"Kultura taldeak bildu edo konektatzeko" bideetako bat, Uztarria koordinakundea

Uztarria.eus 2010ko abe. 15a, 18:12

Huhezi Mondragon Unibertsitateko Fakultateak herri-eskualde mailan Azpeitiko kultur bilgune ohiaren ibilbidea eta filosofia azpimarratu ditu; Euskal Herri mailan, Bertsozale Elkartearena

Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboa Gipuzkoan eta Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak aurkeztu berri ditu

Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 127 elkarrizketa egin ostean —besteak beste, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea (1998-2008) zeneko kideei—, bi txosten aurkeztu berri ditu: Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboa Gipuzkoan eta Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak.

Artikulazioaren garrantzia

Maila desberdinetako artikulazioari garrantzi handia ematen dio Huhezik (Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak, 26-27. orrialdeak):

  • "Euskal kulturgintzako eragile sozialak eta gizarte-erakundeak artikulatzeko pausoak ematea. Artikulazio hau bi mailatan gauzatu beharrekoa da. Batetik, euskal kulturgintzaren esparru bakoitzaren barruan, eta, bestetik, esparru desberdinen arteko eremu orokorrean".
  • "Euskal kulturgintzaren esparru edo adierazpide bakoitzak beren esparrua ekosistema moduan lantzen hastea; transmisioa, sustapena eta jakintza".
  • "Tokian tokiko gizarte-eragileak eta tokian tokiko eragile publikoen indarrak norabide honetan jartzea".

Bertsozale Elkartea eta Uztarria Kultur Koordinakudea

Huhezik Euskal Herri mailan Bertsozale Elkartea famatzen du, honek lortu duelako esparrua artikulatzea: gai-jartzaileak, bertsolariak, bertso eskolako irakasleak eta ikasleak, epaileak, bertsozaleak, hedabideak, adituak...

Herri-eskualde mailan Uztarria Kultur Koordinakundearen ibilbidea eta filosofia azpimarratu ditu (Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboa Gipuzkoan, 44-45. orrialdeak):

  • "Estrategia hauek dira Euskal Herri osorako euskal kulturgintzak garatu ditzakeen estrategia orokorrak: (...) Herrietako kultura talde desberdinak bildu edo konektatzeko esperientziak (Azpeitiko Uztarria edo Hernaniko Kulturola esperientzien bidetik) sustatzea herri eta eskualdeetan".

Dokumentu berean Uztarriaz aurretik dioena —16. orrialdea—:

  • "Badira hainbat esperientzia interesgarri eta eredugarri izan daitezkeenak, hala ere. Herrien planoan, Azpeitiko Uztarria kultur taldea, adibidez. Hamar urteko epean, herriko kultur taldeen koordinakunde bat egitea lortu du, eta horrekin, taldeak eta jendeak elkar ezagutzea, programazio koordinatu bat eskaintzea, taldeen azpiegitura eta laguntzen diagnosi bat egitea eta euskal kulturaren barneko sentimendua zabaltzea. Hori guztia herri ekimenetik egin izan da. Azken urratsa kultur mahai bat eratzea izan da, non kultur ordezkariak eta udalekoak, berdinetik berdinera, biltzen dituen. Uztarriako eragileak premisa oso esanguratsu batetik abiatu zuten prozesu hau guztia: Azpeitian euskaldun asko dago baina euskaltzale gutxi. Euskara erdigunean jarrita, estatus politiko jasoa eman nahian aritu dira. Kultur koordinakundea, bere lana beteta, orain bi urte desegin egin zen. Orain, Uztarria hilabetekaria da, baina baita webgune bat ere. Beharbada, herri zein nazio mailako webguneetan, arrakasta handienetakoa erdietsi duena".

Enekoitz Esnaolaren hitzaldia otsailaren 23an Eskoriatzan Uztarriaz

Lorea Agirre da Huheziren txostenon egileetako bat (Jon Sarasua da besteetako bat), eta joan den otsailean Uztarria koordinakundeko bi kide ohi elkarrizketa zituen: Iban Arregi eta Enekoitz Esnaola (orduko albistea).

Enekoitz Esnaolak berak, duela bi hilabete iragarri genuen bezala, Uztarria koordinakundeari buruz Huheziren Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan hitzaldia emango du 2011ko otsailaren 23an, Eskoriatzan. Oinarrigintza. Esperientzia eredugarriak izenburua eman dio Huhezik saioari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide