak.

Gurasoak antolatzaile

Urrestillako lokalen antolaketa gurasoen esku dago, baina noizik eta behin dinamizatzaile bat izango dute. "Gurasoek eskatuta, noizik eta behin, bai esku lanak egitera, bai jolasak antolatzera dinamizatzaile bat joango da Urrestillara".

Zapo Txoko gaztelekua ere tokiz aldatu dute. Lehen Damaso Azkue auzoan zegoen eta orain estalitako haur parkearen ondoan dago; hau da, Izarraitz pilotalekuaren azpiko lokaletan. Sarrera haur parketik Santutxora arteko aldapatik du. Oraindik, trasteak alde batetik bestera aldatu eta lokal berria antolatzen ari dira. Urriaren bigarren hamabostaldian irekiko duten itxaropena dute hezitzaileek.

Funtzionamenduaz hizketan

"Orain lokal berria martxan jarri bitartean hezitzaileok barne lana egiten ari gara. Iaz balorazioa eta inkesta egin genituen ikastetxeetan. Orain, jasotako proposamenak kontuan izanda, gazteek zer eskatzen duten eta guk zer eskaini diezaiekegun eta barneko funtzionamendua ari gara aztertzen".

Toki aldaketarekin erdigunera hurbildu direla dio Larrañagak: "Herrira sartzeko balioko digu». Ikastaroei dagokionean, aurtengo ikasturtean funtzionamendu berria izango du. Hezkuntza batzordearekin bat egin eta ikasturte guztirako plangintza egin dute, eta tartean hitzaldiak ere antolatuko dituzte.

Haur eta gazteentzat, aisialdirako eta lagunartean egon eta jolasteko aukera bikaina eskaintzen dute Gazteria hezitzaileek. Baina kezkak eta gabeziak ere ikusten dituzte: "Gazteen lokalen inguruko kezka dago herrian. Gero eta gazteagoak dira lokalak alokatzen dituztenak; 14 urtekoak-eta. Horren inguruan badago eztabaida".

Beraz, nahiz eta asko egin eta eskaini, gehiago egin eta hobetzeko asmoz jardungo dutela diote Gazteriakoek. Orain, urrian gazteleku berria estreinatzea faltako da. Festarekin inauguratu nahi dute lokal berria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide