Galtzean ere irribarre egin behar delako

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 9a, 12:12

Iraurgi SBk hirugarrenez antolatu du alebinen Gabon Saria txapelketa

Urduritasunak, garaipenak, porrotak... Kirolak jolas soil izan beharko balu ere, lehiaren itzala beti agertzen da

Nork ez du inoiz entzun garrantzitsuena jolastea dela, eta ez hainbeste irabaztea? Mila aldiz aditu dute hori bera egunotan Gabon Saria txapelketan elkartu diren dozenaka gaztetxok. Iraurgi Saskibaloi Taldeakhirugarren urtez antolatu duen proban, 1999an jaiotako neska-mutilek hartu dute parte, eta kirolaz eta lagunarteaz gozatu ahal izan dute guztiek.

Bederatzi saskibaloi talde aritu dira kopa handiena lortzeko lehian, baina, noski, azkenean garaileak bi bakarrik izan dira: Nafarroako Ardoi taldeko neskak eta Kantabriako Pielagos taldeko mutilak. Baina, atzoko finalaren ostean, bigarrena lehen galtzailea delako ideia baztertzeko, parte-hartzaile guztiek jaso zuten sari bana. Azkenean, Iraurgik bezala, beste saskiabaloi taldeek ere antolatzen dituzten txapelketen helburua "haurrei txikitatik kirolerako grina sortu eta kirola eginez ondo pasa dezaten lortzea da", Iraurgiko entrenatzaile Iurgi Caminosek dioenez. Taldeak elkarren artean ezagutzeko eta harremanak sendotzeko balio dute, pasioa elkarbatnatzeko.

Lehiakortasunak leuntzen

Kirola ona denik ezin uka, baina, taldeko kirolek beti dute lehiakortasun zantzua. "Batzuetan ondo jokatu arren galdu egiten da; besteetan aldiz, gaizki jokatu baina irabazi". Hala zioten atzo nesken jokalari koadrilatxo batek. Garrantzitsuena zer zen galdetuta, "entrenatzailearentzat ondo jokatzea, guretzat ordea irabaztea" erantzun zuten. Dena den, neskatoak ez dabiltza saskibaloian partidak irabazteagatik: "Ondo pasatzen dugu, eta lagunak egiten ditugu. Dibertigarria da", diote.

Entrenatzaileak gogor jarduten dira partidetan. Haserretu, behar bada haserretu egiten dira, eta harmailetan dauden gurasoen oihuen gainetik egiten dute garrasi, jokalariek entzuten diotela ziurtatu arte. Garaipenaren irribarrearen partez, porrotaren malkoak datozenean, haiek dira jokalariak animatzen eta "ez da ezer gertatzen" esaten lehenak.

Gurasoei ikusitakoa egin

Lehiakortasunaz gurasoei galdetuta, onartzen dute badagoela: "Geu gara, askotan, okerrenak", dio ama batek erdi lotsatuta. Eta gehitzen du: "Normala da gero guri entzuten dizkigutenak esatea, edo gugan ikusten dituzten gauzak egitea".

Baina, orokorrean, guztiek ulertzen dute kirola, "maila hauetan behintzat", jolasa dela, ondo pasatzeko, ohitura osasungarriak hartzeko, eta taldean funtzionatzen ikasteko balio duen jolasa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide