Mugarik muga

Imanol Elias Odriozola (historialaria) 2010ko aza. 5a, 13:11

Garai batean, sekulako garrantzia izan zuen ekimena jarri du abian Lagun Onak Mendi Bazkunak herriko Udalaren babesean: Azpeitiari itzulia mugarik muga.

Azpeitiko herriak 1552. urtean osatu zituen Ordenantza edo Herri Aginduetan adierazten da herriko alkateen lehen eginkizunetakoa zela lurraldearen mugak ezagutzea, mugarri guztien ikuskizun bat eginda. Beraiekin batera joaten ziren gainontzeko agintariak, eskribauak, pregonaria eta abar, guztiak bere tokian jarraitzen ote zuen jakiteko. Gero, udalbatzarrean adieraziko zituzten aurkitutako akats guztiak.

Horrela jakinarazi zuten 1560ko urriaren 2an, mugarri batzuk erorita zeudela Saño inguruan, Bikuña etxearen lurraldeen ondoan. Esan beharrik ez dago herriak hartu zuen erabakia.

Urteak geroago, 1628an, Jesuitek sortuko zuten agintarien artean nahiko buruhauste eragingo zuen gertakizuna. Aranaga etxea maiztertzan zutenez, Azkoitia eta Azpeitia arteko muga gaindituz azken honen lurraldearen zati bat ere beraiek erabiltzen zuten. Ondorengo urtean erabakiko zuten mugak non jarri bi herrien artean eskritura bat sinatuz.

Bitartean, lehen aipaturiko urte horretan bertan, Errezil eta Beizamarekin mugak ongi finkatu beharra izan zuen herriak.

Azpeitiko agintariek ohikoa izan zuten, urteetan zehar, mugarrien ikustaldia urrian egitea eta, 1649an adierazten zaigunez, 200 errealeko gastua egiten zen langintza horretan, seguruenik janaria eta edaria eramaten zutelako eta, behar bada, zaldi, mando edo astoak ere bai ibilaldi luzeetarako. Guztia herriak ordaintzen zuen, baina urte horretan erabakiko zen agintariek beraiek ordaintzea egiten zuten gastua, askotxo iruditurik urtea joan eta urteak etorri 200 erreal langintza horretan gastatzea.

Nahiko gertakizun ugari sortzen ziren mugarrien ikuskatze bakoitzean. Agintariek egiten zituzten deklarazioetan ikusten dira, baina bakar batzuk aipatzeko, honako hauek jaso ditut:

Azkoitiko herriaren ordezkariekin egin zuten bisitaldia Sistiaga ingurura azpeitiar Frantzisko eta Joan Odriozolak, 1684an. Bertan mugarriak jartzeko asmoa zuten. Irailaren 28an, Azpeitiko herriak Azkoitiko agintariei aurrez sinatutako eskriturari ongi begiratzeko eskatu zien. Toki berean jarraitzen zuten, artean, bi herrien artean aurrez jarritako mugarri zaharrek, baina azkoitiarren erantzunak ez zituen gauzak konponduko. Agintariak urtero aldatzen zirenez, gaia ondoren izendatuko ziren agintarien eskuetan utziko zutela jakinarazi zuten. Azpeitiarrek ere berdin egitea erabaki zuten, baina Sistiaga inguruko mugarriak ez ezik, Loiolako basoak, Uranga, Miranda eta beste zenbait puntutako mugarriak ere ikuskatzeko eskatu zuten. Hurrengo urteko uztailaren 15ean, herritar bereziekin udalbatzarrean bildurik, Azpeitiko herriak akordio batera iristean bi herrien arteko eskritura sinatzea erabaki zuen.

Urtean behin egiten zen gastua gogoan zuten agintariek, berriro ere herriak ordaintzen zuenez, eta 1683ko urriaren 30ean erabaki zuten mugen ikustaldia sei urtetik behin egitea. Erabat ohitura zaharra moztuko zuen erabakia zalantzarik gabe.

Jakinekoa da, gauza guztietan bezala, hurbilenen artean sortu ohi direla eztabaidak eta bakoitzak bere lurraldea zaindu nahirik, Azkoitia eta Azpeitiaren arteko iskanbilarik handiena 1930ean sortu zela aitortu behar da. Txalintxo inguruko mugak izan ziren eztabaiden jatorria.

Azpeitiarrek beraien nahia lortu bazuten ere, 1930eko apirilaren 26an Epaitegi Nagusiak eman zuen sententziaren bidez, zerbait geroago gertatutakoak eragin zuen bi herrien arteko haserrea. 1933ko maiatzaren 30an, esaten denez, mugarrietako hiru behintzat tokitik aterata aurkitu zituzten. Azpeitiko Udalak berriro sartzea erabaki zuen.

Herriko historiari txertatutako ekintza da, beraz Lagun Onak Mendi Bazkunak Udalaren babesean antolatu duena, herriak 700. urtemuga gogoratzen duen honetan eta txalogarria da, benetan, nire ustez behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide